Alkateek Mungiatik Gerekizerako bidea hobetzea nahi dute

Arrieta, Morga, Errigoiti eta Fruizko alkateek Mungia eta Gernika lotzen dituen BI-2121 foru errepidea konpon dezala eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailari. Bidea egokitzeko eta zabaltzeko obrak martxan dira Gamiz-Fikara eta Arrietara joateko bideak hartzen diren biribilgunearen parean; baina horrekin ez dela nahikoa eta “Gerekizko gainerainoko errepide osoa” konpondu beharko litzatekeela adierazi dute Fruizko Udaleko ordezkariek.

Errepide horretatik gero eta ibilgailu gehiago igarotzen dira. Lau herriotako ordezkariek azaldu dutenez, azken urteetan, bai ibilgailu partikularren bai ibilgailu astunen kopurua egunetik egunera handitzen joan da. Mungian Txorierriko lasterbidera lotura egin zutenetik, zirkulazioak nabarmen egin du gora. Izan ere, Autzaganeko gaina gurutzatu beharrean, errepide hori hartuta, azkarrago hel daiteke Busturialdetik Loiuko aireportura, Bilboko portura eta hiriburura. Hala, “bidea konpontzea beharrezkoa” dela ohartarazi dute.

Eskatzaileen iritziz, foru errepide horren ezaugarriak —zabalera eta bihurguneak— eta mantentze egoera ez dira egokiak etengabe haziz doan zirkulazio hori jasateko. Horren ondorioz, gainera, segurtasuna gutxitu da.

Txirrindularientzat, arriskutsu

BI-2121 foru errepidea txirrindularientzako lehentasunezko bide izendatuta dago; baina horrek ez du esan nahi bide segurua denik. Batez ere, asteburuetan ibiltzen dira. Errepide horretan badira txirrindularien zirkulazioaz ohartarazten duten seinaleak; hala ere, bide zati batzuek ez dute bazterbiderik, eta leku askotan arazoak suertatzen dira gidariak eta txirrindulariak batera pasatzean. Lau udalerrietako ordezkarien arabera, “ez ditu betetzen txirrindulariak ibili ahal izateko baldintzak”.

Bestalde, hainbat bihurgune arriskutsu daudela azpimarratu dute. Horrez gain, urtarrilean egindako euriteek askatzeak eragin dituztela esan dute, eta, ondorioz, errepidean pitzadurak agertu direla.

Joan den irailean elkartu ziren lau herriotako alkateak eta Herri Lan Saileko ordezkariak errepidearen egoerari buruz eztabaidatzeko. Alkateek jakinarazi dutenez, “orain hasitako obrek ez dute zerikusirik iaz egindako eskaerekin”. Hobetze lanak udalerriei dagokien errepide zati guztian egitea eskatu zuten, eta, oraingoz, ez dira egin. “Bidea nahiko txarto dago, eta kamioi asko pasatzen dira”, ohartarazi dute. Gainera, hobetze lan horiek baliatuta, Fruizko Udalak udalerriaren erdigunea eta balio turistiko handia duen harrobi zaharra lotuko dituen bidegorri bat egitea ere eskatzen du.

2009ko abenduaren 16an eginiko ohiko osoko bilkuran Fruizko Udalak Mungialdeko Lurralde Zati Planaren aurrerapenari emendakinak aurkeztea adostu zuen. BI-2121 foru errepidearen saihesbidearen proiektua Lurralde Zati Planaren behin betiko dokumentuan txertatzea eskatu zuten, besteak beste.