Orientazio Juridikoko Zerbitzua bertan behera utzi dute Bizkaian

Bizkaiko Abokatuen Bazkunak baliabide ekonomikoak ez dituzten pertsonentzako Orientazio Juridikoko Zerbitzua bertan behera utzi du mugarik gabe, doako justizia arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren aurka egiteko. Bi hilabete igaro dira lehenengo protestak abiatu zituztenetik, eta, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak ez dienez erantzunik eman, zerbitzua zarratzea erabaki dute.

Abokatuek azaldu dutenez, dekretu honek beraiei ez dagokien eta doako justiziarekin erlazioa duten lan administratiboak egitera behartzen ditu. Azaldu dute horrek defendatzen dituzten salatuei eragiten diela; haien ustez, arreta juridikoa eman beharrean, bideratze administratiboak egin beharko dituzte aurrerantzean. Bestalde, “dekretua indarrean sartu zenetik, eskaeren eta burokraziaren gorakadagatik, zerbitzuak kolapsatuta” daudela salatu dute.

Baliabide gabekoentzat

Orientazio Juridikoko Zerbitzuak, doako laguntza juridikoa jasotzeko prozesuan, arreta eta informazioa eskaintzen zien herritarrei. Pertsona orok, nahiz eta baliabide ekonomikorik ez izan, prozesu judizialetan bere interesak defendatzeko abagunea izatea zen zerbitzu honen helburu nagusia.

Herrialde bakoitzeko abokatuen elkargoek kudeatzen dute zerbitzua, eta diru publikoaren bidez finantzatzen da. Hori dela eta, eskatzaileek baliabiderik ez zutela frogatu behar dute. Eskaintzen dituzten zerbitzuak askotarikoak dira. Adibidez, prozesua hasi aurretik, doako aholkularitza eta orientazioa eskaintzen dute; baita abokatu baten laguntza edo errekurtsoak jartzeko ordaindu behar ez izatea ere.