Oraingoentzako plaza

Oraingoentzako plaza

A. Igartua Aristondo

Bigarren urtez, BEST Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketak hainbat belaunaldi eta diziplinatako artistak elkartuko ditu. Bihar, Bilboko Euskalduna jauregiko 0D aretoan izango da hitzordua: hitzaldiak egongo dira, baita askotariko ikuskizunak ere. Streaming bidez ikusteko aukera ere egongo da. Parte hartzeko, izena eman beharra dago webgunean: Best.eus. Zelako Kultur Ideiak elkarteak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

Goizean, hitza izango da oinarria. 10:00etan, sortzaileek behar dituzten baliabideez mintzatuko dira Eire Larrea dantzaria, Kristina Mardaras bertsolaria, Eider Iturriaga argazkilaria eta Agurtzane Intxaurraga zinema eta antzerki zuzendaria. 12:15ean, norbere burua sortzaile izendatzeko uneaz eta oztopoez ariko dira Irantzu Varela kazetari eta ekintzaile feminista, Uka la Dotline tatuatzailea, Olatz Gorrotxategi antzerkigilea eta Izaro Ieregi artista plastikoa. June Fernandez kazetari eta ekintzaile feministak gidatuko ditu bi mahai inguruak. Saio bakoitzaren ostean, ariketa kolektibo bat egingo dute, Artaziak Koopen eskutik.

Bertsoak, musika eta beste

Arratsaldean, ekintza izango da hizpide topaketan. Ikuskizunak egingo dituzte Iholdi eta Ibabe Beristain antzezleek (17:30ean), Lorelei Green musikariak (18:00etan) eta Adriana Bilbao dantzariak (18:30ean). 19:00etan, emakumeek egindako artisau garagardoen dastaketa egingo dute Bogak eta La Txika de la Cervezak. Eta, 19:30etik aurrera, bertsotan eta umorez bukatuko da topaketa, Bertsopotorre emanaldiarekin: Ane Lindane, Raquel Torres, Maria Blanco eta Mirari Martiarena bakarrizlariak eta Oihana Bartra, Jone Larrinaga, Maite Sarasola eta Nerea Ibarzabal bertsolariak ariko dira.