“Saharaz hegoaldeko Afrikaren leihoa izan nahi du Afrikaberriak atariak”

Euskal Herrian dagoen Afrikako diasporari eta Afrikaren inguruko gaien jakin-mina duen pertsona orori zuzenduta dago Afric’ Forum izeneko gobernuz kanpoko erakundea. Afrikako diasporako jendearentzat topaleku bat izatea du helburu. Hala, Bizkaian bizi diren afrikarrentzako proiektu bat abian jarri berri du erakundeak. Yolanda Garcia erakundeko teknikariak proiektuari buruz hitz egin du.

Zein ikuspegirekin sortu zen Afric’ Forum erakundea?

2006an sortu zen, batez ere, garapen partekatua lantzeko. Baina iruditu zitzaigun Bizkaiko diaspora afrikarra oraindik ez dagoela horretarako prest. Hori dela eta, sentsibilizazio kanpaina bat egiten ari gara, bai Afrikako diasporarentzat, bai gizartearentzat, oro har. Bestalde, Afrikan garapen proiektuak egiten gabiltza.

Nola lan egiten duzue?

Erakundeak berak unean uneko ekintzak antolatzen ditu, kostu ekonomiko txikikoak. Hil hasieran, esaterako, zine foruma antolatu genuen gure egoitzan, emakumeen genitalen mutilazioaren aurkako nazioarteko egunaren karietara. La causa de Kripan filma ikusi, eta eztabaida antolatu genuen, Omer Oke filmaren zuzendariarekin. Proiektu handiagoak diru laguntza publikoen bidez ateratzen ditugu.

Bizkaian bizi diren afrikarrentzako proiektu bat aurkeztu berri duzue; zertan datza?

Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako proiektua da. Bi atal ditu: gaitasunen erregistroa eta Afrikaberriak ataria. Gaitasunen erregistroa gure webgunetik (www.africforum.org) sar daitekeen datu base da. Bertan,Bizkaian bizi diren Afrikako diasporako pertsonei buruzko informazio zabala bildu nahi dugu, prestakuntza profilak eta gaitasun profilak sortzeko asmoz. Nahiz eta asko eta asko lanik barik egon, hainbat gauza egiteko gai direla jakinarazi nahi dugu. Horiekin kontaktuan jarri, estatistikak atera —hartara, profilak hobeto zehazteko— eta zein behar dauzkaten ikusten hasi behar dugu.

Eurekin harremanetan jarri, beharrak ikusi eta, gure esku badago eta finantzaketa iturriak lortuz gero, euren beharrak bete ditzaketen proiektuak martxan jarri. Proiektuarekin bat egin nahi dutenek webguneko galdetegia bete beharko dute, eta euren curriculuma bidali.

Afrikaberriak ataria da proiektuaren beste atala…

Webgune bat da. Bizkaian dagoen diaspora afrikarrarentzat izateaz gain, Afrikaberriak Saharaz hegoaldeko Afrikaren inguruko gaien jakin-mina duten pertsona ororentzat ere interesgarria izan daiteke. Gai guztietako berriak sartzen ari gara bertan, duten hedapen maila dutela: kultur arlokoak, politikari buruzkoak, gizarte gaiak, ekonomia… Baita Afrikari lotuta Bizkaian egingo diren ekitaldiei buruzko informazioa ere. Garapenari lotutako berriak, argitalpenak, ekitaldiak, beste GKE eta elkarteek antolatzen dituztenak, artikuluak…

Zer gabezia ikusi zenuten, proiektua martxan jartzeko?

Afrika oso ezezaguna da Euskal Herrian, baita mundu osoan ere, oro har. Guk Saharaz hegoaldeko Afrika lantzen dugu. Normalean, gudak eta gatazka gogorrak ezagutzen ditugu, baina beste hainbat gertaera azaleratu gabe geratzen dira, hedabideek ez dituztelako zabaltzen. Hori dela eta, Saharaz hegoaldeko Afrikaren leihoa izatea da webgune honen xedea, Afrika mundura ateratzeko, edo gure mundura behintzat.

Zer erantzun espero duzue?

Proiektua hedatu behar dugu orain. Hasieran erantzuna xumea izango den arren, seguru gutxika zabaltzen joango dela. Gainera, hilabetero ekintzak antolatzeko asmoa dugu egoitzan.