Miserableen hierarkia

Hizkuntza gutxituen biziraupenaz badakigu euskaldunok zerbait; plaza horretan bai, plaza horretan eserleku onenak ditugu gertatzen dena gertutik ikusteko. Askotan boxeo konbate batean lehen lerroan esertzen direnak legez, borrokaren izerdi eta odol tantak aurpegian ere itsasten zaizkigu. Bai, ezagutzen dugu borroka hori: euskaraz izan dezakegun berbaldi bat erdararen batean dugunean, geure hizkuntza pixka bat hilago dagoela jakitearen sentimendu hori. Eta badakigu ez garela bakarrak ere. Ez garela traba bakarrak delako progresoarentzat, Ruperrek kantatzen duen legez. Miserableon batailoi honetan mundu osoko milaka hizkuntza-tropa daude.

Ghanako lankide bat dut unibertsitatean, hizkuntzalaria da bera eta euskararen egoeraz mintzo ginen aurrekoan. Bere herrialdean hogeitik gora hizkuntza egonda ingelesak ghanatarrak batzen dituela esan zidan, eta “onartzen” dutela. Nik esan nion gaztelaniak eta frantsesak ere, horrela ikusita, batzen dituztela Hego eta Ipar Euskal Herriko herritarrak, hurrenez hurren. Baina onarpenaren inguruan ez nengoela oso ziur.

Hortik aste batzuetara, abenduan egin ziren Ghanako hauteskundeen inguruan leitzen hasi nintzen. Dominic Mensah analistaren artikuluek asko lagundu zidaten hango gizartea hobeto ulertzen, eta hizkuntzez ere idatzi zuen Mensah jaunak horietako batean: kexu zen telebistako debatea ingelesez eman zutelako. “Gutxi batzuen hizkuntza!”, zioen berak, gizartearen %20k baino ez baitute ulertzen. Haren aburuz, akaneraz eman beharko litzateke debate hura, populazioaren %33,2k darabiltelako. Ez da alde handia, baina onartu behar diogu gehiago badirela. Afrikako historia penagarriaren datu bat ere ematen zuen: “Hemengo beste hainbat gatazka ekiditeko orduan Mendebaldeko hizkuntzak ofizial egin izanak ez du ezertan lagundu orain arte”.

Hasiera batean kolonialismoaren aurrean jarrera zilegi eta adoretsua erakusten zuela eman zidan, baina handik gutxira konturatu nintzen nire lankidearen posizio bera defendatzen zuela. Ingelesa bezain unibertsala ez zen hizkuntza batekin, baina txikiak zapaltzeko arazorik ez zuela. Eta are larriagoa deritzodana: zapaltzearen kontzientzia eza negargarria agertzen zuen Mensah jaunak.

Bada Ghanan hamar mila hiztun baino ez dituen ligbi hizkuntza. Orduan, adibide bat ematearren, hiztun horiekin zer egin? Debatetik kanpo daude. “Suizidatu zaitezte” ez diete esaten; baina esaten diete. Izatez, hierarkia oso markatua dago miserableon batailoian.