Aitzindariaren pausoei segika

Aitzindariaren pausoei segika

Ibai Maruri Bilbao

Bere garairako aurreratua izan zen Andres Espinosa (Zornotza, 1903-Bilbo, 1985) alpinista zornotzarra. “Mendia elitista zen haren sasoian. Diru arazorik ez zutenak joaten ziren mendira. Espinosak, ostera, herrikoiagoa egin zuen. Aberats-aberatsa ez zen. Diru gutxiagogaz, abentura moduan hartu zuen”, esan du Jokin Berrio mendizaleak. Urtero, urrian, Espinosaren omenezko ibilaldi bat egiten dute Zornotzan, eta Berrio arduratzen da bezperan ibilbidea ondo dagoela ikuskatzeaz eta egunean bertan gidari lanak egiteaz. Aurtengoa, etzi egingo dute, eta alpinistaren jaiotzaren 120. urteurrena gogoratuko dute.

Berriok kontatu duenez, Espinosa Zornotza inguruko mendietan hasi zen, haiek ezagutzen, eta, apurka, urrunagoko mendietara joan zen. Europako Mendietan Urriellu gaina igo zuen. “Lehenengoetan ez zen izan haren asmoa, baina gorantz jarraitu zuen”. Alpeetan, Mont Blanc ere igo zuen, 1929an, abarkekin eta inork lagundu barik. Hiru gau igaro zituen elur artean. Astebetera, Cervino. “Esaten dute ez zela izan Cervino bakarrik igo zuen lehena, baina bai soka barik eta bestelako barik egin zuena”. Alpeetako kanpainari esker, English Alpine Club elkarte sonatuak ohorezko kide izendatzea ekarri zuen. Club Alpino Español eta Club Alpino Peñalara elkarteek ere ohore hori bera eman zioten.

Afrikan ere ibili zen: Berrioren arabera, galduta ibili zen, baina Kilimanjarora igotzea lortu zuen, 1930ean; aurrena izan zen. Horrez gain, Himalaiako mendikatera joan zen lehenengo euskal mendizalea ere izan zen: “Ez dakit Everestera joateko asmorik izan zuen. Himalaiara joateko baimenarekin arazoak izan zituen, astebete lehenago norbait desagertu zelako mendian. Sasoi hartan ingelesen esku zegoen, eta ez zioten utzi igotzen. Lortu izan balu, lehen euskal mendizalea izango zitekeen zortzimilako bat igotzen”.

Oihal denda bat izan zuen Espinosaren aitak, eta herentzian jaso zuen. “Ez zuen familiako negozioan jarraitu gura; hori ez zen haren ametsa. Horregatik, saltzea erabaki zuen, eta, hortik atera zuen diruagaz, mendi ibilerak finantzatu zituen. Andres Espinosak egiten zuena ez zen ohikoa izaten garai hartan”.

ANDRES ESPINOSA

Bi ibilbide

Gaur egungo zornotzarrentzat ezaguna da Andres Espinosaren izena, baina uste du ez direla behar beste ezagutzen haren ibilerak. Hori aldatzeko, hainbat gauza egin dira azken urteetan. PR-BI-74 Andres Espinosa izeneko ibilbide homologatua dute Zornotzan, eta hori da etzi osatuko dutena. Jauregibarria parketik abiatuko dira. Han dago herriko alpinistaren inguruko informazioa ematen duen panela, eta han egiten du Berriok urtero Espinosaren bizitzaren errepasoa parte hartzaileentzat. Helduak 08:00etan abiatuko dira. Jauregibarriatik Condor industrialde izandakora joango dira —2019tik Zubipunta du izena—. Han, ezkerrerantz egingo dute, Txolonera joateko.

Etxanorantz jarraituko dute gero; handik, San Juan Ergoienera. Institutu ingurutik jaitsi, eta Ategorrin agertuko dira. Handik, Larreara. San Bartolomera joko dute ondoren; Munitxetik, Zabaleko auzoan agertuko dira. Handik, San Juan Okendora. Segidan, Bizkargiko bidea hartuko dute, baina, gora heldu baino lehen, San Migel auzorantz joko dute, eta Aldanan agertuko dira. Beherantz jo, Isasi eta San Isidroko bidea pasatu, eta Zornotzara itzuliko dira. 22 kilometro pasatxo denera. Umeak 10:00etan abiatuko dira, eta sei kilometroko ibilaldi laburragoa osatuko dute.