Ezkerraldea eta Meatzaldea suspertzeko programa bat abiatu dute Sestaon

Venta del Gallo enpresa haztegiak ateak zabaldu ditu berriz, lokalak betetzeko eskaera faltagatik bi urtez itxita egon ondoren. Sestaoko Udalak eta DEMAk —Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen enpresa sorkuntza eta garapenerako agentzia— egindako hitzarmen bati esker, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Behargintzek aukeratutako ehun pertsonak parte hartuko dute eskualdeko autoenplegua indarberritzeko egitasmo honetan. Martxoan, hautatutako ekintzaileek sormena, negozio aukerak edo brainstorming-a bultzatzeko prestakuntza tailerrak egingo dituzte. Maiatzean bigarren deialdia egingo da, eta beste ehun pertsona sartuko dira programa honetan.