Herritarrek airearen kalitateari buruzko kexak agertu ondoren, Durangoko bentzeno kantitatea «gehiegizkoa» zela ondorioztatu zuen airearen kalitatea neurtzeko Eusko Jaurlaritzaren unitate mugikor batek, 2017an; Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak ziurtatu zuenez, baina, orduan jasotako datuek airearen kalitateari buruzko Europako araudia errespetatzen zuten. Hain justu, legediaren arabera, metro kubikoko bost mikrogramotan dago urteko batezbestekoaren muga, eta Durangoko neurketek ez zituzten parametro horiek gainditzen. Hala ere, une jakin batzuetan metro kubikoko 760 mikrogramo eta ehun mikrogramo ere neurtu ziren. Usain txarren eta kutsaduraren inguruko kezkak hedatuz joan ziren, eta bentzeno kantitatea gutxitzeko neurriak hartzea erabaki zuen udalak. Emaitzak positiboak izan dira: 2021ean 5,75 μg/m3-ko mailara heldu zen bentzeno kantitatea, eta iaz, 1,12 μg/m3-ko mailara jaitsi.
Azken urteotan, zehazki, Euskal Herriko beste eremu batzuetan baino nabariagoa izan da kutsadura Durangon. Egoerari behar bezala erantzuteko, bentzeno kantitate handi horren jatorria zehazteko azterketa abian jarri zuen Tecnalia enpresak, eta jakinarazi zuen «prozesu industrialen» ondorio dela. Airearen kalitatea hobetzeko helburuz, beraz, Durangoko Fumbarri enpresan karbono aktiboko hainbat iragazki jarri zituen Durangoko Udalak 2021ean. Oro har, iragazki horiei esker gutxitu da bentzeno kantitatea, eta, udalak baieztatu duenez, airearen kalitateak «aise» betetzen du orain ingurumen araudia. San Roke plazan nabaritu da, bereziki, airearen kalitatearen hobekuntza.
Lortutako emaitzei erreparatuz, Fumbarri enpresarekin batera garatutako plana amaitutzat eman du udalak: airearen kalitatea neurtzeko furgoneta kendu zuen abenduan, eta hidrokarburo kantitatea zehazteko neurgailua kentzeko asmoa ere badu. Airearen kalitatea neurtzen jarraituko du Zabalarra eskolan dagoen behatokitik: zenbat bentzeno, SO2, NO2 eta ozono troposferiko dagoen zehaztu ahal izango dute bertatik.
Zarataren aurka
Durangoko herritarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz, gainera, zarata murrizteko bost urteko plan bat garatu du udalak. Herritarren parte hartzearen bitartez zehaztutako proposamena da, eta, guztira, seiehun biztanlek bete dute plana definitzeko inkesta. Horrez gain, aurrez aurreko hiru eztabaida saiotara joateko aukera izan dute biztanleek.
Idatzizko eta ahozko eskaerak kontuan hartuta, hainbat neurri zehaztu dituzte durangarrek. Alde batetik, hirurogei dezibeletik gorako zarata duten eremuetan jarriko dute arreta; batez ere, osasun eta hezkuntza zentroak dituzten horietan. Beste aldetik, Durangoko alde zaharra zaratarik gabeko gune izendatzeko asmoa dute. Lasaiak diren herri horretako hamar auzo behar bezala zaintzeko helburua ere ezarri dute.
Epe laburreko eta epe luzeko neurriak biltzen ditu planak, eta, kezkarik izatekotan, alegazioak jartzeko aukera izango dute herritar guztiek martxoan zehar. Udalak guztiak irakurriko ditu, eta horietan oinarrituko da zarataren aurkako plana aurkezteko. Oraindik ez dute zehaztu noiz emango duten horren berri.