Gasolina darie iturriei

Gasolindegietako langileen lan hitzarmena berritzeko borrokak 46 egun iraun du. Abenduaren 20an hasi zuten greba mugagabea, eta, azkenean, asteartean sinatu zuten akordiorako oinarria Aevecar patronalarekin; Repsol, Campsa, Shell eta sektore honetako beste talde handiak biltzen dituen erakundearekin, hain zuzen. Ostera, Cebek patronala —erregaien konpainia txikiagoak biltzen dituena— akordiotik kanpo geratu da, lan hitzarmen berria bertan behera uzteko aukera debekatzen duen klausula ez duelako onartu.

Baina, honako hau ez da izan gasolindegietako enplegatuek egin duten lehenengo greba. 1989an ere langileak grebara joan ziren. Garai hartan, lanuzteak 37 egun iraun zituen.

Badira sektorean aspaldikoak diren beharginak eta bi grebak ezagutu dituztenak. Horietako bi Bizkaiko Hitza-rekin aritu dira solasean, eta greba hauen arteko desberdintasunak aztertu dute.

Jose Luis Merinok (Palentzia, 1957) eta Jose Foruriak (Gernika-Lumo, 1956) 35 urte baino gehiago eman dituzte gasolindegietan lanean. Ondo baino hobeto ezagutzen dituzte kolektibo honen nondik norakoak, eta bi greben artean “ezberdintasun itzelak” sumatu dituztela adierazi dute. 1989ko grebaren testuingurua oso desberdina izan zela kontatzen dute. 1980ko hamarkadan soldata duin baten alde borrokatu ziren. Lansaria oso baxua zen. “Eskura eta beltzean egindako ordainketak asko ziren. Ia guztia diru beltza zen; eskupeko asko genituen. Gainera,estatu mailako hitzarmena miseria bat zen, ez zegoen ezer araututa”, azaldu du Foruriak. Lan baldintzak ere erregulatu gabe zeuden. Merinok azpimarratzen duenez, “bizi-kalitate hobea lortu nahi genuen; baimenak edo lizentzia ofizialak, adibidez. Egutegia ere egun batetik besterakoa zen. Arduradunarekin izaten genuen harremanaren arabera libratzen genuen”. 1989an langileak guztientzako eskubide berdinak eskatzeko elkartu ziren. “Guztiok berdin kobratzea lortu nahi genuen, ez batzuek pribilegioak izatea eta besteek ez”, dio Foruriak.

Kolektiboaren izaera asko aldatu dela aipatzen dute. “Gasolindegietako lana hilabete batzuetarako zen. Ostean, fabrika batera alde egiten zuen jendeak”, Foruriaren arabera. 1989az geroztik, egoera aldatuz joan da. ELA sindikatuko bi kideok adierazten duten moduan, lehen ez ziren multinazionalak existitzen eta enpresari batentzat egiten zen lan. “Lehen, norbere gaitasunak zuen pisurik handiena lanean; orain, aldaba onak eduki behar dira”, kexu da Merino.

1980ko hamarkadan gasolindegi batean lan egiteak “aktibitate bat zela” uste dute. “Egun, gasolindegi batean lan egiten baduzu, enplegu bat duzu; lehen ez zen hala”, argitu du Foruriak. “Askok eskupekoa ematen ziguten, baina, eskean ibiltzen ginelako. Esate baterako, autoen kristalak garbitzen genituen. Batek gasolina bota eta besteak autoa garbitzen zion gidariari; semaforoetan gertatzen den antzera. Azken batean, behartu egiten zenituen eskupekoa ematera”, gaineratu du.

Gaur egungo lana bestelakoa da. “Lehen denetarik egiten genuen; orain, ezin zaio auto bati bonbilla bat aldatu, adibidez. Egun, erantzukizun handia dugu. Pentsa buxia bat aldatzen duzula eta gidariari zerbait gertatzen zaiola. Akabo! Produktu homologatuak baino ezin ditugu saldu”, dio Foruriak.

“Nitasuna”

Bi langile hauen arabera, piketea askoz eraginkorragoa izan zen aurrekoan. “Nik gogotsu ikusi ditut gazteak; baina, gehiago mugitzen ginen lehen”, gogoratzen du Merinok. Langileen artean “nitasuna” gailentzen dela uste dute. “Guk 20 urte genituenean, borroka ulertzeko modua desberdina zen. Gutasuna zen garrantzitsuena, denok batera zerbait lortzea”, gaineratzen du Merinok. Krisiak markatutako egungo egoera ekarri dute gogora, eta horrek langileengan sortarazten dituen oztopoak. “Lehen noiz kanporatuko zintuzten desiratzen zeunden, ea zer edo zer hobea topatzen zenuen. Orain asko dago jokoan. Azkenean, gazteak apur bat atzeratzen dira eta beteranook gidatzen dugu taldea”. Hala ere, balantze positiboa egin dute. Gutxi gorabehera 400 langile aritu dira protestan eta horietatik 50-60 inguruk “oso aktiboki” gainera.

Azken greba “oso gogorra” izan dela azpimarratzen dute. Animoa eta gogoa desberdina izan dira egun batetik bestera. Gainera, sindikatu asko egonda, “ados jartzea zaila izan dela” azaldu dute. Hala ere, Eusko Jaurlaritzatik egindako esfortzua txalotu dute; aldeak hitz egitera “behartu” baititu.

Mugikortasunaren arazoa

Nahiz eta patronalak eskainitako hitzarmena onartzea adostu duten, mugikortasun klausula batekin ez daude ados. “Edonoiz, edonora mugi zaitzakete”, diote. Lan zentrotik 20 kilometroko muga ipini dute; hala ere, horiez gain etxetik lan zentrora egin behar direnak ez dituzte kontuan hartu. Merinok azaldu duenez, eskatu dutena da mugikortasuna justifikatuta egotea. “Negozioaren amortizazioagatik bada, baimentzea. Kontrara, gaixo agiriengatik edo ezustekoengatik baldin badira, jatorriko lanpostua manten dezatela eskatzen dugu eta enplegu hori inork ez okupatzea”. Foruriaren arabera, “kontrolik gabeko mugikortasuna basakeria da; enpresariaren nahikeriagatik egina”. Puntu hau arautu nahiko lukete.

Asteartean, akordioa sinatuta, emozioa nagusi izan zen. Gazteenek borrokarekin gauzak lor daitezkeela ikasi dutela uste dute bi beterano hauek. Baina, “nola sentituko dira greba hausleak?”, galdetzen dute. Merinoren arabera, “onura aterako diote nahiz eta borrokatu ez”. Foruriak bere buruari galdetzen dio ea barkamenik eskatuko ote duten edo lankideen borrokara gehituko diren. “Gainontzeko langile taldeentzat eredugarri izatea nahi genuke”.