Bizkaian, txakolinari lotuen dagoen herrietako bat da Bakio, eta Bakion txakolin beltza egon izan da sustraituen. Azken hamarkadetan, zuria nagusitzearekin batera, haren itzalpean geratu da beltza. Baina bakiotarrek, kopuru apalagoetan bada ere, beltza ekoizten jarraitzen dute. «Gure nortasunaren parte da», esan du Bakioko Zabala upategiko ugazaba Iratxe Eguzkizagak. Horregatik, txakolin berriaren aurkezpen ekitaldian Bakioko txakolin beltza aldarrikatuko dute aurten bereziki. Oraingoan San Jose eguna ez denez jai, etzi egingo dute azoka berezia, domekaz.
Goiz osoan zehar, baserriko produktuak erosteko aukera egongo da Zubiaurren ipiniko dituzten postuetan. 12:30 aldera aurkeztuko du txakolin berria Jose Angel Iribar Athleticeko atezain izandakoak. Eguzkizagaren esanetan, Bizkai osoan pertsonaia «maitatua» delako aukeratu dute. «Apala da, langilea, eta, adinean aurrera egin duen arren, ez dio utzi denontzako erreferente izateari».
Bizkaiko Txakolina sor-markako kide diren herriko hiru upategiek 130.690 litro txakolin ekoitzi dituzte —Zabalak, Abiok eta Gorrondonak—, Bakioko Udalak emandako datuen arabera; 2022ko uztan baino ia 35.000 gutxiago dira. Horien lagun bat dastatu ahal izango da asteburuan: domekako azokan, baina baita Txakolingunean egingo diren dastatze berezietan ere: Bakioko txakolin beltz tradizionala, gehien hedatua dagoen zuria, eta gorria ere bai.
Eguzkizagak kontatu duenez, upategian ikustean txakolin beltza ere salgai dute, eta askok galdetzen diete ea txakolinaz gain ardoa ere saltzen duten. «Ez, txakolin baltza da, gurea, betikoa». Etxean nagusiei entzuna die garai batean mahats beltza erabiltzen zutela, gogorragoa zelako eguraldi txarrari eta gaixotasunei aurre egiteko, azal gogorragoa duelako. «Txakolina izena hartzen hasi zenean, zuria izan zen indartsuena. Orduan, Bakion ere, zuriarekin hasi ziren», gogoratu du. Merkatuaren eskaerei erantzunez, zuria gailendu zitzaion beltzari. Baina Bakion ekoizten jarraitu zuten, eta, azkenaldian, handik kanpo ere, Bizkaiko Txakolina sor-markako beste upategi batzuetan ere hasi dira ekoizten. Horregatik, aurten, Bakion, haienean sakon errotutako txakolina dela azpimarratu gura dute.
Tabernetan ez da ohikoa izaten txakolin beltza topatzea. «Ez da edaten ez dagoelako, ala ez da egoten ez delako eskatzen?», galdetu du Eguzkizagak. Esan duenez, badira txakolin beltzaren zaleak, eta nahiko fidel eusten diote kontsumoari. Horiek zuzenean upategietara joan ohi dira erostera. Zuzeneko salmenta egiten dute Zabalakoek. Haiena upategi txikia denez, ekoitzitako dena saldu ohi dute. Herrira mugatzen da, hein handi batean, beraien ekoizpena: tokiko kontsumoaren alde egiten dute, eta kontsumitzaile gehienak Bakio eta inguruetako taberna eta jatetxeak dira.
«Lotu egiten da gure jarduera herriagaz, herriko jai bategaz. Bezeroakaz hartu-eman zuzena ematen digu. Nahiz eta lan egin behar, guretzat ere jai eguna da».
IRATXE EGUZKIZAGA Bakioko Zabala upategiko ugazaba
Eguzkizagak azaldu duenez, eredu horrek abantailak ditu ekoizleentzat. «Gaur egun protestan dabiltzan nekazariak kexatzen diren gauza horietaz aldentzen ahalegin gara. Batzuetatik ez dugu lortu; burokrazia, adibidez, denontzat da, nahiz eta familia enpresa txiki bat izan. Horretaz ezin gara libratu. Baina, behintzat, bitartekariak kenduta, nahiz eta lan asko egin behar, irabazi gehiena guretzat da. Ez dugu partekatu behar bitartekariekin». Modu horretan, txakolina ekoiztea errentagarria dela esan du.
Bitartekari faltan, ezinbestekoa dute produktua ezagutzera ematera. Bakioko txakolinari erakusleiho bat ematen dio San Jose jaiak, Eguzkizagaren esanetan. «Lotu egiten da gure jarduera herriagaz, herriko jai bategaz. Bezeroakaz hartu-eman zuzena ematen digu. Nahiz eta lan egin behar, guretzat ere jai eguna da. Ez da eguneroko lan gogor hori». Egun eder bat izaten da, Zabala upategiko ugazabaren esanetan. Girorik ez da faltako. Azokaz gain, txistularien kalejira eta Itxas Alde dantza taldekoek ikuskizuna ere izango dira, goizean zehar. Eta, zelan ez, txakolin berria dastatzeko aukera.
