Iraia Vieira Gil
Emakumeek norberarena den gela bat behar dutela aldarrikatu zuen lehen aldiz Virginia Woolf idazleak XX. mendearen hasieran. Ordutik ehun urte igaro igaro diren arren, espazio propio baten beharra dute oraindik ere emakume askok. Arrigorriagako Lamiaena Emakumeen Etxeak harremanak saretzeko eta norberak nahi duena egiteko lekua eskaini nahi die andreei. “Eraikinaren erabilera hori bultzatu nahi dugu; emakumeak ezer egin gabe egoteko espazioa da, eta bertan haien arteko sinapsiak sortzeko aukera dute”, azaldu du Pili Alvarez Arrigorriagako Udaleko Berdintasun teknikariak. Biharko, zehazki, etxearen urteurrena ospatzeko ekintzak antolatu dituzte udalak eta Lamiaenako kide diren andreek.
Urtebete darama zabalik Lamiaena Emakumeen Etxeak, eta, Alvarezen ustez, “oso fin” ari dira elkarlanean. “Jende guztiak ez gaitu ezagutzen, baina ahalik eta pertsona gehien erakarri nahi dugu. Bereziki, emakumeak badira”, zehaztu du. Oraingoz, askotariko profilek osatzen dute Lamiaenako komunitatea: 19 urte ditu andrerik gazteenak, eta 83, zaharrenak. Berdintasun teknikariak adierazi duenez, emakumeetako batzuk informazio eske hurbildu dira, eta, azkenean, bertako kide egitea erabaki dute. Beste askok, berriz, egunero erabili dute hasieratik. Talde feministek, esaterako, bilerak egiten dituzte Lamiaenan. “Denentzako espazio ziurra izan dadin nahi dugu”.
Neska gazteak erakartzea da hurrengo urteko helburu nagusia. “Beste etxe batzuetan gertatzen den moduan, hemen ere zaila da neska gazteek horrelako herri mugimenduetan parte hartzea”, aitortu du Alavarezek. Kideek borroka horretan jarraitzen dute, eta lehen aurrerapausoak ematea lortu dute. “Neska gazteek osatzen dituzten taldeekin hitz egin dugu, baina oraindik ez dugu ezer adostu”. Ordea, eraikinean inork erabiltzen ez duen gela bat haientzat gordeko dutela aurreratu du Berdintasun teknikariak. “Gura duten moduan atontzea da asmoa, gela horretako protagonistak soilik haiek izango direlako”.
Gainerako protagonistak
Haien pribilegioak eta maskulinitatea zalantzan jartzeko prest dauden gizon guztiek ere zabalik dituzte Lamiaena Emakumeen Etxeko ateak. Baldintza bakar bat aipatu die Alvarezek: argi izan behar dutela ez dela solas hutsean aritzeko espazio bat. Herritar guztien artean eta emakumeen parte hartzearekin eraiki beharreko proiektua dela azpimarratu du ondoren teknikariak. “Hori da, azken finean, politena: udalaren eta Lamiaenako kideen artean hartzen ditugula erabaki guztiak”.
Hain zuzen ere, Lamiaena eraikitzeko ideia Arrigorriagako Udalaren proiektu batetik jaio zen. “Prozesu parte hartzaile baten bitartez diseinatu genituen Emakumeen Etxearen itxura, funtzionamendua eta helburu nagusiak”. Herritarren onarpena jaso bezain laster, kultur etxe ohiaren eraikina hautatu, eta Lamiaena Emakumeen Etxea egiteko erabili zuten. “Gauza biek bat egin zuten: Emakumeen Etxea eraikitzearen kezkak eta hutsik zegoen leku eder batek”.
Gaur egun, “askotariko espazioak” dituzte emakumeei eskaintzeko. Amarauna izenekoa da, beharbada, denetan libreena. “Balkoia, terraza, sofak, kafe makina eta mikrouhin makina ditu, eta emakumeak ezer egin gabe egon daitezke bertan”. Batzuek liburu bat daramate noizbehinka, eta besteek kideekin dituzten harremanak indartzeko aprobetxatzen dute denbora. “Haien eskuetan dago nola igaro nahi duten gelan dauden momentu hori”.
Beste etxe askok ez bezala, Lamieneak ez die eskaintzen emakumeei arreta psikologiko eta juridiko berezia. “Indarkeria matxistaren inguruko informazioa behar duen emakume bat etortzen baldin bada, entzuketa aktiboa egingo genuke, eta, behar izatekotan, beste zerbitzu batzuk eskuratuko genizkioke”,. Oraindik ez zaie halakorik gertatu, baina badaezpada ere prest daudela ziurtatu du.
Bihar egingo dute etxearen lehen urteurrena ospatzeko ekitaldia, 14:30ean, eta, egunerokoan bezala, askotariko emakumeek hartuko dute parte: inguruko dantza taldeetan daudenek, Afrikako dantza egiten dutenek, kick boxing entrenatzen direnek eta defentsa pertsonalean adituak direnek, adibidez. “Emakume horiek guztiek euren lekua izan nahi zuten, eta tailer propioak eskainiko dituzte, guk egindako egitarauaz gain”.