Lehoien zirkuak ehun urte

Joan den domekan bete ziren ehun urte San Mames futbol zelaia izango zenaren lehen harria jarri zutenetik. 1913ko urtarrilaren 20an izan zen. Urte bereko abuztuaren 21ean inauguratu zuten, norgehiagoka batekin. Iruneko Racing taldean aurka lehiatu zen Athletic. Shepherd’s Busc FC talde ingelesak ere parte hartu zuen inaugurazio torneoan.

Athletic 1898an sortu zuten. Hasieran Lamiakon jokatzen zuten, Leioan, baina txiki geratu zitzaien zelai hura. Neguriko (Getxo) Jolasetako zelaia ere ez zen taldearen beharrizanak asetzeko behar besteko tamainakoa. Hala, zelai berri bat eraikitzearen aldeko iritzia zabaltzen hasi zen.

Bilboko Aurrezki Kutxaren lursail bat aukeratu zuten, Erruki Etxe Santu eta Errealaren ondoan. Ongintza erakundearen egoitzan San Mames santuari eskainitako eliza dago, eta handik hartu zuen izena futbol zelaiak. III. mendeko ume kristau bat izan zen Mames. Fedeari uko egiteari muzin egin zionez, lehoietara bota zuten eta elezaharrak dio animaliok baretzeko gai izan zela. Hori dela eta, elizetako erretauletan ondoan lehoi bat ondoan duela agertzen da. Baita Erruki Etxekoan ere. Horregatik deitzen zaie lehoi Athleticeko jokalariei. Arrazoi beragatik dauka zelaiak berak Katedrala ezizena.

Hasieran 3.500 lagunentzako lekua zeukan. 1920ko hamarkadan handitu egin zuten, 9.500 ikusle kabitu ahal izateko. 1952an erdiko tribuna eraiki zuten. Haren gainean jaso zuten gaur egun futbol zelaiaren ikur den arkua. Obra horri esker, 47.000 zalerentzako lekua lortu zuen San Mamesek. 1957an eraiki zen Kaputxinoen kaleko tribuna, 1961ean Erruki Etxekoa eta 1972an ekialdekoa. Gaur egun, 40.000 lagunentzako lekua dauka.

Futbol zelaia Munduko Txapelketaren egoitzetako bat izan zen 1982an. Hain zuzen ere, D taldeko kide ziren taldeak han lehiatu ziren: Ingalaterra, Frantzia, Txekoslovakia eta Kuwait. Aurretik 1976-77ko denboraldiko UEFA kopako finala ere San Mamesen jokatu zen. Athleticek 2 eta 1 irabazi zion Juventus talde italiarrari, bueltako partidan. Hala ere, joanekoa 1-0 galdu zutenez, Turineko taldeak eskuratu zuen kopa.

Gizonezkoak ez ezik, andrazkoak ere ikusi ditu jokatzen. Emakumeen taldeak hainbatetan jokatu du San Mamesen, duela 10 urte sortu zenetik. Hain zuzen ere, azken partida urtarrilaren 5ean jokatu zuten, urteurren biribil hori ospatzeko. Arsenal talde ingelesa izan zuten aurkaria. 1 eta 0 nagusitu ziren bilbotarrak.

Kirola, ikuskizunak eta kultur ekitaldiak ere izan dira San Mames zaharrean. Bereziki, musikaz gozatu ahal izan dute milaka bizkaitarrek. Besteak beste, Bruce Springsteen, The Rolling Stones, Shakira eta AC/DC taldeak igaro dira bertatik. Futbol taldeak mendeurrena ospatu zuenean, gainera, Luciano Pavarotti tenore italiarrak abestu zuen zelaian.

Ekitaldi xumeak

Garai berezia da, bada, futbol taldearentzat. Kirol arloan duen sasoi traketsa ahazteko ondo etorriko zaie zelaiaren mendeurrena ospatzea. Josu Urrutia presidentearen esanetan, “momentu historikoa” da, eta ospatzea merezi du. Hala, hainbat ekitaldi eta ekintza antolatu dituzte aurtengo denboraldia bukatu arte geratzen diren hiletarako. “Ekitaldi xume baina handiak izango dira”, aurreratu du.

Mendeurrena agerikoa egiteko, San Mamesen kanpoko aldean efemeridearen logoa jarri dute. 100 zenbakia da ardatza. Haren gainean, futbol zelaiaren ikur den zubia ikusten da. Azpian, berriz, San Mames idatzi dute, eta beherago Athleticen armarria ageri da 1913. eta 2013. urteen erdian. Poza kaletik ikus daiteke. Horrez gain, asteon hasita, lehiakide dituen talde guztiei futbol zelaiaren maketa txiki bat oparituko diete. Sorreran Bilboko futbol taldearekin harremana izan zuen Atletico Madrid izango da aurrenekoa. Norgehiagoka bakoitza hasi aurretik banatuko dira. Hala, Espainiako futbol ligako talde guztiek jasoko dute bana.

Futbol zelaian bertan dagoen museoan eskaintza zabaldu eta argazki historikoen erakusketa bat jartzeko asmoa ere iragarri du Urrutiak. Oraintxe, prestatzen dabiltza, eta datozen asteetan inauguratuko dute. Horrez gain, zelaiaren historia jasotzen duen liburua eta dokumentala ere argitaratuko dira. Hala ere, ospakizun nagusia futbol partida bat izango da. Denboraldia bukatutakoan jokatuko da, baina oraindik ezin izan dute Athleticen aurkaria nor izango den zehaztu.

Zelaiak eraisten dituztenean, ohikoa izaten da soropila bazkideen artean banatzea. Urrutiak adierazi du oraindik ez dutela horren inguruko erabakirik hartu, baina ez du baztertu. Dena den, Athleticzaleek gustura eramango lukete etxera hainbeste une gogoangarri eman dizkien zelaiaren zati bat, 100 urte hauen oroigarri gisa.