Busturialdean garraio publikoa hobetzeko proposamena egingo dute

Busturialdean garraio publikoa hobetzeko proposamena egingo dute

M. Garcia Martikorena

Ajangiz, Arratzu, Ea, Elantxobe, Ereño, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Nabarniz eta Sukarrieta: Bizkaiko Foru Aldundiari garraio zerbitzu publikoa “handitu” eta “hobetu” dezan eskatzeko batu dira Busturialdeko 11 udalerriok. Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailarekin izango dute bilera datorren asteartean. Bilerara premiak eta eskaerak bateratuta eramateko, herriotako alkateak gaur zortzi bildu ziren. Foru Aldundiak joan den astean aurkeztutako sare publikoa berrizteko planari estuki lotuta dago Busturialdeko alkateen eskaria. Izan ere, aldundiak legegintzarako bere buruari jarri dizkion helburuetan daude garraio publikoaren “maiztasunak handitu” eta eskualdeak zerbitzu horien bitartez “hobeto” lotzea.

Elkarlanean ari diren udalen artean behar eta arazo propio eta ezberdinak daudela adierazi dute Busturialdeko alkateek. Halere, ezaugarri partekatua dutela azpimarratu dute: “Herrietako garraio publikoaren zerbitzua ez da nahikoa”. Alkateen ustez, gaur egungo garraio publikoko zerbitzuak ez dio herritarren beharrei erantzuten, haien “bizi kalitatea” murriztuz. Argi dute mugikortasuna bizi kalitatea bermatzeko faktore garrantzitsua dela, eta egun ez dela errespetatzen. Hortaz, haien eskualdeko herritarrek zerbitzu “egokia” izan dezaten elkarlanean aritu nahi dute foru aldundiarekin.

Busturialdeko udal ordezkariak “ziur” daude aldundiak “modu positiboan” entzungo duela, euren helburuak eta aldundiaren estrategiarenak bat datozela iritzi baitiote. Udalek diote euren eginkizuna, herri txikietako ordezkari legez, biztanleria “mantentzea eta sendotzea” dela. Hori ahalbidetzeko, mugikortasuna “erabakigarria” da. Gaur egun bizilagun askok autoaren beharra dutela haien egunerokoan, 11 udalek azaldu dutenez: “Gure seme-alabek, gazteek, adinekoek eta, oro har, guztiok garraio publikoan bidaiatu ahal izatea nahi dugu, autoarekin bidaia ugari egiteko beharra ezabatuz”. Izan ere, eskualdeko herritar askok egunean “bizpahiru” bidaia egin behar dituzte autoan ikastetxera, ospitalera edo “beste funtsezko zerbitzu batzuetara” heltzeko.

Maiztasunak

Aldundiak legealdirako plana aurkezterakoan onartu bezala, herri askoren arazoa garraio publikoaren maiztasunean dago. Elantxoberen kasuan, esaterako, Lekeitio eta Bilbo lotzen dituen autobusa igarotzen da soilik: A351 lineakoa. Bi orduero igarotzen da, eta Bilbotik itzultzeko azkena 19:05ean abiatzen da hiriburutik. Ordutegiok lanegunetakoak dira, asteburuetan zerbitzua gutxitzen baita. Ildo horretatik jo dute udalek ere, herri “askotan” zerbitzurik gabe geratzen baitira asteburuan. Dena den, herriz herri egoera ezberdina da. Sukarrietan, adibidez, egoera ez da halakoa: autobusa eta trena dute, eta, beraz, ingurukoek baino egoera hobea daukate.

Baina maiztasuna ez da arazo bakarra. Hainbat herrik ez dute Bilbora zuzenean joateko aukerarik, askotan beharrezkoak izan daitezkeen zenbait ebakuntza, gestio eta abar egin ahal izateko; euren herrietatik Bilbora heltzeko, bizilagunek transbordoak egin behar dituzte inguruko herri handienera gerturatuz. Dena den, badira transbordoa eginda ere konpondu ezin daitezkeenak.

Ajangiztik, adibidez, beste herri batera joan-etorririk egin behar izanez gero, ordu erdi bateko ibilbidea egin behar da, oinez, Lurgorriko geltokira (Gernika-Lumo), herritik 1,8 kilometrora. Nabarnizen kasuan, bestalde, ezinezkoa da garraio publiko zerbitzurik jasotzea ordubete ibilita ere; beraz, herritik mugitzeko ezinbestekoa da autoa erabiltzea.

Jasangarritasuna

Garraio publikoaren zerbitzua hobetuz gero, autoz egiten diren eguneroko bidaiak murriztuko direla uste dute udalek. Hortaz, zerbitzua handitzeak jasangarritasunean lagunduko duela azpimarratu dute: “Gaur egun, autoa beharrezkoa dugu edozertarako, eta gure karbono aztarna handitzen dugu. Horri aurre egin behar diogu, klima aldaketa geldiaraztea funtsezko helburua baita”.

Autoen joan-etorriak gutxitzea ez dute Busturialdeko herritarrei begira soilik proposatu, baita turistei begira ere. Turismo “jasangarriaren” aldeko apustua egin nahi dutela esan dute alkateek. Hortaz, “beharrezkotzat” dute garraio publikoa garatzea naturaguneetara heltzeko. Horri esker, naturaguneak babestuko eta auto pilaketak eragotziko direla iritzi dute; “batez ere, horiek jasotzeko azpiegiturak ez dituzten herrietan”.