I. Maruri Bilbao
Bi fenomeno agertu dira azken hamarkadan: smartphoneekiko adikzioa eta buruko gaitzen ugaritzea nerabeen artean. Bien arteko lotura agerikoa dela esan du Telmo Lazkano irakasle eta sare sozialetan adituak (Zumaia, Gipuzkoa, 1994). Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian liburua aurkeztu du asteon, Maitane Ormazabalekin batera. Datorren hilabetean Sopelako Ander Deuna ikastolan egongo da Lazkano, gurasoei eta langileei prestakuntza ematen.
Ume batek smartphone bat erabil dezake? Egokia da?
Modu autonomoan ez luke erabili behar. Ez gara ari teknologia neutro baten inguruan; baizik eta adikzio handia sortzen duten osagaiak dituen zerbaiti buruz. Teknologia guztiak bezala, erantzun behar diote ez eskakizun emozional bati, baizik eta gaitasun edo behar ebolutibo batzuei.
Noiz arte ez daude prest?
Adituek 16 urtetan jarri dute muga. Teknologia enpresetako goi kargudunen seme-alabek ez dituzte erabiltzen 16 urtera arte. Sare sozialak, legez, ezin daitezke erabili 14 urte izan arte.
Zer arrisku dituzte?
Zenbat eta goiztiarragoa izan kontaktua, handiagoa izango da eragina. Helduengan ere eragina du, baina guk gure balioak, autoestimua eta identitatea eraikita dauzkagu, eta gailu hauen influentziarik gabe. Nerabeen kasuan, sare sozialen bitartez jasotzen dituzten imput-ek baldintzatzen dituzte haien balioak, autoestimua eta identitatea. Ikusi behar dugu nola eragiten dien maila kognitiboan, lengoaian, emozioetan, osasun mentalean eta portaeran. Baina kontuan hartu behar dugu zer kentzen digun ere. Euskal Herrian nerabe batek, batez beste, bospasei ordu pasatzen ditu sakelakoarekin egunean. Denbora kentzen ari gara naturari, kirolari, gure emozioekin konektatzeari, arteari, sormenari eta, batez ere, gure arteko harremanei, eta arriskutsua da. Inoiz baino konektatuago gauden mundu honetan, itzela da bakardade sentimendua.
Telefonoen erabilera eta buruko osasuna lotuta daudela diozu. Zergatik?
Hori horrela dela frogatuta dago: erabilera goiztiar eta desegoki batek eragina du buruko osasunean, eta zenbat eta gazteago, orduan eta agerikoagoa. Sakelakoaren erabilerak hainbat arrazoigatik kalte egiten dio osasun mentalari: presio emozional baten menpe bizitzea, ni ideala erakutsi behar izatea eta horretara ez iristea, nerabezaroan beharrezkoa den errekonozimendu soziala jarraitzaile eta atsegin dut kopuruak neurtzen du… Enpresa horiek ere aitortu dute eragina duela nerabeen osasun mentalean. 2020an, The Wall Street Journal-en argitaratutako dokumentuetan, Facebookek —orain Meta— Instagramen erabilerarekin lotu zituen AEBetako nesken suizidioen %6; Erresuma Batuan %13 da datu hori. Erresuma Batuan, nerabeen %32ri beren gorputzarekiko sentsazio desatsegina eragiten die. Kontuan izan Metak 2,9 mila milioi erabiltzaile dituela.
Nola prestatu nerabeak?
Sare sozialak atentzioaren ekonomian oinarritzen dira, osagai psikologiko indartsuak dituzte, eta oso onak dira gure atentzioa erakartzen. Baina, kontuz, txanponaren ifrentzua ere kontuan hartu behar da. Nire behar psikoemozioanalak aseta dauzkat edo telefonoa erabiltzen dut asetzeko? Ahalik eta atsegin dut gehienen bila nabil? Zergatik? Gurasoekin egoten naiz, edo nahiago dut logelan itxi eta sakelakoarekin ibili? Zergatik? Bi aldeak begiratu behar dira, bien erkaketa gertatzen baita. Liburuan bost oinarri nagusi jarri ditugu. Lehena, adina errespetatzea. Bigarrena, heziketa integrala familietan eta eskoletan; teknologian hezi behar ditugu. Hirugarrena, helduok bidelagun eta eredu izatea; familiei eta umeei laguntzen die bidelagunak izateak, bakarrik ez sentitzeak. Laugarrena, legedi koherente bat eta aplikazio seguruagoak izatea. Azkena, inteligentzia emozionala garatzea: Paleolitoko emozioak ditugu, Erdi Aroko instituzioak, eta jainkoen pareko teknologia, eta, ondorioz, amildegi bat sortu da.