Kazetaritza izan du urte luzez ogibide Iker Udaondo bilbotarrak; modak, baina, arreta eman dio gaztetatik. Duela bederatzi urte, zehazki, bide horri jarraitzea erabaki, eta Customeus atelierra ireki zuen Bilbon. Kaleko zapaten diseinuak sortzen zituen hasieran, baina laster deskubritu zuen nahiago zuela ezkongaientzako eta horien gonbidatuentzako zapatak neurrira diseinatu. Zerbitzu hori eskaintzen du oraindik ere, eta, haren «proposamen berritzaileari» esker, ekintzaile onenaren saria eman zion Eusko Jaurlaritzak iaz.
Zergatik erabaki zenuten atelier bat irekitzea?
Bezero bakoitzari egokitzen zaion zerbait egin nahi genuen, ordura arte Euskal Herrian eta inguruetan ezagutzen ez zena. Pasioz egiteko zerbait izan behar zuen, eta kalitate handiko zapatak neurrira diseinatzeko erabakia hartu genuen.
Hasiera konplikatua izan zen. Zergatik?
Normalean, zapatak eskuz egiten dituztenek zaharkitutako pentsamenduak dituzte. Pila bat kostatu zitzaigun ulertaraztea negozio arrakastatsua izango zela, eta ideia benetan ona zela. Behin eta berriz konbentzitzen saiatzeko, asko bidaiatu behar izan genuen Toledora [Espainia], Alacantera [Herrialde Katalanak]… Izan ere, Bilboko jendeari kostatu egiten zitzaion kontzeptua ulertzea: ez zegoen prest 150 edo 200 euro ordaintzeko neurrira egindako zapata batzuengatik.
Merkatu zaila bazen, zergatik erabaki zenuten zapatak egitea?
Zapatak asko gustatzen zaizkigulako, noski, eta horren falta zegoelako. Jostun eta arropa diseinatzaile ugari daude Euskal Herrian, baina ez dago zapata diseinatzailerik. Uste dugu, gainera, merkatuan kalitate gehien galtzen ari den produktua dela, eta guk eskaintzen ditugun zapatak aspaldian ikusi ez diren horietakoak dira: eskuz josita daude, barne zola erosoak dituzte, larruzko zolak egiten dizkiegu, eta benetako belarriak dituzte, onak.
Non ekoizten dituzue?
Tailer propioa dugu orain, Alacanteko familia batena. Jabeak gazteak dira, eta euren gurasoen fabrika hartu dute. Eskuz egiten ikusi eta ikasi dutena guretzako egiten dute orain: banaka egiten dituzte zapatak, bakoitzak behar duen neurri, kolore, material eta takoiarekin. Gure filosofia bera dute, eta oso jasangarria da dena: erosten duguna besterik ez dugu fabrikatzen, eta hornitzaileak herri horretan bertan daude.
«Takoiak erabiltzeko ohiturarik ez baduzu, ez dizugu utziko hamar zentimetroko zapata batekin ateratzen, gero esango baituzu ez zaudela eroso»
Nolakoak dira gehien eskatzen dizkizueten diseinuak?
Oina ondo eusten duten sandaliak eta puntadun zapatak, zortzi zentimetro inguruko takoia dutenak. Takoiek lodiak izan behar dute, noski, eta plataformarekin. Kolorea asko aldatzen da, norberaren gustuen arabera. Nik beti esaten dut Customeuseko zapata pare bakoitzak istorio bat duela, bezero bakoitzaren xarmagatik eta nortasunagatik. Guri, zehazki, Sarah Jessica Parkerren eta Manolo estiloko zapatak gustatzen zaizkigu, baina badakigu hori ez dela eguneroko errealitatea.
Zein da zuen indargunea?
Oso tematiak gara erosotasunarekin. Takoiak erabiltzeko ohiturarik ez baduzu, ez dizugu utziko hamar zentimetroko zapata batekin ateratzen, gero esango baituzu ez zaudela eroso. Burugogor jartzen bazara, gainera, ez dizut enkargua hartuko. Guk nahi duguna da esperientzia ahalik eta hoberena izatea.
Zenbat balio dute egiten dituzuen zapatek?
Atelier ekonomikoenen artean dago Customeus, bitartekaririk ez duelako. Zapata pare batek 290 eta 350 euro artean balio du. Euskal Herriko pertsona ezagun asko etortzen dira hona, eta Euskal Herritik kanpoko bezero asko ere baditugu. Aurten, zehazki, Japoniako, Estatu Batuetako eta Italiako ezkongaiak etorri dira.
Arrakasta ikusita, beste Customeus bat irekitzea pentsatu duzue?
Ez dakigu. Egia da gero eta langile gehiago ditugula, eta inbertsioak egiteko garaia dela guretzat. Customeusen xarmari eusteko, ordea, guk egon behar dugu dendan. Guk diseinatu dugu osorik, eta dekorazioa oso berezia da. Aparteko magia eta usaina ditu, baita gramofono batetik irteten den musika ere. Erakusleihoan, gainera, karrusel bat dago. Hori guztia errepikatzea oso zaila izango litzateke, ezinezkoa ia.