Diputazioak udalen zorrean parte hartzea nahi dute

Bizkaian, krisiak eztanda egin zuenetik, hainbat udalen “finantza egoera tamalgarria” argitara atera dela adierazi du Bilduk. Hartara, finantza egoera larrian dauden herriak ez alboratzeko galdegin dio koalizioak Bizkaiko Foru Aldundiari. “Herri horiei benetako irtenbidea eskaintzeko, inplikatu dadila nahi dugu”, adierazi du Joseba Gezuraga Bilduko batzarkideak. “Aurreko legegintzaldietan, eta, bereziki, azkenengoan, hartu diren hainbat erabaki arduragabek herrietako kontu publikoak konprometitu dituzte modu guztiz onartezinean”, azaldu du. Bilduren esanetan, foru aldundiak bere garaian ez zituen geldiarazi udalek egindako finantza operazio “guztiz onartezinak”, nahiz eta bere ardura izan, eta orain herri horiek erabat zorpetuta daude.

Martitzenean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernika-Lumon egindako osoko bilkuran, arauz besteko proposamena aurkeztu zuen Bilduk. Ez zen onartu. Hona koalizioaren proposamena: foru aldundiak Udalkutxako ezustekoetarako funtsetik herriei dirua aurreratzea, eta haiek kopuru hori itzultzea, Udalkutxa funtsetik urtero jasotzen duten dirutik %10 deskontatuz. Hori aurrera eramateko, ezustekoen funtsa handitu egin beharko litzatekeela azaldu du Gezuragak. Joan den urteko funtsa jarri du adibidetzat. Izan ere, 5,8 milioi euro aurreikusi zituzten, eta, azkenean, 23 milioi euroraino handitu zen. Bizkaian, herrien zorra, guztira, 13 milioi eurokoa da.

“Bankuekin zorpetzeko exijitu” beharrean, dirua aurreratu dezala eskatu dio koalizioak foru aldundiari. Izan ere, udalen finantza arazoari erantzuteko, foru araua sortu du. Bertan, bankuei kreditua eskatzea proposatu du. Bide horretatik, “arazoa gehiago sakontzea eta udalak gehiago zorpetzea” baino ez dela lortuko egotzi dio Bilduk Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiari. Eskainitakoa, “epe motzeko adabakia” baino ez dela salatu du koalizioak, eta ez irtenbide bat.

“Diskriminazioa herrietan”

Foru aldundia “herrien arteko diskriminazioa” bultzatzen ari dela salatu du Gezuragak. Jeltzaleek gobernatzen duten herrietan —Alonsotegin eta Bakion, esaterako— “diru injekzio handiak” egin direla ohartarazi du, gero udalek euren ohiko gastuetarako erabili dituztenak. “Beste herri batzuetan, Urduña eta Dimaren kasuan, udalek ahal duten gastu doikuntza egin eta bideragarritasun plan landuak aurkeztu dituzten arren, foru aldundiak aukera bakarra eskaintzen jarraitzen du: beste mailegu bat, beste zor bat bankuekin”, salatu du Gezuragak. Adibidez, Urduñako Udalak aurkeztutako bideragarritasun planari Bizkaiko Foru Aldundiak ezezkoa eman diola ohartarazi du Karlos Arranz alkateak.