Memoria historikoa, natura eta arte modernoa nola uztar daitezkeen ondo daki Victor Arrizabalaga margolari eta eskultoreak (Mañaria, 1957). Angurreta Harrobia kultur elkartearekin batera, Mañariko harrobia eraberritzeko proiektuari ekin zion 2018an, eta, gaur egun, arte garaikidea lantzeko eta erakusteko gune bihurtu da.
Urkiolako parke naturaletik metro gutxira dago harrobia, Eskubaratz, Saibigain eta Mugarra mendiek inguratuta. 1974. urtean, Mañariko harrobia ustiatzeari utzi zioten, eta 2018ra arte, hutsik egon zen. «Lekua berreskuratu nahi genuen, bestelako behar batzuk betetzeko», esan du Arrizabalagak. Era berean, azaldu du halako espazio baten beharrizana zegoela eskualdean: «Gure ustez, Durangaldean eta Euskal Herri osoan badago behar berezi bat: praktika artistiko berrientzako leku egoki bat behar da. Normalean, galerietan eta museoetan egiten dira erakusketak, baina praktika artistiko berriek, instalazioek, eskulturek, performanceek, dantza garaikideak, musika berriak… behar dituzte bestelako leku batzuk».
Arrizabalagak «leku magiko» gisa difinitu du Angurreta harrobia: «Abangoardiako teorikoek esaten zutena mamitu dugu: bizitza eta natura uztartu ditugu». Elkartearen helburua beti izan da harrobiaren historia eta nortasuna bere horretan mantentzea, bestelako funtzio batzuk emanez.
Lekuaren garrantzi historikoa ez aldatzeko, elkarteak erabaki zuen harriak lekuz ez mugitzea. Izan ere, «oso interesgarriak» direla uste du Arrizabalagak, izaera berezi bat ematen diotelako guneari: «Mañariko harrien lorategia deitzen diogu harrobiari, lorategi baten antza daukalako, baina harriz eginda dagoelako».
Japoniatik Mañarira
Tadanori Yamaguchi artistak (Japonia, 1970) iazko maiatzean estreinatu zuen Denboraren aztarna izeneko erakusketa, Angurreta Harrobia elkarteak antolaturik. Arrizabalagaren ustez, «oso proiektu indartsua» da, elementu berri bat hartzen duelako: aluminioa.
Yamaguchik betidanik amestu zuen harrobi batean esku hartze bat egitearekin. Elkarteak gustuko izan zuen haren lana, baina hiru baldintza jarri zizkioten espazioa haren esku utzi baino lehen: harriak lekuz ez mugitzea, lekuaren memoria mantentzea eta naturarekin elkarrizketa bat mantentzea. Hiru baldintza horiek betetzeko, artistakaluminiozko txapak erabiliz jo ditu harriak artistak, testura eta morfologia kopiatuz. Arrizabalaga «oso harro» dago emaitzarekin.
MAÑARIKO ANGURRETA HARROBIA
Helbidea: Aldebaraieta auzoa, 10, Mañaria.
Bisitak: Aurten, bisita guztiak gidatuak izango dira. Bisitara joan nahi izanez gero, idatzi angurreta@gmail.com helbidera edo deitu 656-73 83 24 telefono zenbakira ordu bat adosteko. Bisita gidatu bakoitzak bost euroko balioa du, eta 50 minutu irauten du.
Webgunea: Instagram.com/angurreta/.