Ohiko graduazioa
Eguzkizagak esan du ez dakiela zehazten zein ezaugarri dituen. «Oso freskoa» dela nabarmendu du, ohi bezala. «Oso gozo dago; erraz edaten da». Hala ere, iazkoarekin alderatuta, badu berezitasun bat graduazioari lotuta. Kontatu duenez, eguraldiak ez zien gehiegi lagundu 2022an. Oro har, azken urteetan klima aldaketarekin «asko sufritzen» dute ekain aldean eta irailean: «Negurik ez dagoenean, landareak goizago hasten dira hazten, eta, igual, negua ekainean etortzen da, loratzen direnean. Mahatsa batzeko orduan ere, inoiz ez dugu jakiten noiz izango den: lehenago, geroago… Batzuetan korrika eta presaka hasten gara batzen alkohol gehiegi hartzen dagoelako. Hori pasatu zen 2022ko uztan». Zabalakoek normalean txakolina egiten dute mahatsa 12,5 gradura heltzen denean. Baina 2022an 13,5 gradukoa irten zitzaien. «Aurten bueltatu gara gure normaltasun horretara».
Hala ere, irailean arineketan ibili ziren. Azken urteetan, iraila hilabete ona izaten da ekoizleentzat eguraldi aldetik: «Lasaitasuna eta ondo kontrolatzeko aukera ematen digu». Iaz, ostera, ondo hasi zen, baina gero euria gogotik bota zuen, eta euria oso arriskutsua da. «Batu genuen arineketan, ahal izan genuen arinen, eta, horri esker, aurten, ostera ere, 12,5 graduko txakolina egitera bueltatu gara».
%1
Txakolin beltza. Azken urteetan txakolin beltza berreskuratzeko ahaleginetan dabiltzan arren, Bizkaiko Txakolina sor-markako upategiek ekoizten dutenaren %1 inguru baino ez da izaten mota horretakoa.
Oro har, udaberrian hasi eta udazkenera arte, txakolin ekoizleak zerura begira egon ohi dira. 2022ko udan sikate handia egon zen; iazkoan, ez. «Ekainean urduri ipini ginen, baina gero uzta ona eduki dugu». Gogoratu duenez, uda «arraroa» izan zen: eguzki gutxikoa. «Eguzki faltak ere ez du onik egiten. Zorionez, gero etorri ziren hamabost egun eguzkitsu, eta ondo. Oreka hori lortzen den adi egoten gara. Hori izaten da gure beldurra, baina ez dago gure esku».
2023koa, ostera, uzta ona izan da, baina ez leku guztietan. Bizkaiko Txakolina sor-markaren barruan ere tokiaren arabera berezitasunak daude. «Bakion eta, oro har, kostaldean, normalean gauzak ez dira hain gogorrak izaten. Leku askotan udan inatazia egin zuen. Hemen, Bakion, leku batzuetan, bai, baina gure lurretan, adibidez, ez».
Etzi eguraldia ez da arazo izango, karpa handi bat ipini ohi duelako udalak txakolin berriaren aurkezpena egiteko. Euririk egingo balu, haren babespean dastatu ahalko da Bakioko mahastiek iaz sortutako muztioa.
BAKIOKO SAN JOSE JAIAK
GAUR.
19:00. Umorezko bakarrizketak, Txakolingunean.
20:00. 24 orduko pala txapelketa, frontoian.
BIHAR.
13:00. 24 orduko pala txapelketako finala, frontoian.
18:00. Bakioko txakolinaren dastatze marraztua, Txakolingunean.
18:00. Aurkitu gabeko altxorra Zirika Zirkusen familia ikuskizuna, kiroldegian.
20:00. Elektrotxaranga, Sabino Arana etorbidetik.
21:00. Sanjoseetako 47. idi probak.
ETZI.
10:00-15:00. Doako bisita gidatuak Txakolingunera.
10:30. Azokaren irekiera.
11:00. Kalejira txistulariekin, Ondarretik frontoira.
12:30. Txakolin berriaren aurkezpen ekitaldia.
19:00. Zesta punta partida: Ihart-Maialen / Elaia-Frida.
ASTELEHENA, MARTXOAK 18.
18:30. Ganado o desierto dokumentala, Txakolingunean.
21:00. Sanjoseetako 47. idi probak.
MARTITZENA, MARTXOAK 19.
12:00. San Jose eguneko meza nagusia, Andra Mari elizan.
13:00. Pintxo potea, Gure Etxean.
17:30. Talo tailerra, frontoian.
21:00. Sanjoseetako 47. idi probak.