«Interesen» araberako proiektua

«Interesen» araberako proiektua

​Iazko martxoaren 14an aurkeztu zuten Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegitura diputatuak eta Maite Etxebarria Abantoko orduko alkateak (2019-2023) Las Carreras auzoan saihesbide berri bat egiteko proposamena. Pradalesek azaldu zuenez, zehazki «herritik igarotzen den trafikoaren %90» desbideratzea eta biztanleen bizi kalitatea «hobetzea» dira proiektuaren xede nagusiak. Errepide eredu berriak, baina, ez du herritarren babesa jaso; kontrara, proiektuaren aurkako Stop Variante plataforma sortzea eragin du. Las Carrerasko hainbat eragilek osatzen dute plataforma hori, eta bi helburu nagusi ditu: trafikoa desbideratzeko herritarren «benetako» nahiak zeintzuk diren plazaratzea, eta behin betiko saihesbidearen ibilbidea «prozesu parte hartzaile baten bitartez» hautatu ahal izatea.

Plataformako kideek ez dutenez bat egiten errepide berriaren inguruko proposamenarekin, gainera, horren aurkako alegazioak jartzea erabaki zuen elkarteak. Beste arrazoi batzuen artean, argudiatu zuen saihesbidearen eraikuntzak ez duela ingurumena errespetatzen. Bizkaiko Foru Aldundiak arrazoia eman zion Stop Varianteri, eta, ondorioz, derrigorrean aldatu beharko du proiektua. «Fase horretan gaude orain. Plataformako kideok gure nahiak islatu nahi ditugu aldundiak garatuko duen eredu berrian, herritarren beharretara egokitutako proiektu bat aurkeztu dezan», esan du Jon Eritz Gonzalez plataformako bozeramaileak. «Gure apustua da errepidea egun dagoen bide beretik igarotzea, baina lur azpitik, landa eremua suntsitu eta herria banatu gabe». Teknikoki posiblea dela ziurtatu du, baina zalantzak ditu aldundiak obra hori egiteko «interes ekonomikoa» duen.

«Hasieratik esan dute trafiko arazoa konpontzea zela euren helburua; hala balitz, zergatik ez auzokideak entzun eta horretan oinarritutako erabakiak hartu?».
JON ERITZ GONZALEZ Stop Variante plataformako bozeramailea

Hain zuzen, Gonzalezek mesfidantzaz erreparatu die aldundiaren asmoei: «Egia da [Las Carrerasen] trafiko eta kamioi ugari daudela; arazo hori konpontzeko egin zuten proiektua. Hala ere, uste dugu proposamen horren atzean bestelako interes batzuk egon daitezkeela». Alde horretatik, esan du Petronor eta Abantoko parke teknologikoa konektatzeko saihesbidea izango litzatekeela, eta salatu du herriko hainbat auzotako irisgarritasuna «oztopatuko» lukeela.

Bestalde, eta Gonzalezek emandako informazioen arabera, 36ko gerran garrantzia handia izan zuten Muskizko lursail batzuetan egingo lituzkete errepide berria eraikitzeko obrak. Azpimarratu du, beraz, halako errepide batek ez diela herritarren ezinegonari irtenbiderik eskaintzen. «Hasieratik esan dute trafiko arazoa konpontzea zela euren helburua; hala balitz, zergatik ez auzokideak entzun eta horretan oinarritutako erabakiak hartu?», galdetu du bozeramaileak.

Udalaren jarrera

Saihesbide berriaren inguruan aritzeko bilduko dira gaur Stop Varianteko kideak eta Abantoko udal gobernua. EAJk eta PSE-EEk osatzen dute gobernua, eta aldundiaren proposamenaren aldeko jarrera izan dute hasieratik. Azken asteotan, baina, iritzia aldatu eta herritarren alde lerrokatu dira, Stop Variantek aurkeztutako alegazioak babestuz. «Ez dakigu bileran zer esango diguten», esan du Gonzalezek; «beraz, horren zain geratuko gara. Orduan ikusiko dugu jarrera aldaketa benetakoa edo itxurakeria hutsa den». Aurten egingo dituzte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta, plataformaren iritziz, hauteskunde estrategiarekin lotuta dago udalaren diskurtso aldaketa.

Era berean, alegazioak jartzeak eta eredu berri bat aurkezteko eskaera egiteak ez die ziurtatzen herritarrei aldundiaren aldetik erantzunen bat jasotzea. Egoerak bere horretan jarraitzekotan, hortaz, presioa egiten jarraituko dutela aitortu du Gonzalezek. Hilabeteotan, hain zuzen, saihesbidearen aurka protestatzeko mobilizazioak egin dituzte. Inguruko herrietako auzokideak manifestazioetako batzuetara batu dira, eta askok plataformaren aldeko eta saihesbidearen aurkako banderak zintzilikatu dituzte etxeetako balkoietan. «Elkarlana da bidea», berretsi du bozeramaileak.