Bizkaiko udal mugen arauari helegitea jarri dio Usansolo Herriak

Usansolo Herria plataformak Bizkaiko lurralde mugen foru arau berriaren kontrako helegitea aurkeztu du; gaur astebete joan ziren Bizkaiko Lurralde Auzitegira. Abenduan onartu zen legea Batzar Nagusietan, eta urtarrilean jarri zen indarrean. Bizkaian dauden 112 udalerriez gain, ez du uzten besterik sortzen. Plataformako kideek azaldu dute prozesuak aurrera egitea espero dutela. “Orain arte, ez dugu ikusi herri baten nahia eta beharrizana errespetatzeko borondate politikorik, inposizioa baino ez”, azaldu du Usansolo Herria taldeko kide Monika Menak. Euren eskubideak “urratu” egin dituztela eta, helegitea bideratzea espero dute, aurrera joatea eta “justizia” egitea.

Galdakaoko erdigunetik hiru kilometrora dago Usansolo, eta ia 5.000 biztanle ditu. “Usansolon betidanik egon da mugimendua. Behar bat izan da, ez bakarrik sentimendua edo nortasuna, baizik eta herri izateko beharra”. Galdakaotik urrun daudela argudiatu du Menak, eta urruntasun horrek beharrizan ezberdin edo berezi batzuk sortzen dituela dio. “Herri independente bat inoiz izan ez garen arren, beti sentitu izan gara hala”. 1988an ireki zuten herri berri bat izateko espedientea, eta, egun, Bizkaian erabakitzeko falta den bakarra da. “Aspaldi hasi genuen prozesua, Iurreta, Ziortza-Bolibar eta Zierbenarekin batera. Apurka, herri horiek bereiztea lortu dute, baina gu hemen gaude oraindik”.

Plataformaren sorrera

Alderdi politikoek ez zietela Usansoloko beharrizanei erantzun bat ematen ikusita, eta bereizketa prozesua bideratu nahian, Usansolo Herria herri plataforma osatzea erabaki zuten 2011n. Hamaika kolore ideologiko eta hainbat joera politikoko usansolotarrek osatzen dute plataforma, eta maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztu zen. 2.800 botoetatik, 1.593 boto lortu zituen, hau da, %62,5eko babesa. Menaren hitzetan, “ukaezinezko gehiengoa”. Ondorioz, herri bilguneak zinegotzi bi ditu Galdakaoko Udalean.

Foru aldundiek dute desanexio zein segregazio prozesuak abiatzeko, garatzeko eta amaitzeko ardura. Hartara, prozesua berriro abiatzeko, batzorde eragile bat izenda zezan eskatu zion plataformak Bizkaiko Foru Aldundiari. Baina ez zuten erantzunik izan, eta, gainera, aldundiko gobernua daroan EAJk jakinarazi zuen lurralde mugen foru araua aldatu gura zuela. “Guri erantzun bat emateko epea bukatzear zegoela, prentsaurreko baten bitartez jakin genuen legea aldatzeko asmoa zutela”.

Plataformak dio bereziki eurentzat egindako legea dela, eta “onartezina” iruditzen zaio. Izan ere, momentu honetan, arau horrek zuzenean Usansolori baino ez dio eragiten, Bizkaian desanexio prozesuan dagoen gune bakarra baita. “Hori ikusita, mobilizatu egin ginen: hasi ginen sinadurak jasotzen, gure eskubideak aztertzen”. Arau berriari zuzenketa aukeztu zion plataformak, eta aurreko arau guztiek egin legez, abian dauden prozesuak martxan jarri zireneko baldintzei egokitzen jarraitzeko eskatu zuten. Baina zuzenketa ez zuten onartu Batzar Nagusiek.

“Aitzakia hutsak”

Herri berri bat sortzeak bikoiztasunak eta “kostu ekonomiko handiak” sortuko lituzkeela argudiatu zuen EAJk aurka egiteko. “Aitzakia hutsak direla uste dugu. Izan ere, Euskal Herrian diren bikoiztasun bakarrak Jaurlaritza eta foru aldundien artekoak dira, ez udalen kontua”, azaldu du Menak. Kostu ekonomikoei dagokienez, plataformako kideak jakinarazi du Usansolon bideragarritasun ekonomikoaren inguruan egindako ikerketa guztiak aldekoak izan direla. “Egoera ekonomiko berezian gaude; hori argi dago. Egin ditzatela behar dituzten ikerketa guztiak, eta ekonomikoki bideragarria ez dela irteten bada, onartu egin beharko genuke. Guk aurrera egin nahi dugu, eta kontra egitekotan, gutxienez argudio sendoak erabil ditzatela”.

Argi dute erabakiaren atzetik “interes bereziren bat” dagoela; bestela, ez dute ulertzen ia 5.000 biztanleko eremu bat zergatik ezin den udalerri izan. “Urruntasuna dela medio, herria ez dute ezagutzen, eta herria ez baduzu ezagutzen, ezin duzu kudeatu, ez dakizulako zeintzuk diren herritarren beharrizanak, eta, beraz, ezin dituzu bete”. Azken urteotan etxebizitzak eta eraikinak egin dira. “Baina nork galdetu dio herriari ea hori den behar duena?” Dioenez, beste beharrizan batzuk dituzte: “Eskola hobetu beharra dago; biztanle kopurua kontuan hartuta, mediku zerbitzua ez da egokia; ez dago eskaintza kulturalik, eta beste hainbat premia baditu Usansolok”.