“Hondartzan oso energia ona dago tai txia egiteko”

Arratsaldeko bostak, Sopela eta Barrika artean, Meñakotz kalatxoan. Denboraleak itsaso bizi eta zakarra ekarri du Bizkaiko kostaldera, eta Meñakotz ez da salbuespena. Harrotuta dago itsasoa, ilun eta nahasi. Euria barra-barra ibili da. Hotzak ere ez du neguko postal hau galdu nahi izan.

Ez dago inor Uribe Kostako paraje eder honetan; ez dago udan txosnaren inguruan batzen diren udatiarren arrastorik. Neguan Meñakotz ez dago modan. Baina bada neguan ere kalara egunero joaten denik ere. Haitzen artean David Bustamante (Barrika, 1975) agertu da, irribarretsu, eta, ohi legez, ortozik. Egunero bezala, itsasoa ikustera joan da. Olatuak daudenean surfean aritzeko aprobetxatzen du, baina olaturik ez dagoenean ere ez du bainua hartzeko aukerarik galtzen: “Korrika egitera joaten naiz, eta horren ostean bainua hartzen dut Meñakotzen, negua izanda ere”.

Barrikan jaiotakoa izanik, Bustamantek beti sentitu du lotura berezia hondartza horrekin: “Hau da nire lekua; kala honek eman dizkidan momentuak ez ditut inon izan. Betidanik ibili naiz hemen; ez dakit zenbat ordu eman ditudan”. Oreka sentitzen du leku horretan: “Egonean egon, lasai-lasai. Ez dut besterik behar”.

Surfean aritzeko olatu aproposak egonez gero, bainua hartzeaz gain, ohola hartu eta olatuekaz dantzan ibiltzen da Zuku. Ezizen horregaz ezagutzen dute gehienek Uribe Kostan: “Txikia nintzenean, nire anaia oso indartsua zen, eta ni txikia… Zumosol deitu hari, Zumotrol niri, ondoren Zumo bihurtu, eta, azkenean, Zuku deitzen didate”.

Surfarekiko afizioa ere txikitatik datorkio Zukuri: “Txikitan koltxoneta eta puzgarriekaz ibiltzen nintzen hondartzan. Gero kortxoagaz hasi, 20 urtera arte, eta, orain, 18 urte daramat oholagaz”. Surfa zaletasuna da berarentzat, ez du lanik egiten horretan profesional legez: “Profesionala… oso profesionala naiz, kar-kar! Baina ez naiz honetaz bizi. Hori bai, laguntzak izan ditut; orain adibidez enpresa batek trajeak ordaintzen dizkit”.

Modu batera edo bestera, lotura estu-estua sentitzen du Bustamantek itsasoagaz. Lehen, adibidez, arrantzan ere ibiltzen zen: “Urte askotan ibili nintzen, baina gero arrainak lagunak bihurtu ziren eta… ezin dituzu lagunak jan!”. Hortaz, kainabera utzi arren, barrikoztarrak itsasoagaz olgetan jarraitzen du: “Itsasoan gorputza eta arima batzen dira, eta gaurko munduan horrek garrantzi handia du. Beti gabiltza gauzak egiten automatak moduan, baina ez gaude arimagaz batera. Itsasoan bibrazio hori sentitzen dut, gure izaeragaz lotuta”. Bere ustez, itsasoan estresa eta arazoak desagertzen dira: “Mundua den bezalakoa sentitzen dut: bakarrik zaude olatuakaz, lasaitasunean. Burua itsasoagaz lotzen da, eta lotura hori geratzen da bakarrik”.

Ez du imajinatzen bere burua itsasotik urrun bizitzen. Ingalaterran ingeniaritza ikasketak egin zituen lau urtez, baina badaezpada ez zen kostaldetik gehiegi urrundu: “Portsmouthen egon nintzen. Ferryan joaten nintzen, eta pare bat aldiz polizoi legez bidaiatzen harrapatu ninduten. Kar-kar!”. Kalifornian ere bizitzeko aukera izan zuen, baina kostaldetik urrun, eta, aitortzen duenez, ez zen oso atsegina izan: “Kalifornian nengoen, barnealdean, eta ez dut ostera ere horrelakorik esperimentatu gura, oso txarto pasatu nuen”.

Surfaz gain, Zukuk ere beste pasio bat du: tai txia. Sopelako Tai Txi taldeko kidea da, eta eskolak eskaintzen ditu. “Beti gustatu zaizkit arte martzialak. Lagun batek tai txi egitera animatu ninduen, eta geroztik bete-betean ibili naiz. Iñaki Zunzunegi izan zen nire irakaslea, eta jarraitzen du izaten”. Normalean tai txi eskolak Sopelako kiroldegian eta Ander Deuna ikastolan eskaintzen ditu, baina eguraldi ona dagoenean hondartzara jaisten dira: “Oso energia ona dago hondartzan tai txi egiteko: itsasoa, mendia, egunsentiak… Geratzen den argia eta energia oso aproposa da, nahiz eta tai txia egiteko harea ez izan onena!”.

Aldarrikapenerako tartea ere izaten du Bustamantek. Peñatxuri surf taldeko kide gisara, natura eta ingurunea errespetatzeko hainbat ekimenetan parte hartzen du: “Hori da gure filosofia, ez da bakarrik surfa edo kirola egitea, baizik eta hondartza zaintzea, naturarekiko lotura sustatzea”. Hori dela eta, hainbat ekintza burutu dituzte azkenaldian: hondartza inguruko lursailen garbiketak eta bertoko espezieen landaketak, besteak beste.

Horretaz gain, barrizkotarrak hainbat surflarik bultzatutako Itsasorantz ekimenean parte hartzen du, euskal gatazkaren konponbidearen alde: “Oso proiektu polita da. Surflarioi itsasoak batzen gaitu, eta erronka hau da: nola egin ahal dugu surflariok sentimendu hori beste batzuei sentiarazteko?”. Helburu horregaz, hainbat ekintzatan parte hartu dute, gatazkaren konponbidea lortzeko bidean: “Euskal Herria itsasontzi baten modukoa da; bertan pentsaera eta nortasun ezberdineko herritarrak gaude. Eta itsasontzia hondoratzen bada… denak hondoratuko gara! Indarrak batu behar ditugu itsasontziak aurrera egin dezan!”.