«Bizitza osoa» darama arte munduan Zorion Egileor aktoreak (Mundaka, 1946). Hala ere, bereziki, El Hoyo filmari esker lortu zuen arrakasta mundu osoan (Galder Gaztelu-Urrutia, 2019). Silver Film Festival jaialdiak omenaldia egin nahi izan dio, eta, horregatik, Zorion Egileor ezagutzen ekitaldia egingo dute asteartean, Bilborock aretoan, 19:00etan: Arnasa film laburra proiektatuko dute, eta, haren ondotik, aktorearekin solasaldia egingo dute.
Zer esan nahi du zuretzat zuri buruzko ekitaldi bat egiteak Silver Film Festival jaialdian?
Oso eskertuta nago. Arnasa film laburra ikusteaz gainera, gazteekin tarte batez hitz egiteko aukera izango dut, eta gogotsu nago haien kontuak eta kezkak entzuteko.
Nola daramazu arrakasta?
Ondo. Egia esan, kostatu egin zitzaidan horretara ohitzea, baina poztasun itzela ematen du. Zure lana ondo egin duzun erakusle da, nolabait, eta jendeak balioa ematen dio.
Nolatan hasi zinen aktore lanetan?
Gure familia betidanik egon izan da arte munduari lotuta: musikari, antzerkiari… Nik neuk 18 urterekin eman nuen izena herriko antzerki taldean, eta ordutik martxan nabil. Berez, irratian egiten nuen lan, kazetari gisa, baina, bitartean, gauza asko egin ditut arteari lotuta nire ibilbide osoan.
Zein arte diziplinatan aritzen zara erosoen?
Antzerkian. Sekulako esperientzia da: jendea aurrez aurre daukazu, haien feedbacka berehala jasotzen duzu, zuzenekoa da… Berezia da. Bestelako arte diziplinak ere asko gustatzen zaizkit, egia esan. Guztiek dituzte alde on eta txarrak, eta horregatik atsegin ditut.
78 urte izan arren, lanean ari zara oraindik ere.
Bai, noski. Burua argi daukat gidoiak ikasteko, eta fisikoki ere ondo nago. Beraz, aurrera.
Zer duzu esku artean orain?
Gauza asko. Astelehenean film bat grabatzen hasi ginen Gasteizen, eta gidoi horrekin nabil oraintxe. Baina, horrez gainera, bi telesail ditut estreinatzeko, eta beste pelikula bat ere bai. Bestalde, Ramon Barearen film labur polit bat ere grabatu dut oraintxe.