Zornotzako emakumeak ginekologia zerbitzurik gabe gelditu dira, herriko arduradunak urtarrilaren 21ean amatasun baimena hartu ostean. Lehen astean, ordezko bat kontratatu zuten, baina hilaren 28az geroztik, laguntza hori kendu zuten, Eusko Jaurlaritzaren arabera horrelako “espezialistak ez daudelako langabezian”. Egun, emakumeek Durangoko osasun etxera joan behar dute kontsultara. Joan den astean, elkarretaratzea egin zuten 200 pertsona inguruk, eta “arazoa konpondu bitartean”, mobilizazioak antolatuko dituzte ostegunero, Zornotzako osasun etxearen aurrean. David Latxaga alkateak adierazi du arazoa “ahalik eta lasterren konpontzen” saiatuko direla.