Iraia Vieira Gil
Gauak ez bezala, goizak lasaiak izan ohi dira Bilboko Zazpikaleetan, dendek 10:00ak aldera pertsianak igo eta atean Zabalik dioen karteltxoa zintzilikatzen duten arte, behintzat. Ordu horretan ateratzen dira etxetik auzokide asko, inguruko negozioetan erosketak egiteko garaia iritsi zaielako gehienetan. Nork ez du noizbait entzun lagunen bat fruta saltzaileari galdezka zenbateko prezioa duten, adibidez, sagarrek? Ohitura horiek gal ez daitezen, Hemengo Shopping izeneko bisita gidatuak antolatu ditu aurten ere Bilbo Dendak elkarteak. Irailetik abendura, hiria ezagutzeko hainbat ibilbide, tailer eta dastatze egingo dituzte, Bilboko komertzioetan elkartuko gara! lelopean.
Hiriko dendak biziberritzeko sortu zituzten Hemengo Shopping bisitak, 2018. urtean. Asmoa urtetik urtera eraldatuz joan da, eta, aurten, zehazki, “inoiz ez bezalako esperientzia” eskaini nahi diote jendeari. Jarduerak “dibertigarriak eta parte hartzaileak” izango dira, eta merkatarien lanaren balioa nabarmenduko dute. Xabier Otxandiano Bilboko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziak azaldu duenez, ezagunak ez diren negozioak “aurkitu eta arakatzeko” balioko dute bisitek.
Hainbat gai landuko dituzte ibilbideetan, eta, guztien artean, garrantzi handia hartu du Betiko Bilbo izenekoak. “Gure aitona-amonek erosketak egiten zituzten dendetara egingo dugu bisita”, aurreratu du Diana Irazabal Hemengo Shopping bisitako gidariak. Bilboko maparen patroiarekin egindako txalekoa darama jantzita Irazabalek, eta prest dago hiriko komertziorik “enblematikoenak” erakusteko. “Martin Ibisate joskintza denda izango da gaurko gure lehen geltokia”.
Oihalak eta bakailaoa
1927n ireki zituen Martin Ibisatek ateak. Josteko materiala saltzen zuen, eta, horrez gain, Singer josteko makina erabiltzen ikasteko klaseak ematen zituzten. Andreak ziren orduko bezero gehienak, eta hala erakusten du negozioaren aurrealdea apaintzen duen argazkiak: hogei bat emakume, josteko makina baten ondoan bakoitza, oihal erretalak dituztela denak. “Denda horren jarraipena gu gara”, berretsi du denda txikiaren jabeak.
Orain, patchwork tailerrak egiten dituzte larunbatetan, eta saltzen dituzten produktu gehienak ere ekintza horretara bideratuta daude. Aurten, gainera, #zurearropapertsonalizatu tailerra antolatu dute bisita gidatuetan; iaz, oihalezko poltsak apaintzeko tailerra egin zuten. “Edonor etor daiteke tailer berezi hauetara. Ez da beharrezkoa josten jakitea”, azaldu du Irazabalek. “Iaz, ume txiki bat etorri zen poltsak apaintzera. Amarekin etorri zen, baina tailerrean geunden guztiak harrituta geratu ginen”, kontatu du, anekdota modura. Heldu askok baino hobeto josten zuen umeak.
Oihalak saltzen ditu Pedro Salcedo Dilula dendak ere. Martin Ibisatetik metro gutxira dago, eta 125 urte daramatza zabalik. Duela sei urte, baina, jabea aldatu zuen. Emakumez osatuta dago lantaldea, eta beste emakume bat dute arduraduna. “Itxura aldatu nahi diogu espazioari, eta vintage ukitu guztiak kendu”, aitortu du dendako arduradunak, inguruko horma batzuk seinalatzen dituen bitartean. Lehenengo solairuan aldaketa guztiak egin dituzte jada, baina bigarrena atontzeko denbora behar dute oraindik.
Ilusioz beterik hasi zuten negozioa Pedro Salcedo Dilula dendan, baina hastapenak ez dira errazak izan. “Prezioak izugarri garestitu dira azkenaldian, eta jendearen erosahalmena gero eta txikiagoa da. Aurrezten duten dirua argia eta janaria ordaintzeko gordetzen dute”, esan du dendariak. Hala eta guztiz ere, aurten izandako turismoak salmentetan ondorio positiboak izan dituela onartu du. Ez da nahikoa, ordea: “Ezin dugu guztia turismoaren esku utzi. Auzoko betiko jendeari saldu nahi dizkiegu guk oihalak”.
Duela hiru urte ireki zuten Le Chocolat gozo denda. Erakusleihoa, erakusmahaia eta barra jartzeko gutxieneko espazioa besterik ez du. Sei pertsona baino gehiago ez dira sartzen dendan; usainak, ordea, oinezkoen arreta pizten du ezinbestean. “Kanela usaina dario!”, harritu da 60 urte inguru dituen emakume bat. Zalantzarik egin gabe sartu da dendara, eta tutuxo bat eskatu dio zerbitzariari. “Txikiak ginenean, gurasoekin etortzen ginen paseatzera, eta tututxoak erosten genituen beti denda honetan”, kontatu du andreak.
