Diru publikotik jasotako euro bakoitzeko, 6,35 itzuli dituzte Lantegi Batuek

Lantegi Batuak erakundeak gizarteari sortzen dion aberastasun sozioekonomikoa neurtu du —elbarriei lana emateko asmoz sortu zen erakunde hori—, eta, hori egiteko, metodologia berria sortu du EHUren laguntzarekin. Ikerketa horren arabera, erakunde publikoen aldetik jasotako euro bakoitzeko, Lantegi Batuek 6,35 euro itzuli dizkiote gizarteari.

Ikerketan, besteak beste, honako hauek neurtu dituzte: Lantegi Batuek sortutako balio sozioekonomiko zuzena eta zeharkakoa, administrazio publikoari zenbat diru aurreztea ahalbidetzen dioten eta urritasuna duten horien familiei eragiten zaien onura.

EHUko lantaldearen buru Jose Luis Retolaza ibili da. Haren esanetan, Lantegi Batuek 2011n Bizkaian sortutako balio sozioekonomikoa 68 milioi eurora heldu zen. “11,4 milioi euroko diru laguntza publikoak jaso zituzten, eta 43 milioi eurotik gora jaso dituzte bueltan administrazioek”. Azken kopuru hori zehazteko, Lantegi Batuetan behar egiten duten langileek gizarte segurantzara eta ogasunera egindako ekarpena, euren zaintzan aurreztutako dirua eta antzeko aldagaiak hartu dira kontuan.

Azken bost urteetako azterketa ere egin du Retolazak: “Lantegi Batuek 2008tik sortutako balio ekonomikoa 444 milioi euro izan dira. Epe horretan erakundeak 62,1 milioi jaso ditu diru laguntza gisa. Administrazioek, oro har, 184 milioi jaso dituzte bueltan”. Datu horiekin, bada, ondorioztatu dute jasotako euro bakoitzak sei eurotik gorako irabazia itzultzen diola Bizkaiari.

Retolazaren esanetan, halako enpresek diruz zenbatu ezin daitezkeen irabaziak ere ematen dizkiote gizarteari. “Beharginei poz izugarria sortzen die lana izateak, eta gurasoei erabateko lasaitasuna. Hori nola zenbatzen da? Oraingoz ez dakigu nola neur daitekeen modu horretan sortutako aberastasuna”, azaldu du EHUko ikerlariak.

Lantegi Batuetako presidente Txema Francok azaldu du krisi ekonomikoa izan arren 150 enplegu sortu dituztela. “33 milioi euroko inbertsioa egiteko ahalegina egin dugu, ezinbestekoa iruditu zaigulako. Ikusi dugu enplegu arloan hartu diren neurriak ez direla egokiak izan, eta erakutsi dugu enplegu politika aktiboen ordua dela”.

Metodologia, edozeinentzat

EHUko ikerlariek sortu duten metodologia hori edozein enpresarentzat da baliagarri. Retolazak gizarte zerbitzuei lotutako enpresak aipatu ditu, baina helburu ekonomikoak dituztenek ere erabil dezaketela nabarmenduz. “Merkataritza enpresek ere gizarteari ematen dioten irabazi soziala neurtu beharko lukete. Nire ustez, behintzat, etorkizunak hortik joan beharko luke”. Izan ere, haren esanetan, gaur egungo kontabilitatea diru sarrerei eta diru irteerei begira egiten da, bestelako aldagaiei erreparatu gabe. “Langileek soldatari eta akziodunek irabaziei begiratzen diete”.

Haren ustez, halako ikerketekin lor daitezkeen emaitzak barne produktu gordina baino neurgailu aproposagoa izango lirateke. “Enpresek gizarteari egiten dioten ekarpena diruz neur daitekeena baino gehiago da. Herrialde baten egoera zein den ezagutzeko, neurgailu justuagoak aurkitu beharko genituzke”. Haiek asmatu duten metodologia, doiketak eginda, edozein enpresarentzako baliagarri dela dio.