Euskalgintza, oldarraldiaren aurkako borrokan murgildua

Euskalgintza, oldarraldiaren aurkako borrokan murgildua

​Hautsak harrotuta egon dira euskal munduan aurten. Zeresan handia sortu dute EAEko Auzitegi Nagusiak euskararen alorrean emandako zenbait epaik. Izan ere, euskal eragileek salatu dute euskaldunen hizkuntza eskubideak «behin eta berriz» urratu direla azken urtean, eta esan dute bestelako eragileek —UGT sindikatuak, esaterako— bultzatutako ekintzek hori areagotzen dutela. Lehenagotik datorren kontua izan arren, auziak forma berezia hartu du 2023an, azaroaren 4an Bilboko kaleak «oldarraldi» judizialaren aurka bete baitziren.

Euskalgintzaren Kontseiluak deitu zuen manifestaziora azaroaren 4rako, eta Euskal Herriko hamaika tokitatik eta eragin eremutatik joandakoek egin zuten bat deialdiarekin. Are gehiago, azaroko lehen larunbat hartan 70.000 pertsona baino gehiago bildu ziren, Ertzaintzaren datuen arabera, eta Bilboko Kale Nagusia bete zuten. «Hemen gaude, euskararen alde», «Euskal Herrian euskaraz» eta «euskarari erasorik ez» oihuak izan ziren hiriko soinu banda.

Manifestazioaren amaieran, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia euskara «belaunaldiz belaunaldi» transmititzearen garrantziaz mintzatu zen: «Koldo Mitxelenak azpimarratu zuen bezala, euskararen misterioa ez da bere jatorria, gaurdaino bizirik irautea baizik». Eskisabelek argi du aurten hartu diren erabaki judizialek agerian utzi dutela oztopoak daudela oraindik. «Uste genuen gutxienez Euskal Herriko parte batean, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako zati batean, bagenituela berme batzuk euskararen normalizaziorako hizkuntza politikak bultzatzeko. Baina ikusten ari gara nola ari diren epaileak euskararen normalizazioa helburu duten neurri, arau eta legeak baliogabetzen; nola ari diren euskararen normalizaziorako politika publikoen tresneria eraisten».

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko Udal Legearen aurka emandako epaia salatzeko ekitaldia, Bilbon, uztailaren 13an. MARISOL RAMIREZ

Euskararen aldeko aldarria indartu egin zen Bizkaiko hiriburuan azaroaren 4an. Halere, ez da izan euskararen aurkako epaiei eta ekintzei aurre egiteko Bilbon aurten egindako ekintza bakarra. Oldarraldia ertz askotatik etorri dela dio Kontseiluak. Izan ere, ez dira soilik EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak izan: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere euskararen erabileraren aurka egin du, EAEko Udal Legearen kontra agertu baitzen. Horrek, Kontseiluaren iritziz, «udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezezten» die. Auzitegiaren erabakia salatzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamaika alkate batu ziren uztailaren 13an Bilboko Justizia jauregiaren parean, Albia lorategietan, aginte makila eskuetan zutela.

Hasiera, Barakaldon

Euskalgintzak behin baino gehiagotan salatu izan du oldarraldia Madrildik zein Bilbotik etorri dela, baina aurten sutearen txinparta beste udalerri batean piztu zen: Barakaldon, hain zuzen. Izan ere, urtarrilean, EAEko Auzitegi Nagusiak galarazi egin zion Clara Campoamor kultur etxea kudeatzeko Barakaldoko Udalak azpikontratatuko enpresari gutxieneko euskara maila eskatzea. Barakaldoko Sasiburu euskararen aldeko elkartea izan zen lehena arazoa plazaratzen.

ESEP Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren arabera, Barakaldon 26.000 euskaldun inguru daude; duela berrogei urte 1.473 ziren soilik. Ander Ezeiza Sasiburuko kideak dio kultur etxearen inguruan emandako ebazpena Barakaldoko euskal hiztunen eskubideen aurkako «urraketa» dela. Sasiburuk epaiaren berri izan zuenean, urtarrilean, epaileak «hizkuntzaren baliogabetzea bultzatzen» ari zirela baieztatu zuen: «Hiztunok aktibatzeko pausoak kontrako noranzkoan ematen ari dira gaur egun».

Euskalgintzako eragileek, oro har, oldarraldia epaitegietatik etorri dela salatu dute. Sasiburuk, baina, beste aktore bat jarri du fokupean hasieratik: Eusko Jaurlaritza. «Eusko Jaurlaritzak herritarrei euskara ikasteko eskatzen die, baina gero ez ditu euskararen inguruko legeak betearazten. Horrek euskarari kalte egiten dio», salatu zuen Ezeizak, urtarrilean.