Animaliak babesteko eremua

Animaliak babesteko eremua

​Duela urte eta erdi onartu zuen Eusko Legebiltzarrak etxeko animaliak babesteko legea, «animalien babes eta ongizate egokiak» lortzeko helburuarekin. Legez kanpoko trafikoa, ordea, egungo gizartearen arazo nagusietako bat da oraindik ere: National Geographic aldizkariak iaz kaleratutako datuen arabera, hain zuzen, mundu osoko bost ornodun espezietatik bat merkatuan saleros daiteke. Karpin Fauna Karrantzako parkeak horren kontrako jarrera argia du, eta babesean hartzen ditu, esaterako, legez kanpoko merkatutik salbatutako espezieak. Horrez gain, jabeek abandonatu dituzten animaliak jasotzen dituzte.

Parkeko animaliek ez dute aske bizitzeko aukerarik, hainbat arrazoirengatik: kaiola edo etxe batean gatibu bizi izan direlako, taldeko gainerako animaliekin harremanak izaten ez dakitelako edota gizakiekin egotera ohitu direlako. Batzuetan zaila izaten da Karpin Faunako instalazioetan integratzea ere, Markel Anton Gonzalez Karpin Faunako zuzendariak esan duenez. «Makako bat jasotzen dugunean, tximinoen eremu nagusitik gertu dagoen gela batean sartzen dugu, bakarrik, haren espeziekoak zelakoak diren ikus dezan». Izan ere, animalia askok parkean ezagutzen dituzte lehen aldiz bere espeziekoak direnak. «Ez dakite hierarkia bat dagoela; libre utziko bagenitu, ez lukete luze iraungo».

«Zoologiko bat zen hasieran, baina, zabaldu eta urtebetera, proiektua bertan behera geratu zen, eta oinarrizko filosofia aldatzea erabaki zuten hainbat langilek».
MARKEL ANTON GONZALEZ Karrantzako Karpin Faunako zuzendaria

1995ean ateak ireki zituenetik hamaika aldaketa izan ditu Karrantzako parkeak, Gonzalezen arabera. «Zoologiko bat zen hasieran, baina, zabaldu eta urtebetera, proiektua bertan behera geratu zen, eta oinarrizko filosofia aldatzea erabaki zuten hainbat langilek». Babes zentro bihurtu zuten orduan, eta, egun, 55 espezie baino gehiago bizi dira hogei hektareako eremu batean. Populazio aldetik, adarzabal eta mufloi asko dituzten arren, dortokak dira ugarienak: «Uretakoak modan egon ziren duela urte batzuk, eta askoren maskota bihurtu ziren. Azken urteotan asko jaso ditugu, baina 60 urteko bizi itxaropena dute, eta ezin ditugu gehiago artatu». Pantera bat, ipar katamotz bat eta bi hartz ere badituzte.

Animaliak erostea gaizki dagoela transmititu nahi diete bisitariei, eta erosketaren atzean zer dagoen erakutsi. Halere, Gonzalezek aitortu du azken urteotan herritar gehienen iritzia «onera» aldatu dela, eta animaliak zaintzeko kontzientzia zabaltzen ari dela.

Karrantzako karpin fauna

Helbidea. Biañez auzoa, 37, Karrantza. 
Ordutegia. Astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 15:00etara. Larunbatetan eta igandeetan, 11:00etatik 17:00etara.
Bisitak. Eskolentzako eta talde handientzako bisitak astelehenetik ostiralera egiten dituzte. Larunbatetan eta igandeetan, bisitari guztiei eskaintzen dizkiete, 13:00 aldera. Audio gidak ere badituzte.
Webgunea. Bbkkarpinfauna.eus.