Gazte ekintzaileak

Langabezia datuak gorantz doazen garai hauetan, lanpostu duin bat izatea ia-ia luxua bilakatu da gazteentzat. Ez da erraza lan munduan sartzea; horrenbestez, gazte askok prestakuntzan sakontzea erabaki dute. Bitarte horretan, han eta hemen curriculumak banatzeari ekiten diote.

Badira hizkuntza berri bat ikasi edo esperientzia berri bat bizitzeko apustua egin eta Euskal Herritik kanpora alde egiten duten gazteak ere. Hemengo egoera ekonomiko txarra aitzakia hartuta, herrialde eta kultura berri bat ezagutu eta bertako hizkuntza menperatuta bueltatzeko asmoarekin abiatzen dira horietako gehienak. Euskal Herritik kanpo lan merkatu zabalagoarekin topo egiteko asmoarekin alde egiten dutenak ere ez dira gutxi.

Gazte asko dago garai hobeen zain. Bolada txar honen ostean egoera hobetuko den esperantzarekin, krisi ekonomikoa deritzonari aurre egin eta ahal duten moduan moldatzen direnak alegia. Inora alde egin barik eta ezeren zain egon barik dauden gazteak ere badira; lan barik egoteaz nekatuta, eta beraien gustuko zereginetan aritzeko, enpresak sortu dituzte gazte horiek. Bakoitzak bere esparruan, eta abiapuntua proiektu txikietan jarrita etekinak ematen dituzten enpresak sortzen ari dira han-hemenka.

Bizkaiko Hitza-k ekintzaileek bultzatutako proiektu txiki bi ezagutu ditu. Herrian eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten dute gazte ekintzaile horiek. Langabezia egoerari buelta eman, eta beraien enpresa sortu eta kudeatzera igaro diren gazteak dira.

Guztiak langabezian egon dira orain arte, edo beharra izan dute, baina baldintza kaskarretan aritutakoak dira. Orain arte egindakotik ikasitakoa orain beraien proiektuan martxan jartzeko erabiliko dute.