Mikel Garcia Martikorena
2015etik 27 pertsona hil dira suteen ondorioz Bizkaian, eta horietatik %75 etxebizitzetan izan dira; gehienak, sukaldeetan, Itsaso Olaberrieta Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuko Prebentzio arloko ofizialaren arabera. Halakoak saihesteko, informazio kanpaina bat abiarazi dute Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko prebentzioko, suhiltzaile eta salbamenduko zerbitzuek, sute bat piztuz gero nola jokatu behar den irakasteko.
Bereziki etxebizitzetan pizten diren suteetan jarri dute arreta. Prebentzioa da kanpainaren helburua; hortaz, etxean sutea piztuz gero zer pauso eman behar diren azaltzen duen infografiez osatutako kartel bat egin dute, euskaraz zein gaztelaniaz. Bizkaian lau solairu eta zortzi etxebizitza baino gehiago eta bizilagun guztiek erabiltzen dituzten eskailerak dituzten eraikinetan banatuko dituzte kartelak. Hau da, 28.600 auzokidek jasoko dituzte kartelak datozen egunetan; dagoeneko banatu dituzte batzuk.
Prebentzio kanpaina bat dela azpimarratu du Ager Izagirre Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak. Prebentzioa “oso garrantzitsua” dela uste du, ondo eginez gero “bizitzak salba” ditzakeelako: “Kanpainaren bitartez, Bizkaiko herritar denak ahaldundu nahi ditugu, informazio guztia eskura izanda, sute baten aurrean izanez gero erabakirik egokiena hartu ahal izateko”.
Etxebizitza barneko suteen arrazoiak hamaika izan daitezke, baina “asko oharkabean” gertatzen dira. “Indukzio plaka edo labea piztuta uzteagatik, konexio blokeetan gailu gehiegi konektatuta izateagatik, edota zigarro bat piztuta ahazteagatik gerta daitezke suteak, besteak beste”, ohartarazi du suhiltzaileak.
Lasaitasunaz harago
Sute baten oinarrian hamaika arrazoi egon daitezkeenez, arduradunen esanetan “funtsezkoa” da horiek gertatzean jarduten jakitea. Ezinbestekotzat jo dute bi erakundeetako ordezkariek lasai egotea, baina, hortaz gain, jarraibide “erraz” batzuk gehitu behar direla nabarmendu dute. Kartelek oinarrizko jarraibideak eskaintzen dituzte hiru kasuetarako: sutea eraikineko beste etxebizitza batean dagoenean; sutea norberaren etxebizitzan denean eta ihes egin daitekeenean; eta sutea norberaren etxebizitzan denean baina ezin denean eraikinetik irten.
Eraikineko beste etxebizitza batean sortu bada sutea, kez betetako eskaileretatik ez da irten behar kalera. Olabarrrietak puntu hori “nahitaezkotzat” jo du. Izan ere, “asko” kea arnasteagatik hiltzen dira, suhiltzaileak dioenez. Eraikineko eskailerak kez beterik daudelako etxetik ateratzea ezinezkoa den kasuetan, etxeko atea itxi, eta toalla edo trapu bustiekin atearen zirrikituak itxi behar dira. Larrialdi zerbitzuetara deitu, eta suhiltzaileek ikusteko leku batean jarri behar da, haiek heldu arte.
Sutea norberaren etxean piztu eta ihes egiteko aukera baldin badago, ate guztiak itxi eta eraikinetik alde egin behar da. Giltzak kanpoan utzi edo larrialdi zerbitzuei eman behar zaizkie, haien lana errazte aldera. Larrialdi zenbakira deitu, eta inguruan gelditu, toki seguru batean.
Sutea norberaren etxebizitzan piztu baina ihes egiteko aukerarik ez balego, sutetik ahalik eta gehien urrundu behar da, kanpainako informazioak dakarrenez. Distantzia eraginkorragoa egiteko, bitartean dauden ate guztiak itxi behar dira. Leihoa duen gela batean babestea da gomendagarriena, larrialdi zerbitzuak pertsonaren bila joan daitezen.
Prebentzioaren eraginkortasuna handitu eta sutearen kalteak “gutxitzeko”, Amaia Arregi Bilboko Udaleko Segurtasun zinegotziak ke detektagailuen instalazioa azpimarratu du: “Hogei euro baino gutxiagoko inbertsioari esker, bizitzak salba ditzakegu, sutea hasieran indargabetua daitekeelako”. Ildo beretik jo du Olabarrietak, eta eraikinetan su itzalgailuak izatearen garrantzia ekarri du gogora. Babes Zibilarekin harremanetan jarriz gero horrelakoak lortzeko aukera dagoela gaineratu du Arregik.
Informazioa eskura
Informazio kanpaina abiaraztea ez da izan ausaz hartutako erabakia. Izan ere, iaz 554 sute piztu ziren Bizkaiko etxeetan, eta aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, 475 piztu dira. Gainera, adinekoak dira hildakoen %80; gehienak, kea arnasteagatik. Hortaz, suteetan zer urrats egin behar diren adierazten duten kartelak haien egunerokoan izatea “beharrezkotzat” jo dute erakundeek.
Ateak ixteak berebiziko garrantzia duela dio suhiltzaileak: “Karteletan jasotzen ditugun hiru kasuetan azpimarratzen dugu ateak ixtea, benetan lagungarria delako sutea hedatu ez dadin”. Gainera, ateak itxiz gero, kalte material gutxiago izan ohi dira.