Zugaztietako eraikin bat erortzea saihestu nahi dute

Zugaztieta meatzarien auzoan dagoen eraikin bat erortzen ez uzteko eskatu dio Bizkaiko Alderdi Popularrak foru aldundiari.

Arturo Aldekoa PPko batzarkidearen arabera, Magdalena kalean den eraikin hori “egoera penagarrian eta hondatzeko zorian dago”. Etxea ostalaritzako zereginetara bideratu daitekeela uste du Aldekoak. Haren aburuz, neurriak ez badira hartzen, “erroizteak eta hondoratzeak gerta daitezke, eta inguruan jolasten edo paseatzen duten pertsonentzat arriskutsua izan daiteke”. Hori dela eta, Trapagarango Udalarekin harremanetan jartzeko eta eraikina mantentzeko lanak abiatzeko eskatu diote foru aldundiari.