Iberdrolak 0,51 hektarea gehitu nahi dizkio Barakaldon eta Trapagaranen duen zuhaitzik gabeko lur zerrendari; hau da, futbol zelai baten tamainako eremu bat utzi nahi du landarerik gabe. Han duen Beurko-Ugarte cto.2 proiektuari lotutako deforestazioa izango litzateke, goi eta tentsio ertaineko sarea baitu. Ekologistak Martxan taldeak bederatzi alegazio aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzan Iberdrolak planteatutako proiektuaren aurka. Alegazioak aurkezteko hogei egun soilik eduki izana salatu dute: «Eskainitako denbora tartea txikiegia da proiektua xehetasunez aztertu eta alegazioak era aproposean aurkezteko». Talde ekologistak dio gaur egun «funtsezkoa» den natura ondarea «suntsituko» dela. Izan ere, gehienak hamar urtetik gorako zuhaitzak dira inguru hartan, eta inguruari «balio ekologiko nabarmena» ematen diote. Javier Vazquez Ekologistak Martxan-eko kideak dio zuhaitzek balio bikoitza dutela. Alde batetik, ingurumenari egiten diote ekarpena, hiriak «osasuntsuagoak» egiten baitituzte: «Zuhaitzek zuzenean eragiten dute herritarren osasunean. Zuhaitz bakar batek hiru pertsonentzako adina oxigeno sortzen du. Gainera, berotegi efektuaren aurkako babesak dira». Bestetik, ondare publikotzat dauzka Vazquezek zuhaitzak; «are gehiago Trapagaranen eta Barakaldoren kasuan», lurzoruak udalarenak baitira. Deforestazioaren ondorioz inguruak «suebaki» antza hartuko duela azaldu du Ekologistak Martxan-eko kideak: «Zuhaitzen mozketek inguruak lurra soilik izatea eragingo dute». Izan ere, Iberdrolaren proiektuak ez du aurreikusten moztutako zuhaitzen lekuan beste landarerik landatzea. Talde ekologistak erabaki hori arbuiatu du, eta eskatu du inausketa mozketen gainetik «lehenesteko». Vazquezen iritziz, erabakirik «merkeenaren» alde egin du Iberdrolak, ingurumenarentzat onuragarriagoak direnak alde batera utzita. «Zuhaitzik gabe utziko den eremua landarerik gabe utzi baino lehen, linearekin bateragarriak diren bestelako landareen alde egin beharko litzateke; tokiko zuhaixken alde, esaterako», esan du Vazquezek. Ekologistak Martxan-en ustez, mantenu «egoki» bat egitea izango litzateke erantzuna. «Lege denak bete behar dira, ez bakarrik zure interesen alde egiten dituztenak. Legalki, mantenu egoki bat egitera behartuta daude, ez dena moztera», azaldu du Vazquezek. Mantenu lan horiek gauzatzeko Iberdrolako langileei «ezagutzak» ziurtatzeko eskaria egin du talde ekologistak. Gainera, moztu beharreko arbolak lekualdatzeko aukera aztertzea ere proposatu du. Azterketarik eza «Azterketarik egin ezean, ezin da jakin suntsituko dutenak zer balio duen, eta Iberdrolak ez du horrelakorik gauzatu», leporatu die Vazquezek. Izan ere, bost hektarea baino gutxiagoko eremuetan jarduteko, legalki ez beharrezkoa aztertzea ingurumenean zer eragin izango duen. Ekologistak Martxan, baina, ez dago ados. Hori dela eta, azterketa horren beharra aipatu du aurkeztutako alegazioen artean. Ez dute zehaztu zenbait zuhaitz moztuko dituzten, baina Ekologistak Martxan-ek uste du suntsituko dituzten zuhaitz gehienak zortzi espezietakoak izango direla: makalak, haritzak, hurritzak, sahatsak, gaztainondoak, gereziondoak, arteak eta lizarrak. Zuhaitz autoktonoak dituzten basoen «eskasia» kontuan hartuta, «guztiak kontserbatzeko neurri zehatzak hartzea» beharrezkoa eta «logikoa» iruditzen zaio talde ekologistari. Neurri horietako bat lineak lurperatzea izan daiteke, Ekologistak Martxan-ek alegazioetan aurkeztu duen moduan. Azterketarik ez egiteak eta «dena mozteak» espezie inbaditzaileak areagotzea ekar lezakeela gaineratu du Vazquezek. Halere, ez du itxaropena galdu; haren ustez, gauzak ondo eginez gero «aukera paregabea» izan daiteke gauzak ondo egiten hasteko. Horregatik, Iberdrolarekin bilera bat eskatu dute.