“Ez zaio bizitzari urte gehiago eman behar; urteei eman behar zaie bizitza”

Iria Martinez (Barakaldo, 1982) Igurco taldeko fisioterapeuta da. Egun, Zornotzako Jose Maria Azkuna egoitzan lan egiten du, adinekoekin. Urtarrilaz geroztik, dantza eskolak antolatzen ditu hogei pertsonarekin, osasuna hobetzeko ariketa fisikoak sustatzeko.

Nagusiek ez dute dantza eginbehar baten moduan ikusten. Zer-nolako harrera izan du egitasmoak?

Harrera oso ona izaten ari da. Hamar pertsonako bi talde ditugu, eta astean birritan edo hirutan elkartzen gara. Motibazioa sustatu nahi dugu; horretarako, koreografia errazak prestatzen ditugu. Egoitzako pertsona batzuek mugimendu mugatua dute, eta dantza harremanak sortzeko erreminta aproposa da. Gainera, motibatuta daude, eta afektibitatea nagusi da guztien artean. Fisioterapiari dagokionez, gorputz osoa mugi dezaten lortu nahi dugu. Mugimendu horiekin, oreka lantzen dugu, eta hezurdura, sistema kardiobaskularra eta arnasteko modua hobetzen saiatzen gara. Horrela, sindrome geriatriko batzuk murritz daitezke; adibidez, erorikoak, mugitu ezina edo gernu jarioa. Horrez gain, koreografiekin, ikusmena eta memoria ere lantzen dituzte.

Dantzak eta gisako ariketek erresistentzia, indarra, oreka eta elastikotasuna hobetzen laguntzen al dute?

Halaxe da, etekin fisikoak asko dira. Baina, batez ere, haiek ondo pasatzea eta disfrutatzea nahi dugu. Nire lankideak esaten duen moduan, ez zaizkio bizitzari urte gehiago eman behar, baizik eta urteei eman behar zaie bizitza. Gure lana oso motibatzailea da. Nahiz eta errendimendu baxuko ariketa fisikoak egiten ditugun, adinduek dinamika jarraitzen dute, eta abestien bidez, ariketa horietara heltzen dira.

Adituek beti errepikatu ohi duzue, gutxienez, ordu erdiko ibilaldia egin behar dela egunean. Zer dela eta?

Guk ordu erdiko edo ordu bateko ibilaldiak egitea gomendatzen dugu. Izan ere, ordu erdiko paseo hori erdira murritz daiteke, eta ez da gutxieneko hori betetzen. Oro har, ibiltzeko ohitura duten pertsonak ez ditut errehabilitazio tratamendu sakon batean sartzen. Ibiltzea oso ariketa egokia da; oreka, hankak eta besoak lantzen dira. Organismo osoa mugitzen denez, sistema kardiobaskularra eta arnas aparatua erregulatzen dira, eta digestioa erraztea lortzen da. Urteekin, pertsonak sedentarioagoak dira, eta horrek arazo ugari ekartzen ditu osasunean. Ibiltzea ez da gehiegizko ariketa fisikoa; hala eta guztiz ere, beti gomendatzen dut bankuak dituzten eremuetan ibiltzea: nekatzen baldin badira, atseden har dezakete. Hobe da minutu batzuetako ibilaldi eraginkor bat egitea. Gainera, immobilismoaren aurkako irtenbidea izan daiteke. Pertsona adindu batzuek telebistaren aurrean ematen dituzte orduak, mugitu gabe, eta horrek osasunari eragiten dio.

Ariketa fisiko batzuek hainbat sindrome geriatriko arintzen laguntzen dute. Adibidez, zer egin daiteke mugitu ezinaren aurka?

Esan bezala, ibiltzea oso eraginkorra da. Hala ere, badira oso gutxi ibiltzen direnak. Kasu horiekin, lan berezia egin behar da. Gerta daiteke zutik ezin ipintzea, eta, egoera horietan, laguntza behar duten ariketa aktiboak egiten ditugu. Adibidez, pertsonak beso bat mugitu nahi badu, berak giharra aktibatuko du, eta nik lagundu egingo diot mugimenduarekin.

Arnasteko edo bihotzeko arazoak dituzten nagusiek zein ariketa mota egin ditzakete?

Guk taldean egiten ditugu ariketak. Esate baterako, hamar pertsonako talde bat zirkuluan ipintzen dugu, eta besoak eta hankak mugitzen dituzte. Zutik egon daitekeena zutik egoten da, eta, baloiekin, zintekin edo uztaiekin, hainbat ariketa egiten ditugu. Ondo arnasten ere irakasten diegu. Arnasketa sakonago nola egin erakusten diegu; horrela, birikaren azpiko partea ere oxigena dezakete, arnas hartze arinak egiten badira, biriken beheko partea ez baita lantzen. Beste alde batetik, pedalekin ere egiten dituzte ariketak, besoak eta hankak mugitzeko. Nagusien artean, hainbat talde sailkatu behar dira. Batetik, ahulak ditugu, ohean egon behar dutenak eta sindrome ugari dituztenak; bestetik, aktiboak daude, eta, azkenik, oso aktiboak direnak. Hirugarren taldeko pertsonekin antolatzen ditugu koreografiak eta aipatutako ekintza mota horiek.

Gernu jarioari dagokionez, fisioterapiak ere lagun dezake?

Bai, hori kontrolatzeko badira beste ariketa mota batzuk. Zoru pelbikoko ariketek inguru horretako giharrak indartzeko balio dute. Kegel ariketek muskuluen uzkurdura eta erlaxazioa lantzeko balio dute. Kasu horretan, ez da prebentzioa bilatzen, jada gernu jarioa dagoelako, baina giharrak landu daitezke, egoerak okerrerantz jo ez dezan.

Neurri moduan, zeintzuk dira gorputz ariketa gomendagarrienak?

Egunero paseo bat eman beharko litzateke. Gainera, ez da komenigarria ordu asko ematea mugitu gabe, eserita. Muskuluen indarra eta malgutasuna hobetu beharko lirateke, norberari egokitutako ariketen bidez.