Mikel Garcia Martikorena
Gaur egun, zaila da pentsatzea dantzan dabiltzan bi lagun bata bestearengandik gertu ez egotea. Erromeria bateko dantzariak, esaterako. Baina duela ez hainbeste urte ezinezkoa zen horrelako dantzak herriko plazetan ikustea. Izan ere, Euskal Herriko txoko askotan galarazita zegoen bikoteek lotuta dantza egitea, bekatutzat baitzuten askok. Frankismoaren errepresioaren parte izan zen dantza galaraztea. Urteak pasatu ahala, debekua kenduz joan zen Bizkaiko udalerrietan ere; Zeanurin, ordea, gehiago itxaron behar izan zuten, azkenetarikoa izan baitzen baltseoa, agarraua edo dantza lotua baimentzen. Duela hirurogei urtekendu zuten debekua.
Jon Urutxurtuk 1963: Zeanurin baltseoen debekua amaitu zenekoa artikulua argitaratu du aurten, Labayru fundazioarekin, eta, haren ustez, dantza lotua Arratiako udalerrira beranduago heldu zen, herriak Eliza katolikoarekin zuen lotura “estuagatik”. 1935ean, adibidez, Zeanuriko 2.600 biztanleetatik 267 apaizak, fraideak edo mojak ziren; Hego Euskal Herrian biztanleko erlijioso gehien zuen herria zen.
1939tik debekatua
Josu Larrinagak Dantza sueltoa: estilo bat, hainbat ikusmolde artikuluan argitaratutakoaren arabera, dantza lotua 1939ko maiatzaren 8tik aurrera egon zen ofizialki galarazita Zeanurin, aurretik ere dantzatzea gaizki ikusita zegoen arren. Dantza lotua edo baltseoa Europan hedatzen zebilen balsetik eratorritako dantza da. Austriako gorteetatik zetorren erritmoak bestelakoekin nahastu ziren, eta jota arratiarra bezalakoak sortu ziren. Europako beste lekuetan ez bezala, Euskal Herrian errotzea zaildu egin zitzaion, “moralitateti erlijiosoa” zela medio. Are gehiago, Larrinagak azaldu du 1940ko hamarkadan “normala” zela “bekatuen aitortza edota absoluzioa galaraztea” dantza lotua egiten zutenei.
Urutxurtuk dioenez, Eliza ez zen dantzaren aurka agertu zen estamentu bakarra izan: “Zeanuriko erromerietan normala zen alguazila bikoteak banatzen ikustea, elkar ukitzea saihesteko”. Hortaz, gazte asko inguruko herrietara joaten ziren; Arteagara, esaterako. 1962an, lotuta dantzatzea debekatuta zegoen arren, erromeria paralelo bat antolatu zuten Zeanuriko gazteek herriko Andra Mari jaietan.
‘Infernuko hauspoa’
Baina bizilagun denak ez zeuden baltseoa Zeanurin dantzatzearen alde. Jon Urutxurtuk adierazi duenez, lotuta dantzatzearen aurkako abestiak kantatzen zituzten. Abesti horietan, “jantzara [dantzara] mutilak itxi baltseo zikina!”, “aurrera neskatxak ohitura garbiakaz!” eta “zuen ohitura onekaz zapaldu beti jantza nahastua” bezalakoak aipatzen zituzten. Are gehiago, Urutxurtuk esan du Zeanuri “infernuko hauspoaren aurka” agertu zela: “Esan ohi da Zeanuriko agintariak akordeoiaren aurka eta txistuaren eta danbolinaren alde daudela. Izan ere, trikitiarekin baltseoa jotzen zen, eta txistuarekin eta danbolinarekin, berriz, dantza soltea”.
Harreman estua dute baltseoaren debekuak eta trikitiari infernuko hauspoa deitzeak, biak bekatuarekin lotzen baitziren, dantzatzerakoan bikoteak elkarri lotuta egotea eragiten zuelako. Larrinagaren aburuz, garai hartan Bizkaian nagusi zen “kontserbadurismo tradizionalistak” gaizki ikusten zuen gizonek emakumeei gerritik helduta dantzatzea, munduan bikoteak elkartzeko dantzek garrantzia irabazten zuten bitartean, Euskal Herrian dantza askeak eta ingurutxoak baino ez zirelako dantzatzen.