Gizarte politiketan, pertsonako 640 euro inbertituko ditu Bizkaiak

Gizarte politiketan, pertsonako 640 euro inbertituko ditu Bizkaiak

Ibai Maruri Bilbao

Datorren urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak 640 euro inbertituko ditu biztanleko, adinekoen, mendekoen eta elbarrien zaintzan, adingabeak babesten, berdintasuna bultzatzen eta gizarte inklusioa sustatzen, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak iragarri duenez. Joan den martitzenean, 2024rako aurrekontu proiektua onartu zuten ezohiko gobernu kontseiluan. Prentsaurrean aurkeztu ondoren, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak Batzar Nagusietara eroan zuen, datozen asteetan batzordeetan eztabaidatu eta urtea bukatu baino lehen onartu ahal izateko.

Oro har, Bizkaiko Foru Ogasunak aurreikusi du 10.308,2 milioi euro izango dituela datorren urtean; batez ere, zerga itunduen bidez bildutakotik. Aurten baino %5,1 gehiago izango da. Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Batzar Nagusiei eta herrialdeko udalei eman beharrekoa, zorra ordaintzeko erabiliko dutena eta langileen soldatak ordaintzeko beharko dutena kenduta, diputazioa osatzen duten bederatzi foru sailei 1.599,1 milioi euro geratuko zaizkie, haien inbertsioak egiteko; aurten baino %3,8 gehiago.

Berrojalbizek azaldu duenez, markak hautsiko dira diru sarreretan, eta, guztira, aurten baino 500 milioi gehiago izango ditu aurrekontuak. Hala ere, sailek eskuragarri izango dutena 58 milioitan baino ez da haziko. Dena den, Ogasun eta Finantza diputatuak nabarmendu du aurrekontu “sendoa” ondu dutela, eta “gogobeteta” daudela.

Etxanobek azpimarratu du “gizarte inbertsioa lehenetsi” dutela, “Bizkaiak lehentasun dituen beste arlo batzuk baztertu barik”. Urri hasieran aurkeztutako Bizkaia denontzat agintaldi programan daude bilduta, diputazioaren ustez, herrialdeak behar dituen proiektuak. Ahaldun nagusiaren esanetan, aurrekontua plan hori martxan jartzeko diseinatu dute: “Helburua da Bizkaia oparoagoa lortzea, sozialki aurreratuagoa, berdea, nortasun propioarekin eta lurralde oreka duena, diputazio indartsu, gertuko eta moderno batek bultzatuta”. Sailek izango dituzten 1.599,1 milioietatik 1.488 erabiliko dituzte planak dituen sei ardatzetan inbertitzeko. Berrojalbizek zehaztu duenez, gainontzeko milioiak zeharkakoak diren gastu eta inbertsioetarako erabiliko dira. Dena den, plana osatzen duten jarduerek, guztira, 1.729 milioi izango dituzte, diputazioak aurretik dituen soberakinetatik 241 milioi gehituko dituelako proiektu horietara.

2024an, diputazioak 737 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu “behar gehien duten bizkaitarrei laguntzeko”, Etxanobek nabarmendu duenez. Zaintza ereduaren trantsizioa egiteko 60 milioi erabiliko dituzte: eredu berriko egoitzak eraikiko dituzte, bat Abadiñon eta beste bat Sestaon; gainontzeko egoitzak egokitzeko lanak egingo dituzte, eta EtxeTIC zentroak hedatzen jarraituko dute. Jarduera ekonomikoa bultzatzeko 126 milioi euro edukiko dituzte: diputatu nagusiaren arabera, Bizkaiko ehun soziekonomikorako estrategikoak diren sektoreetan, talentuan, digitalizazioan, enpresen sustapenean, ekintzailetzan eta nazioarteratzean erabiliko dira. Zehatzago, digitalizazioak, teknologia kuantikoa bultzatzeko zentroak eta kultura eta zinema industriak, guztira, hamazortzi milioi euro jasoko dituzte. “Bilbon, Zorrotzako ikus-entzunezkoen poloa bultzatuko dugu, udalarekin batera”. 63 milioi inbertituko dituzte Bizkaiko teknologia parkeak handitzeko eta industria lurzorua garatzeko; modu horretan jarduera ekonomiko berriak garatzeko beharra bete nahi du diputazioak.

a1

a2

a3

Bizikleta eta klima

Bizkaia “berdeagoa” bihurtzeko 72 milioi izango ditu aurrekontuak. Besteak beste, eraginkortasun energetikoa lortzeko neurriak, hondakinen kudeaketa eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko proiektuak finantzatuko dituzte arlo honetan. Sei milioi euro erabiliko dituzte klima larrialdiari aurre egiteko neurriak hartzeko.

“Bizkaiaren nortasun propioa indartzeko jarduerek” 52 milioi baino gehiago izango dituzte. “Kasu honetan, arreta berezia jarriko dugu Bizkaiko museoen sarean, euskararen sustapenean eta gure kultur ondarearen zaintzan”, esan du ahaldun nagusiak. Berbarako, bi milioi euro jasoko dituzte Areatzan eraikitzen ari diren Musiktopa musikaren zentroak eta Bizkaikoa foru museo eta aretoen sareak.

Lurraldeko eskualdeen arteko oreka indartzeko 463 milioi erabiliko dituzte. Besteak beste, Bilboko Metroa, Bizkaibus, errepide sarea mantentzeko eta hedatzeko lanak, eskualdeen garapenerako proiektuak eta udalentzako laguntzak finantzatuko dituzte diru sail horrekin. 26 milioi euro inbertituko dira azpiegitura berrietarako: Gurutzetako aldagunearen bigarren fasea, Mallabiko Gaitondorako sarbideak eta Erletxe eta Txorierri arteko bizipista aipatu ditu Etxanobek.

Foru aldundiaren funtzionamendua hobetzeko 38 milioi euro erabiliko dituzte, “herritarrentzat eskuragarriagoa eta hurbilagoa izateko”. Aspalditik dabil foru aldundia Bilbon dituen eraikinen inguruko gogoetan. Haietako hainbat alokatutakoak dira, eta horrek sortutako kostuak txikitu nahi ditu, besteak beste. Egoitzen prozesu horretarako 60 milioi euro gorde dituzte, nahiz eta oraindik ez duten erabakita zer egin nahi duten.

Berrojalbizen arabera, “etorkizunera begira” dagoen aurrekontua osatu ahal izan dute, “etxeko lanak eginda” dituztelako: “Erakunde arduratsu moduan egin dugu lan, eta egin beharko dugu aurrerantzean ere”. EAJren eta PSE-EEren arteko akordioari esker, foru gobernuak ez du izango arazorik legealdiko lehen aurrekontuak urtea bukatu aurretik onartzeko. Datorren astean hasiko dira diputatuak haien sailetako banaketak Batzar Nagusietan azaltzen. Ahaldun nagusiak esan du bere gobernuak batzarkide talde guztiekin hitz egiteko asmoa duela, “ordezkaritza kontuan hartu barik”.