Mikel Garcia Martikorena
Gizarte hobe bat izatea”. Hori da, Bilbo Izan taldeko Ylenia Robredo langilearen ustez, Bilboko Udalak 36ko gerraren inguruko egindako Gerra Zibila Bilbon: atzera begira proiektuaren helburua. Bilbo Izan taldeak biltzen ditu udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak hiriaren funtsa zabaltzeko antolatzen dituen egitasmo guztiak. Urtero legez, gertakari edo historiako atal bat hautatu, eta horrek hirian zelako eragina izan zuen erakusten dute. “Bizilagun askok ez dakite zer gertatu zen hirian”, azaldu du Robredok. Aurten, 36ko gerra eta haren osteko Francisco Francoren diktadura garaia izan dituzte gai nagusi.
Erakusketak eta haurrentzako jolasak antolatu dituzte, besteak beste, 1936tik aurrera gertatutakoak azaltzeko. Baina ekintza horietatik guztietatik bat gailentzen da: ibilbide historiko gidatuak. Pasa den martxoan hasi ziren, eta hil honen bukaerara bitarte egingo dituzte. Hilabetero gai ezberdin bat ari dira jorratzen; hil honetan, gerraosteko urteak dira gaia. Astean behin egin dituzte euskaraz ibilbideak, ostegunetan; azkena, hilaren 28an egingo da.
Iraileko ibilbideak Emilio Campuzano ikastetxe parean hasten dira. Propio erabaki zuten hala egitea; izan ere, gerraosteko hezkuntza du hizpide ibilbidearen hasierak. Bilbon —Hego Euskal Herrian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian gertatu zen bezala—, frankismoak alde batera utzi zuen Espainiako II. Errepublikak ezarritako hezkuntza askea, eta “aldaketa sakona” egin zuen egun batetik bestera. “Eskoletan, Errepublikaren aldeko irakasleak kaleratu zituzten”, esan du Robredok.
Hezkuntza aldaketan, emakumeak izan ziren kaltetuenak: “Unibertsitatean ikastea galarazi zitzaien”. Eskola, ordea, ez zen izan emakumeek galdu zuten esparru bakarra, Bilbo Izan taldeko gidariak dioenez, etxe barruan zokoratuta geratu baitziren: “Diktadurak ezarritako lan forua zela eta, emakumeek lana utzi behar zuten ezkontzen zirenean, arreta familian jarri ahal izateko”.
Bi mundu kontrajarri
Dena den, ikasten eta lan egiten jarraitu nahi zuten emakumeak egon bazeuden. Haiek Zerbitzu Sozialetan parte hartu behar zuten, “jantoki, ospitale edota umezurtzen etxeetan lan eginez”, gaineratu du Robredok. Emakume haietako bat da Itziar Gerrikaetxebarria, Bilboko gerraostean jaiotako emakumea. Robredok argitu bezala, ohikoa da ibilbide horietara Gerrikaetxebarria bezalako jende “asko” joatea: “Txikiak eta gazteak zirenekoak kontatzen dizkidate ibilbidean zehar. Asko ikasten dut haiekin”.
Gerrikaetxebarriak bikain gogoratzen ditu frankismoaren azken hamarkadak. Haren historia, baina, ezberdina da Bilboko beste emakume askoren historiarekin alderatuta. 1972an, 19 urte zituela, Ingalaterrara joan zen idazkari moduan lan egitera: “Esperientzia itzela izan zen. Hemen genuenarekin alderatuz, guztiz kontrakoa zen mundu bat aurkitu nuen Ingalaterran”. Hego Euskal Herrian, emakumeek ezin zuten bankuan kontu korronterik eduki euren aitaren edo senarren baimenik gabe, eta 21 urte izan arte ez zituzten adinez nagusikotzat hartzen.
Gerrikaetxebarriak “independente” izatea lortu zuen atzerrian: “19 urterekin jada nire dirua nuen; are gehiago, txekeak egiteko gai nintzen!”. Bilbotarrak azaldu du berak bizitakoa “ezohikoa” izan zela: “Oso emakume gazte gutxi joaten ziren atzerrira bizitzera”. “Pozik” dago garai hartatik gaur egunera emakumeen egoerak izan dituen “hobekuntzengatik”; hala ere, uste du oraindik “asko” dagoela egiteko.
Hizkuntza lehertu
Frankistak Bilbora heltzear zeudela, Errepublikaren aldekoek zubiak lehertu zituzten haiek ibaia gurutzatu ez zezaten. Frankistak Bilbora sartu zirenean, bestalde, jendea batzeko erabiltzen zen beste zerbait lehertu zuten: euskara. Gerrikaetxebarriak gogoan du zein gogorra zen garai hura hizkuntzari dagokionez: “Gure gaztaroa gogorra zen, baina aitarena, are gogorragoa. Esaten zigun bera gaztea zenean ezin zela ‘agur’ ere esan”. Itziar Gerrikaetxebarriak nagusitan ikasi behar izan du euskara. Robredo Bilbo Izan taldeko langileak dio horrelako egoerak “ohikoak” zirela, “autozentsura” zabaldu zelako.