Olatuen bultzada baliatuz

Olatuen bultzada baliatuz

Natalia Salazar Orbe

Hondartzaren parean, itsasoari begira, olatuen astinduek laztantzen dute Sopela. Astindu horiek erakarrita, ehunka surflari aritzen dira bertako uretan abileziarik ikusgarriena eta trebeziarik arriskutsuena zeinek egin lehian. Aisiarako tarte hori natura eta kirola eskutik hartuta gozatzen dute. Uztartze hori ardatz hartuta ospatzen ari dira, aurten ere, Sopela Kosta Fest jaialdia. Hala azaldu du Leire Basauri Kultura, Aisialdi eta Komunikazio zinegotziak jaialdiaren asmoa: “Helburu nagusietako bat Sopelako herriak surfaren eta naturaren kulturarekin betidanik izan duen harremana ezagutaraztea eta sendotzea da. Hori izan zen jaialdia duela hiru urte abiatzeko arrazoia”. Eta, gaur egun ere, berezko xede horri eusten dio. Atzo hasita, igandera bitartean izango da musika, natura, historia, umeentzako jardunak eta gastronomia, besteak beste, uztartuko dituen jaialdia.

Aurten, ahalegin berezia egin dute surfaren ikuspegia indartzeko. Uribe Kostan hainbat lagunek praktikatzen duten kirola ez eze, industria esanguratsua ere bada. Hori dela eta, bi norabidetan zuzendu dituzte surfaren ikuspegia indartzeko egitasmoak. Batetik, Euskal Herriko surf zirkuiturako baliagarria den bigarren txapelketa egingo dute. “Lehiaketa hori, gainera, Euskal Herriko txapelketa izango da Open eta emakumezkoen mailetan. Baita Longboard, SUP eta helduen mailetan ere. Horrez gain, Euskal Herriko Surf Federazioko kluben arteko txapelketa ere egingo da egunotan”.

Surf Business Meeting

Bestetik, udalak surfari lotutako turismoari buruzko jardunaldia antolatu du: Surf Business Meeting. “Helburua da administrazio publikoak eta enpresa pribatuek lan tresna komunak izatea, surfaren industriako profesionalen eskarmentua ezagututa”.

Gaur egingo dituzte jardunaldi horiek. Kantauri itsasoko eta ardatz Atlantikoko adituak elkartuko dira bertan. “Hainbat azterketek agerian utzi dutenez, urtean 30.000 lagun etortzen dira Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldera surfa egiteko asmo bakarrarekin. Eta beste 45.000 turista inguruk bisitaldia aprobetxatzen dute kirol horretan aritzeko”. Alor horrek hazteko joera duela sinetsita daude. Hori horrela dela pentsatzeko datuak ere eman dituzte: industria horrek 12.000 milioi euro mugitzen ditu urtean; 120 milioi jarraitzaile ditu, eta 34 milioi lagunek praktikatzen dute zuzenean. “Hori guzti hori aztertu nahi dugu alor horretako adituekin”.

Jardunaldiotatik harago joango dira Sopelako jaialdiko jarduerak, ordea. Surfarekin lotuta, kirol horretan hastapenak egin nahi dituztenei doako ikastaroak emango dizkiete herriko surf eskoletako kideek. “Eta beharrizan bereziak dituzten neska-mutilentzako egokitutako surf ikastaroak emango dira, EHSFren laguntzarekin. Beraz, ikasi nahi duenak aukera izango du, musu truk”.

Natura, zuzenean

Jarduera guztiak izango dira era horretakoak: doan. Naturarekiko loturari eta harremanari gertu-gertutik jarraituko diete jaialdian parte hartzen dutenek. Itsaslabarra eta itsasora arteko ibilbidea eskainiko dute, aurten ere, coasteering saioen bidez. Baita parapentean hegaldiak egiteko aukera ere.

Historiari ere txoko txiki bat gorde diote. Burdin Hesiak Uribe Kostan utzitako aztarnak eta 1936ko gerrarekin lotutako historia ezagutzeko aukera emango dute bisita gidatu baten bidez. Hain zuzen, Mendibe-Areneburu inguruko gotorlekura eta Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museora egingo dituzte bisitok. Bost kilometro inguruko ibilbidea da, zailtasun txikikoa.

Natura eta ingurumenaren babesaz jarduteko baliatuko dituzte Sopela Kosta Festeko une eta toki batzuk. Zaborren kutsadura izango du hizpide, esaterako, Surf Rider elkarteak. Eta hondartzako hondakinak garbitzeko ordua antolatu du elkarte horrek berak.

Jai giroa ez dute alde batera utzi nahi izan. Hala, gaur eta bihar hainbat kontzertu izango dira Udaletxe plazako karpan. Besteak beste, Sorkun, La Pulqueria, Dead Bronco eta Esne Beltza ariko dira zuzenean.

Txapelketak

Euskal Herriko hainbat surflari elkartuko ditu surf zirkuituaren bigarren probak. Horietako batzuk profesionalak dira; beste batzuk, ez. Maila oneko ikuskizuna iragarri du Basaurik: “Espezialista onenak izango dira”. Zirkuituak lau proba ditu: bi Gipuzkoan, eta beste bi Bizkaian. “Hau aurtengo bigarrena baino ez da. Mundakakoaren eta Orruakoaren [Zumaia eta Getarian lehiatzen da] aurretik egingo da”.

Longboard edo ohol luzearekin egiten den surfaren txapelketa lehenengoz egingo dute Sopelan. Eta euskal kluben arteko lehiaketari dagokionez, berezitasun bat izango du: “Taldeen buruak edo kapitainak emakumezkoak izan beharko dira, derrigor”.

Jai giroak ez du etenik izango igandera bitartean. Itsasoko kantak kalerik kale ibiliko dira; hegaluze errea dastagai emango dute, eta, festari bukaera emateko, Itsas lapurrak dantza ikuskizuna egingo du Haatik konpainiak. Olatuen astinduek bultzatuko dute, era horretan, Sopela.