Izan ere, aurreko jabeak erretiratu zirenean ireki zuen oraingo ugazabak bere negozioa. “Gozo denda tradizionala da: arrautzak, gurina eta irina dira gure lehengai nagusiak”, adierazi du. Osagaiok oinarri hartuta, zenbait postre egiten dituzte: tututxoak, Bilboko baldosen antza duten gailetak, txokolatea eta arroz pastelak, besteak beste. Gozogintza lantegia dendaren atzealdean dago, eta ordu txikitatik bertan aritzen dira eguneko produktuak egiten. “Duela gutxi asmatu genuen errezeta berria: gurinezko euskal gailetak”.
Zapore gozoa ahoan dutela, elikagai gaziak saltzen dituen komertzio bat ikustera eraman ditu Irazabalek bisitariak. Gregorio Martin du izena, eta garai bateko janari dendetako bat da, denetarik saltzen zutenetakoa. “Ni neu hona etortzen naiz egunero erosketak egitera”, aitortu du Hemengo Shopping ibilbideetako gidariak. Askotariko elikagai eta edariak daude apalategietan, eta, horrez gain, bakailaoa ere saltzen du. “Zeintzuk dira nire xerrak?”, galdetu dio Irazabalek dendariari. “Hauek!”, erantzun dio besteak, esku artean bi xerra gezatu dituela. “Itsasotik atera berriak!”.
Auzoko dendetako saltzaile askok ohitura duten bezala, bakailaoa prestatzeko gomendioak eman dizkio Gregorio Martineko dendariak Irazabali. “Xerra hauek ezin hobeak dira pil-pilean egiteko!”. Eta gidariak erantzun dio “kroketak egiteko ere oso onak” direla. Bisitariei hitz egin die ondoren Irazabalek, esanez Hemengo Shopping ekinbideak ez duela “komertzioa sustatu nahi soilik”; “bezeroen eta dendarien arteko konfiantza garatzea ere lortu nahi du”. Dendariak agurtu ditu orduan, eta Erriberako merkatura abiatu da taldea.
Su artean
Oro har, tokiko produktuak erabiltzea bultzatu nahi du Bilbo Dendak elkarteak bere ekintzen bidez. Hala, Erriberako merkatuan eros daitezkeen osagaiekin kozinatzeko gastronomia tailerrak ere antolatu ditu. Bilboko Ostalaritzako Goi Eskolako irakasleek emango dituzte klaseak, eta plater sinpleak prestatuko dituzte. Norbaitek interes handiagoa izatekotan, ordea, astean zehar ere emango dituzte kurtsoak.
Sukaldean sartu aurretik, bisita gidatuan sukaldaritza eskolak emango dituen sukaldariak bisitariei ohartarazi die pazientzia eta kalitatezko osagaiak izatea dela sukaldean egiteko “sekretua”. “Erabiltzen ditudan osagaien %97 Erriberako merkatuan bertan erosten ditut. Gainerakoak espeziak dira, aurkitzen zailak”, azaldu du. Oinarrizko azalpenak eman ostean, su bana hartzera gonbidatu ditu eguneko bisitariak. Amantala darama soinean, eta seriotasuna transmititzen du haren ahots sakonak. “Prest baldin bazaudete, kozinatzen hasiko gara”.
Bisitariek suaren ondoan dauden amantalak jantzi dituzte, eta mahai gainean dagoen janariari erreparatu diote. “Denbora aurrezteko, nik egindako ozpin-olioa utzi dizuet su bakoitzaren alboan, eta, errezeta amaitu ostean, atun marinatu zatiak ere emango dizkizuet”, gaineratu du eskolako sukaldariak. “Idiazabal gazta krema egitea da zuen gaurko eginkizuna”. Horretarako, beste hiru elementu dituzte sukaldeetan: gazta birrindua, sukaldegaina eta gurina. Kazola txiki batean nahastu dituzte osagai guztiak, su motelean, eta saltsa gehiegi loditu baino lehen amatatu behar izan dute sua.
Emaitzak askotarikoak izan dira: batzuei, kazolara itsasi zaie Idiazabal gazta krema; beste batzuei, erre egin zaizkie saltsak. Bisitari gehienek, ordea, behar bezalako saltsa prestatu dute, eta lortutako emaitzaz harritu dira: “Zer goxoa dagoen!”. Saltsa eginda, sukaldariak eman dizkien ogi zatietan jarri dituzte atun marinatua, ozpin-olioa eta Idiazabal gazta krema. Bizkaiko txakolin kopa batekin lagundu dute hamaiketakoa.
Azaroaren 1ean irekiko dituzte berriz hil horretako ibilbide eta tailerretan parte hartzeko izen emateak, eta guztiz bete arte egongo dira zabalik. Abenduan, beste horrenbeste egingo dute. Sei ibilbide egingo dituzte hilabete bakoitzean. Horrez gain, Internet bidez egin ahal izango diren jarduerak ere eskainiko dituzte.