Gerediaga elkartearen zereginetako bat da Durangaldeko historia eta ondarea ikertu eta hedatzea. Asmo horrekin hainbat proiektu eta jarduera bultzatzen ditu: ondare jardunaldiak, argazki artxiboa, Astola aldizkaria eta urtean zehar egiten dituzten beste hainbat jarduera. Orain beste pauso bat eman dute; Garaia izeneko Interneteko ataria sortu dute eskualdearekin lotura duten ikus-entzunezkoak bildu eta eskuragarri jartzeko. Garaia.gerediaga.eus helbidean dago. Durango 1936 kultur elkartea, Otxandioko Andikona 1936 eta Zaldibarko Castet elkartea dira Gerediagaren bidelagunak proiektuan.
Oraingoz, bi atal nagusi ditu Interneteko plataforma berriak. Batetik, Durango 1936 elkarteak —memoria historikoa lantzen du— egindako testigantzen bilduma dago ikusgai. Abadiñon, Atxondon, Berrizen, Durangon, Elorrion, Garain, Iurretan, Izurtzan, Mañarian, Otxandion, Zaldibarren eta Zornotzan egindako elkarrizketak ikus daitezke. Hainbat gai lantzen dituzte: gerraurrea, gerraren bilakaera, bonbardaketak, errepresioa, kartzela, militantzia, frankismo osteko lehen urteak…
Markel Onaindia kazetaria arduratu da azken hogei testigantzak editatzeaz eta atarira igotzeaz. «Aurretik lan mardul bat egin da. Durango 1936 elkarteak ikerketa lan itzela egin du 2007tik hona, eta 150 testigantza jaso ditu», esan du Onaindiak. Hori izan da abiapuntua, eta Gerediagak orain Durango 1936k emandako lekukoa hartu du. «Lan horri balioa emango zaio, sakondu egingo da, eta, Gerediagaren bitartez, beste esparru eta arlo batzuetan zabalduko da».
«Lan mardul bat egin da. Durango 1936 elkarteak ikerketa lan itzela egin du 2007tik, eta 150 testigantza jaso ditu».
MARKEL ONAINDIA Kazetaria
Beste atala Iurretako kofradien historiari eskainita dago. Iaz argitaratu zuten argitalpen bat da abiapuntua; kasu honetan. Jon Irazabal historialariak Erdi Arotik 1970eko hamarkadara artekoa aztertu zuen, artxiboetan arakatuta. Onaindiak ordutik gaur arteko urteak ikertu zituen; horretarako, kofradiekin lotutako hamabost lagun elkarrizketatu zituen iaz, eta ikus-entzunezko formatuan grabatu zituen lekukotzak. Horiek daude orain ikusgai Garaia-n.
Onaindiak esan duenez, atal monografiko gehiago sortzeko aukera zabalik dago, eta espero dute aurki ikerketa bati lotutako bat martxan jarri ahal izango dutela. «Durango 1936ren eta kofradien atalak testigantzekin osatuta daude, eta, seguruenik, laster antzeko beste bilduma bat egongo da ikusgai, hori ere lekukotzetan oinarrituta».
Durango 1936koek egindako elkarrizketak elkartearen beraren webgunean egon dira ikusgai lehendik ere. Baina Garaia-ra pasatuta hedapen zabalagoa emateko aukera izango dutela iruditzen zaie. Ikus-entzunezko plataformek hartu duten indarra ikusita, Gerediagari landu beharreko arloa iruditu zaio.
Sortzaileen lanak
Atalka antolatutako ikerketa lan horiek ez dira izango Garaia osatuko duten bakarrak. Atariaren beste oina eskualdeko sortzaileek egindako ikus-entzunezko lanak izango dira, Onaindiak aurreratu duenez. Hori sortzeko lanetan ere badabiltza; hura dabil dokumentalak aukeratzen. Garaia-n ikusgai egoteko, bi baldintza nagusi bete beharko dituzte ezinbestean: Durangaldearekin lotura izatea gaiak, eta sortzailea ere eskualdekoa izatea.
Ekoizpenak gaur egungoak edo aspaldi egindakoak izan daitezke —azken horiek digitalizatu egingo dituzte—. Onaindia dabil lanen aukeraketa egiten. «Ikusten ari gara lan interesgarriak ekoitzi direla Durangaldean. Batzuk dagoeneko Youtuben dauden ikusgai, eta beste batzuk ezin daitezke inon ikusi edo plataformaren batean topa daitezke. Horregatik, gure asmoa da denak batu eta jendearen eskura jartzea», azaldu du kazetariak. Modu horretan sakabanatuta egonda baino irismen handiagoa izan dezaketela uste dute Gerediagakoek.
Onaindiak adierazi duenez, ikus-entzunezkoen arloan dabiltzan sortzaile asko dituzte eskualdean. Haiei eskainitako atala martxan jartzen dutenerako, espero du hogei bat dokumental izango dituztela. Eta, gero, gehiago batuko zaizkie.