Urte amaieran hasiko dituzte Deustuko kanala zabaltzeko lanak

“Hondamendirik egon ezean, aurten hasiko ditugu Deustuko kanala zabaltzeko lanak”, adierazi zuen astelehenean Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Zorrotzaurre proiektua abian jartzeko beharrezkoa den erakundeen arteko azken akordioa sinatu zuten egun berean Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Egun penintsula den gunea irla bihurtuko dute: Deustuko kanala zabalduko dute, eta udalaren ardura izango da kanalaren alde biak batzeko zubia eraikitzea.

Datozen hilabeteotan, Bilboko Udalak obrak adjudikatzeko prozedura hasteko asmoa du. Juan Mari Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenez, lanen aurrekontua 30 milioi eurokoa izango da. Behin proiektua emanda lanak 2013. urte amaiera aldera hasiko direla jakinarazi du sailburuak, eta hiru urteko iraupena izango dutela. Bestalde, Zorrotzaurreren birsortze proiektua gutxienez hogei urterako hirigintza plana izango dela aurreratu dute.

Zorrotzaurreko proiektuak ia 838.781 metro koadroko azaleran izango du eragina. “Industrialde zaharra izandakoa Bilborako sarrera bilakatuko da, itsasadarrean zehar”, adierazi du Aburtok. Kostu handiko lana izango da, baina, Azkunaren aburuz, “estrategikoa eta etorkizunekoa” da proiektua Bilborentzat, eta, beraz, egiteko udalak “behar besteko gogoa” jarriko duela esan du.

Eusko Jaurlaritzak Zorrotzaurreko puntan dagoen 8.000 metro koadroko lursaila eman du. Horrekin, ordaindu behar duen kantitatea kitatu du. Lurzoruen balioen ordez, udalak berak egingo ditu kanala irekitzeko lanak. Kutsaturiko lurrak agertuz gero beste diru laguntza bat —gehienez milioi bat eurokoa— egokituko dutela jakinarazi du Aburtok, “lurrek dagokien tratamendua jaso dezaten”.

Uholde arriskua murriztu

Sailburuak adierazi duenez, Zorrotzaurreko lanak, “hirigintza proiektua izateaz gain, segurtasun plusa ere badauka”. Izan ere, Azkunak azaldu du uholdeen eraginak murrizteko balioko duela kanala zabaltzeak: “Murriztu egingo da Bilbo inguruko itsasadarraren ertzetan izango duen eragina eta arriskua”.