‘Bilbo 2013’ enplegu planak 286 lanpostu sortuko ditu

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Bilbo 2013 Enplegu Plana aurkeztu zuten astelehenean. Egitasmo horren bidez, hirian “lana sortzen duten proiektuak bultzatzeko konpromisoa” hartu dute. Guztira, hamahiru eragilek eta erakundek parte hartu dute.

“Elkarlana” proiektu honen oinarrietako bat izan da. “Sinergiarekin aritzeko unea heldu” dela azpimarratu du Azkunak. Egitasmoa martxan jartzeko aurrekontu osoa 5,3 milioi eurokoa izango da. Hala, Eusko Jaurlaritzak 2,8 milioiko ekarpena egingo du Lanbideren bidez. Bilboko Udalak milioi bat inguru jarriko du, eta egitasmoak behar dituen baliabide teknikoak eta giza baliabideak ere ipiniko ditu. Azkenik, hainbat enpresa eta erakunde publiko zein pribatuk 2,4 milioi euro inbertituko dituzte.

Enplegu plan honen helburuak eskualdeko garapen ekonomikoa bultzatzea, gaikuntza profesionala hobetzea eta ekoizpen eta enpresa jarduera sustatzea dira, besteak beste. Osotara, 951 pertsonak jasoko dute gaitasun profesionalekin lotutako prestakuntza. Batetik, 518 lagunek prestakuntza proiektu berezietan parte hartuko dute; prestakuntza espezializatu hori lan merkatuan lortutako esperientziaren osagarria izango da, eta “beren balio eta eragin ekonomikoagatik hiriarentzat estrategikoak diren hainbat sektoretako lanpostuetan” aritzera egongo dira bideratuta. Herritar horiek, adibidez, alor hauetan arituko dira: ekoteknologia eta hiri konponbideak, turismoa, osasuna eta bizi-kalitatea, artea, teknologia, diseinua, merkataritza eta halakoetan.

Bestetik, baztertze arriskuan diren beste 433 pertsonak, gizarteratzeko eta laneratzeko aukera hobeak izan ditzaten, prestakuntza teorikoa eta praktikoa jasoko dute programa horren bidez. Hainbat ikastaro eskainiko dira: lorezaintza iraunkorra, instalazio ekoefizienteak eta elektrikoak, ostalaritza, haurren zaintza, etxebizitzen eta hiri altzarien konponketa, ibilgailu ekologikoen mantentzea…

Enplegua

Bilbo 2013 enplegu planaren helburua da Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren erronka komun bati erantzuna ematea. Izatez, bi erakundeok “krisi ekonomikoak lanaren merkatuan eragin dituen desorekak gainditzeko xedea” dute. “Ekonomia sustatzen eta berpizten ez den bitartean, zaila izango da enplegua hobetzea; baina badago zeregin handia; hau da, langileen prestakuntza hobetu eta pertsona eta enpresen arteko bitartekotza indartu”, adierazi zuen Aburtok planaren aurkezpenean.

Egitasmo berriarekin 286 lanpostu sortuko dira Bizkaiko hiriburuan. Enplegu horietatik 135 Bilbo Ekintzaren babesarekin eratuko diren ehun bat enpresa eta establezimendu txikiekin egongo dira lotuta. Gainera, Bilbo Ekintzak beste 31 pertsona hartuko ditu Irazabal zentro berriaren birgaitze lanetarako; modu horretan, Matiko auzoko zentroa ekintzaile eta enpresa txikientzako gune bihurtuko da. Beste alde batetik, 120 pertsonak, gutxienez, sei hilabeterako lanpostua eskuratuko dute, enpresei eta erakundeei kontratatzeko eskaintzen zaizkien pizgarrien bitartez.

Hautaketa prozesuetan parte hartu nahi duten pertsonek bi baldintza bete beharko dituzte: bilbotarrak izatea eta Lanbiden izena eman izana.