Bilboko Zenbat Gara elkarteak Jose Arrueren beirate bat eman dio dohaintzan Bilboko Arte Ederren Museoari. Ene… zelako saskilak! du izena artelanak, 1920-1923 urteen inguruan ondu zen Bartzelonako Rigalt, Granell y Cia lantegian, eta ezezaguna izan da orain gutxira arte, elkarteak hura berriztatzea erabaki zuen arte. Ia bi metro luze eta zabal da beiratea, eta euskal hondartza bateko eszena bat erakusten du: bainulari batzuk agertzen dira, bainujantzitan, eta, haien aurrean, emakume bat, kaleko jantzita, haur bat duela helduta, magalean, hura babesteko keinua egiten. Javier Novo museoko Kontserbazio eta Ikerketa saileko koordinatzailearen arabera, agerikoa da konposizioaren izaera komikoa, zeina Arrueren obren ezaugarrietako bat izan baitzen, eta joera hori nabarmena da neskatxarekin dagoen baserritarraren eta bainularien jokabidearen arteko «talka kulturalean».
Eszena horrek betetzen du beiratearen erdigunea; haren inguruan, ikonografia oparoa ipini zuen Arruek: arrainak, izarrak, itsas zaldiak, zefalopodoak, dortokak eta itsasoko beste hainbat izaki daude iskinetan, eta bi sirena paratu zituen beheko plafoian. «Beirategiko sinbologia Eba modernoaren kontzeptuarekin lotzen da», Novoren berbetan. Koordinatzailearen arabera, artelanak Japoniako estanpen eragina dauka, hala irudietan eta koloreetan, nola sakontasun planoak banatzeko moduan. «Animalien banaketa zainduari eta berunezko egitura txertatzeko modu harmonikoari esker, euskal artearen adibide bikaina da».
Jose Arrueren beiratea, zaharberritu ostean. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Dohaintza bat izan da, baina baita berreskuratze bat ere, hamarkada luzez ezezaguna izan baita Arrueren pieza. 1980ko hamarkadaren hasieran, helduen euskalduntzeak eta euskalgintzak Bilboren erdigunean egon behar zutelako usteak hauspotuta, Gabriel Aresti euskaltegiak pisu bat erosi zuen hiriburuko Kale Nagusian, 24. zenbakian —Zenbat Gara elkartearen parte da euskaltegia—. Aurreko jabeak ez zien beiratearen berri eman, Isa Zelaia euskaltegiko irakasleak gogoratu duenez, baina beiratea han zegoen, etxearen sarreran.
XX. mende hasierako eta lehenagoko eraikinak daude Bilboko kale horretan, eta aberatsenak izan dira asko, Zelaiak nabarmendu duenez; hortaz, litekeena da beiratea ere aberatsen baten jabetzakoa izan izana. Zalantza eduki zuten beiratearekin, ez baitzekiten zer jatorri zuen, ezta nork egin zuen ere. «Gutako batzuek esan zuten agian balioa eduki zezakeela, beiratea konpondu beharko litzatekeela…». Baina urteak joan ziren, eta, etxearen sarreran zegoenez eta denek ikusteko moduan kokatuta, panel gisa erabili zuten, euskaltegiko propaganda eta jakinarazpenak zintzilikatzeko batik bat.
Zaharberritzea, gako
2015ean, baina, Kale Nagusiko egoitzan obra handi bat egin zuten, eta beiratearekin zerbait egiteko aprobetxatu zuten. Gasteizko Mikel Delika zaharberritzailearekin jarri ziren harremanetan. Izan ere, beiratea lau zatitan banatuta zegoen, eta pieza nagusiaren beheko panela jatorrizko euskarritik desmuntatuta zegoen; zikin ere bazegoen, aurreko eta atzeko gainazalek substantzia geruza trinkoa baitzuten. Delikak bi alboetako beheko aldea lehengoratu zuen, eta zalantzak uxatu zituen: beiratea Jose Arruek sinatuta zegoela ikusi zuen, eta lantegiaren izena ere idatzita zegoela. Elkartekoei jakinarazi zien balio handiko pieza zela.
Hori horrela, bi urte inguruko zaharberritze lanen ondoren, Delikak esan zien beiratearen tokia Bilboko Arte Ederren Museoa zela, eta elkarteko kideek ez zuten haren gomendioa eztabaidatu. Museoko Diseinu eta Arkitektura kontserbatzaile Guillermo Zuaznabarrekin harremanetan jarri ziren —artelana saltzea zen beste aukeretako bat, baina elkarteko kideek ez zuten nahi, Zelaiak esan duenez—, eta beiratea museoari eskaintzea deliberatu zuten. Hala, museoak bere gain hartu du Delikaren lanaren kostua —3.000 euro inguru—, eta bertoko zaharberritzaile taldeak beste egokitzapen batzuk egin dizkio, Iberdrola-Museoa kontserbazio eta zaharberritze programaren barruan. Trukean, Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleek eta irakasleek aukera izango dute museoko erakusketen inguruko bisita gidatuak jasotzeko, euskaraz.
jakingarriak
Beiratearen izena: Ene… zelako saskilak…!.
Egilea: Jose Arrue (Bilbo, 1885-Laudio, Araba, 1977).
Urtea: 1920-1923 inguruan.
Lantegia: Bartzelonako Rigalt, Granell y Cía.
Neurriak: 190 x 181,5 zentimetro.
Materialak: Beira eta beruna.
Non ikus daiteke: Bilboko Arte Ederren Museoan. Zenbat Gara elkarteak eta Gabriel Aresti euskaltegiak dohaintzan eman zuten iaz.