Ainhoa Larrabe Arnaiz
Riki, Txuit, Leze, Bat eta Arin. Artaldea gidatzeko lanetan aritzen diren artzain-txakurren izenak dira horiek. Bizimodua ateratzeko era izan da eta da artzaintza bizkaitar zein euskal herritar askorentzat. Eta, ogibide horretan, funtsezko gidaria izan dute artzainek: txakurra. Artaldea gidatzeko lan hori, kirol bihurtu da azken urteetan. Eta saio garrantzitsua dute larunbatean jardun horretan aritzen direnek, Euskal Herriko Artzain-txakur Txapelketa jokatuko baita Atxondoko Elizondoko larreetan. Berezia izango da aurtengo lehia, mende laurdena igaro baita lehen txapelketatik. Ekitaldiak ez dira larunbatera mugatuko, ordea. Asteburu osoan egingo dituzte Abadiñon, Ardi Jaia egitarauaren barruan.
Euskal Herri osoko artzainek parte hartzen dute Gerediagak urtero antolatzen duen lehiaketan. Herrialdekako txapelketetan lehiatzen dira lehenengo, eta ondorengo zita da Atxondokoa. Eta hamaika artzain izango dira larunbateko ekitaldian: lurralde bakoitzeko txapeldunak eta txapeldun ordeak, alegia. Bizkaiko txapelketan Juan Egurrolak eta Aitor Urienek lortu zuten larunbatean jokatuko den finalerako txartela, Leze eta Bat txakurrek lagunduta.
Berezia da Urienen kasua. Abadiñokoa da, eta txapelketako partaiderik gazteena: 25 urte ditu. Baina gaztea izan arren ondo ezagutzen du artzainen jarduna. Kirolean aritu izan dira haren birraitona, aitona eta aita. Eta tradizio hori jaso du berak ere, hamaika urte zituenetik aritu baita kirolean. Edonola ere, artzain-txakurren txapelketez haragoko harremana du Urienek ardiekin. Ibaizabalgo gazta ere egiten du abadiñarrak, eta txapelketa bitartean plazan egongo den Durangaldeko Idiazabalgo gazten azokan, salgai izango dira berak ekoizten dituen esnekiak.
Bi horiez gain, Enrike Mendiguren orozkoarra ere izango da txapelketan, lehen postua lortzeko lehian. Iazkoa irabazi zuten Mendigurenek eta lagun duen Riki artzain-txakurrak. Aurtengo Euskal Herriko finalean zuzenean sailkatu da horregatik. Bi ariketa egin behar izango dituzte parte hartzaileek.
50 urte lehen txapelketatik
Aurtengoa berezia da Gerediaga Elkartearentzat. 50 urte dira txapelketa lehen aldiz antolatu zela, eta, horregatik, azken mende erdian izan diren 50 irabazleak omenduko ditu elkarteak larunbateko ekitaldian. 1967an egin zen Euskal Herriko lehen artzain-txakur txapelketa, Mañarian. Eta urtero, Durangalde eskualdeko herri batean egin dute jaia. Azken txapelketetarako, Atxondoko Elizondoko landetako talaia aukeratu du elkarteak ekitaldia egiteko; Anboto mendiaren magaleko lurretan, alegia. Txapelketara sartzeko sarrera lau euroan salduko dute, eta, lehiaren ondoren, gazta eta ardoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek, trukean.
Bien bitartean, ardi arrazak ezagutzeko erakusketa jarriko dute plazan, eta azoka ere egingo dute. Gazteek artzainen lana ezagutzeko, tailerrak ere prestatuko ditu elkarteak, eta Latxine izeneko ardi erraldoia jarriko dute, txirristan ibiltzeko. Lehen orduan, Atxondo inguruko mendiak zeharkatzeko aukera izango dute korrikalariek, Atxondon hasi eta bukatzen den Sorginen mendi lasterketan.
Larunbateko ekitaldiez gain, asteburu osoko egitaraua prestatu dute Gerediagakoek 50. urtemuga ospatzeko. Gaur arratsaldean hasiko da Ardi Jaia. V. Baserri Eguna egingo dute Abadiñoko Matiena auzoan, eta, besteak beste, inguruko ekoizleen produktuak jarriko dituzte salgai.
Iganderako, transhumantzia antolatu dute Abadiñoko Udalak eta Alluitz Natura elkarteak. Artzainek, neguko hotzetik ihes egiteko artaldearekin egiten duten bidearen zati bat egiteko aukera izango dute herritarrek: Atxartetik Urkiolako santutegira doan bidea. Familientzako tailerrak eta jolasak ere egingo dituzte transhumantziako ibilbidea bukatzean.