Bizkaitar gehienek lan ituna berritua dutela amaituko dute urtea

Bizkaitar gehienek lan ituna berritua dutela amaituko dute urtea

​Merkataritzako akordio orokorra, arropa dendetakoa, gasolindegien sektorekoa, metalgintzakoa… Aurten, Bizkaian, langile askori eragiten dioten lan itun garrantzitsuak berritzea lortu da. Lan Harremanetarako Kontseiluaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beharginen %60k berrituta dute ituna, joan den urriko datuen arabera. Iazko hilabete berean baino hogei puntu gehiago dira. Sindikatuen esanetan, langile borrokaren emaitza izan da. Besteak beste, Euskal Herriko gatazkarik luzeena ere konpondu da aurten: Novaltiakoa. Beste batzuk, ostera, datorren urterako geratuko dira: ostalaritzakoa, berbarako. 

Novaltia

Hiru urte eta zortzi hilabete

Guztira, 1.345 egun. Novaltia botika distribuzioko kooperatibak Zamudion duen biltegiko beharginek hiru urte eta zortzi hilabete egin zituzten greban; joan den martxoan lortu zuten adostea lan baldintzak hobetu dizkien lan itun berria. Hamazortzi langile ziren, baina oso sinbolikoa izan da greba hori: Euskal Herrian inoiz egindako luzeena, eta Europan egun haietan indarrean zeudenen artean ere beteranoena. Soldatak %26,7 igotzea lortu zuten, besteak beste; soldata prekarioenei dagokienez, %33,7koa izango da igoera. 9.450 euroko kalte ordaina eman zioten grebalari bakoitzari. Enpresak isun handiak jaso zituen. 

Novaltiako beharginek argi zuten zergatik luzatu zen hainbeste gatazka: «Enpresak gure greba eskubidea urratzeko erabili dituen azpijokoak eta ikuskaritzaren lana negargarriak izan dira. Oztopoak jarri dituzte gure bidean», salatu zuen Ibai Karrantza Novaltiako langileen ordezkariak. 

Metalgintza

Sektorerik handiena

Urtebetetik gora iraun du Bizkaiko metalgintza sektoreko lan gatazkak. Euskal Herrian langile kopururik handienari —56.000— eragiten dion lan ituna sinatu zuten otsailean FVEM Bizkaiko patronalak eta CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. Herrialdeko enpresa handi askotako lan harremanen oinarria da. Akordioa 11 greba egunen eta hogeitik gora bileraren emaitza izan da. Azkenean, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza behar izan zuten, eta gobernuak egindako azken proposamenak asebete zituen langileen gehiengoa eta patronala. Akordioak babes zabala jaso zuen, hiru sindikatu haiek eginiko «batzar guztietan» jaso baitzuen baiezkoa, baita FVEM patronaleko kide direnen enpresena ere; nabarmendu zuten sektoreak behar duen «egonkortasuna bermatu» dela hitzarmen berriarekin.

Lau urterako akordioa da, iaztik hasita. Hau da, 2025eko abenduaren 31n amaituko da. Iazko urterako %6,5eko soldata eguneraketa adostu zuten. Aurtengorako, berriz, %4koa. Datorren urtean %2 igoko diete, eta %2,5 ituna indarrean egongo den azken urtean. Guztira, %15eko igoera. Dena den, 2025a amaitzean KPIaren igoera handiagoa izan bada, haren araberako eguneraketa egingo dute 2026ko urtarrilean. 

Gutxieneko soldata bermeari dagokionez, aurreko ituneko baldintza berei eutsiko diete. Subrogazio eskubidea zabaldu egin da, eta, aurrerantzean, telefono eta telekomunikazio sareetako azpikontratek ere izango dute. 

Zahar etxeak

Sindikatuak, banatuta

Ordezkaritza duten sindikatuak banatuta ibili dira patronalarekin negoziatzen, eta akordioa ez zuten guztiek babestu. Bizkaian, ELAk lortu du bere izena zahar etxeetako borrokarekin lotzea, eta azken lan ituna ere sindikatu horrek adostu du patronalarekin. UGT sindikatuaren babesa ere jaso du. Bi urteko gatazkaren ondoren, maiatzaren 23an lortu zuten akordioa patronalarekin, LHK Lan Harremanetarako Kontseiluaren Bilboko egoitzan. Jai giroan ospatu zuten eraikinaren parean. 

ELAk deituta, 68 greba egun egin zituzten. Beste sindikatuek ere egin zituzten mobilizazioak. Hitzarmenak 5.000 langileri baino gehiagori eragiten die. Guztira, %23,22 igoko zaie soldata lau urtean: %8,78 aurten; %5,10 2024an; %5,10 2025ean; eta %2,55 2025eko urritik aurrera. Gainera, ELAren hitzarmenak langile taldearen %85 finkoa izatea eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea bermatzen du.

Merkataritza

Akordio «gazi-gozoa»

Uztailean sinatu zuten merkataritza orokorreko lan ituna berritzea. 6.000 bizkaitarri eragiten die. Lau urterako %18ko igoera adostu dute, baina garaipen «gazi-gozoa» izan da, sindikatuek aitortu dutenez: ez du bermatzen galdutako KPI osoa berreskuratzea. Urteko lanaldia ere hamabi ordu murriztu dute hitzarmenari esker.