Bilboko gazteei begira

Hiriko gazteen kezkez “arduratuta”, gazteria alorreko politikei buruzko “zeharkako, kontsultarako eta partaidetzarako” prozesu berria abian jarri duela iragarri du Bilboko Udalak, joan den martitzenean. Bilbo Gaztea deritzo prozesu berri horri. Prozesu “zeharkako, partaidetzako eta entzuketa aktiboaren aldeko” gisa definitu dute.

Udalaren arabera, prozesu horren helburua honako hau da: “Gazteriaren alorreko politikek helburu duten zerbitzua bera gainditu eta hirian bizi diren 13 eta 35 urte bitarteko pertsonen premiekin bat etorriko den esparru zabalagoa eskaintzea”. Behatoki hori “Bilboko gazteen kezkez eta jarduerez” arduratuko dela azaldu dute. Horrez gain, hiriburuko gazteen bizi proiektuak eraikitzen lagunduko du, eta, horrela, hiriaren beraren garapena bultzatu.

Horretarako, udalak iragarri du udaleko sail guztiez gain “kanpoko eragile garrantzitsuen laguntza” ere jasoko dutela, haien partaidetzari esker “entzuketa aktiboan oinarrituko diren bestelako partaidetza estrategiak” sortu ahal izango dituztelakoan. Bizkaiko Gurasoen Elkartea, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), Deustuko Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira eragile horiek. Udalaren “lehentasunezko proiektuen ardatza parte hartze aktiboa” dela errepikatu dute.

Udalak iragarri du prozesua hiru esparrutan lan egiteko dela: esparru pertsonala, bizitza ohituren esparrua eta hiritar kontzientziaren esparrua. Horietako bakoitzak hainbat gai sakonduko ditu, eta gai horiek Bilbo Gazteak bete beharko dituen helburu nagusiak zehaztuko dituzte. Prestakuntza, lana, etxebizitza, kontsumoa, aisia eta kultura, osasuna, nortasuna, parte hartzea eta balioak landuko dituzte, hain zuzen.

Gazte Abertzaleak Eusko Alkartasuneko gazte erakundeak, ordea, partaidetza prozesua “losintxa kanpaina hutsa” dela salatu du.

Gazte erakundearen esanetan, gainera, prozesu horrek “ez ditu aintzat hartu Bilboko gazte erakundeak, eta ez dituzte udal bileretara gonbidatu”. Hala azaldu du Asier Gomez erakunde horretako bozeramaileak.

Gogora ekarri duenez, parte hartzen duten udaletik kanpoko eragileetatik “EGK soilik da gazte erakundea berez, eta, beraz, inondik inora ezin daiteke esan Bilboko gazteriaren iritzia kontuan hartu duen partaidetza prozesua izan denik”. Hori dela eta, Bilboko Udaleko Gazteria Sailari eskatu diote “EGK ez dezala erabili udalaren utzikeria estaltzeko aitzakia gisa”.

Gazteria Sailaren “gardentasun falta” salatu du Gomezek. Haren esanetan, ez dakite zenbat gaztek parte hartu duten prozesuan, ez diete zehaztu zein den parte hartzaileen profila, eta prozesuaren emaitzak ere ez dituzte jakinarazi. “Gazteria arloak kea besterik ezin du saldu herritarren aurrean, ez baitute su on bat pizteko adinako gazteria politika sendorik”, ondorioztatu du Asier Gomezek.