Parte hartzaile gabeko parte hartzea

Joan den ostegunean, urriaren 19an, Barrutietako Kontseiluetako ordezkarien hauteskundeak egin ziren Bilbon. Zortzi dira Bilboko barrutiak, auzoen antolaketarako udalak proposatutako egituraren arabera, eta hauetako kontseiluetan udal politikarako ezinbestekoak diren gaiak eztabaidatzen dira: irisgarritasuna bermatzeko obrak, komunitatea sendotzeko ekimenak, udal azpiegituren eraikuntza, auzoetako jaien datak, eta abar.

Eztabaidak distrituetako osoko bilkuretan egiten dira, eta horietan, araudiak adierazi bezala, auzotako eguneroko bizitzan eragina duten elkarteek izan beharko lukete ordezkaritza. Bost taldetan antolatzen direla: auzo elkarteak, gizarte inklusiorako lan egiten duten elkarteak, kultur elkarteak, dendarien elkarteak eta beste motatako elkarteak (azkeneko talde horretan egoten dira, adibidez, eskola edota institutuetako gurasoen elkarteak). Udal hauteskundeen ostean, talde horietan sartzen diren elkarteek aurkezten dute euren burua Barrutiko Kontseiluan ordezkaritza izateko, eta erroldatuta dauden elkarteek dagokien esparrurako ordezkariak izendatzeko botoa ematen dute. Aukeratutako bost elkarteek, talde politiko bakoitzeko ordezkariekin batera, barruti bakoitzeko osoko bilkura osatzen dute. Tamalez, gero eta elkarte gutxiago aurkezten dira hauteskunde hauetara, udal gobernuak jartzen dituen parte hartzerako trabak eta pluraltasun falta salatuz.

Gogoratu beharra dago 1989. urtetik indarrean zegoen araudia 2017n berriztu zela, baina elkarteek egindako ekarpenak —hala nola bozkarako eskubidea izatea edota Barrutietako Kontseiluetan hartutako erabakiak lotezleak izatea—, ez zirela kontuan hartu araudi berrian. Bestalde, 2015-2019 agintaldian hiriko osoko bilkuran parte hartzea bultzatzen zuen tresna sortu zen: hiritarren txanda. Horren bidez, hirian erroldatutako elkarteek osoko bilkurara proposamenak aurkeztu ahal dituzte ordezkari politikoekin eztabaidatzeko. Baina hasierako baldintzak gero eta zorrotzagoak bilakatu dira, eta, egun, bi agintaldiren ostean, oztopo burokratikoen areagotzea dela eta, askoz ere zailagoa egiten zaie elkarteei proposamenak aurkeztea. Modu berean, udal gobernuak gai jakinean inguruan bultzatzen dituen prozesu parte hartzaileen amaieran, eragile gehienek prozesu gidatuak eta itxiak direla adierazten dute.

Gauzak horrela, parte hartzearen eredu izan beharko liratekeen espazio hauek hutsik geratzen ari dira, modu metaforiko eta errealean. Nola bultzatu parte hartzea parte hartzailerik gabe? Nola egin auzolana auzo eragilerik gabe? Premisa hauek kontuan hartuta, udal gobernuaren Partaidetza Sailak erronka handia du agintaldi honetarako, bizirautea.