Urdaibaiko presidenteak 9,5eko nota jarri dio denboraldiari

Urdaibaiko presidenteak 9,5eko nota jarri dio denboraldiari

Mikel Garcia Martikorena

Bederatzigarren aldiz irabazi du Bermeo-Urdaibaik Eusko Label liga. Larunbatean Bermeoko bandera bereganatu ostean bihurtu ziren matematikoki traineruen ligako txapeldunak, nahiz eta estropada bat geratzen zen jokatzeko. Zierbena eta Hondarribia gelditu dira haren ondoren sailkapean. Denboraldi osoan egon da aurreneko postuetan Bermeoko trainerua. Zierbenako Bandera hirugarren jardunaldian irabazi ostean, beste hamar bandera aireratu ditu Bermeoko taldeak, azkena larunbatean, bermeotarren aurrean. Denboraldi osoan soilik hiru aldiz izan da Bou Bizkaia lehen hiru traineruak baino motelagoa. Erregulartasun horri esker lortu dute liga poltsikoratzea. Agustin Aranburu Bermeo-Urdaibaiko presidenteak uste du 9,5 notakoa denboraldia izan dela; “beti dago zerbait hobetzeko”.

Ez dituzte soilik liga eta 11 estropada irabazi: Urdaibairen historian laugarren aldiz, Eusko Label liga eta Donostiako Kontxako Bandera irabazi ditu Bermeoko taldeak denboraldi berean. Oso “harro” sentitzen dira aurten egindakoarekin; halere, Aranburuk argi utzi du “errekorrak haustea” ez dela haien helburua: “Pozten gaitu, noski, Kontxa eta liga urte berean irabazteak, baina gure denboraldi hasierako helburua ez da izaten errekorrak haustea. Guk irabazteko gai den talde bat osatzen dugu, eta gero dena irabazten badugu, hobeto”.

Goian mantentzea, ordea, ez da erraza. Iaz liga irabazi eta estropada onak egin zituen arren, horrek ez zuen zertan esan nahi aurtengo liga ere irabaziko zutenik. “Arrauna kirol oso gogorra da: fisikoki eta mentalki asko eskatzen du”, dio Bermeo-Urdaibaiko presidenteak. Are gehiago, hasieratik talde “indartsua” zutela bazekiten arren, zalantzentzako momentuak ere egon dira.

Gazitik gozora

Bermeotik Galiziara egindako lehen bidaia ez zen izan Urdaibaikoek espero zutena. Uztailaren 2ko estropadan bosgarren sailkatu ziren, Zierbenatik 20,38 segundora. Coruñan jasotako kolpe hura “gogorra” izan zela baieztatu du Aranburuk: “Liga irabazteko gogoz geunden, baina aurreneko estropadan horrelako kolpea hartzeak zalantzak eragin zituen. Sailkapenaren arrazoiak aztertu ostean, konturatu ginen erru handiena eguraldiarena izan zela. Beraz, aurrez erabakitakoarekin jarraitzea erabaki genuen”. Ondo atera zitzaien hautua.

Ziabogaz ziaboga, banderak Bermeora ekarriz joan ziren Iker Zabala entrenatzailearen mutilak. Garaipenek motibazio eta indar handiagoa ematen ziela dio presidenteak: “Irabaziz zoazen heinean, gehiago nahi duzu. Indartsu ikusten ginen”.

Ligako tripulaziorik “onena” izan dutela uste du, eta taldeak “bikain” erantzun diela aurrean izan dituen oztopo guztiei: “Akats gutxien egin duen taldea izan gara. Hori da, azken batean, irabazteko gakoa: zure aurkariak baino akats gutxiago egitea”. Horri esker, Kontxako Bandera ekarri zuten Bizkaira hilaren 10ean. Donostiako bi jardunaldiak irabazi zituen.

Familia bat legez

Liga ziurtatzeko estropada azkenaurreko jardunaldian heldu zen, Bermeon. “Denboraldia nola zihoan ikusita, helburutzat jarri genuen Bermeon irabazi eta liga etxean ospatu ahal izatea”. Kirol gehienetan etxean jokatzen duenak irabazteko aukera handiagoa izaten ditu. Arraunean, baina, ez da beti horrela izaten; are gutxiago Urdaibairen kasuan. Bou Bizkaia traineruak ez zuen herriko bandera irabazi 2016tik, eta arraunlariak buru-belarri aritu ziren irabazi ahal izateko.

Diru asko dutelakoan, “futbolean arabiarrak legez jarduten duzue zuek arraunean”, entzun behar du behin baino gehiagotan Aranburuk, eta asaldatu egiten da hitz horiekin. “Gure taldean sei urte baino gehiago daramaten arraunlari asko daude. Gustura daudelako da hori, taldea familia bat legez hartzen baitugu”, dio Aranburuk. Gaineratu du kirolean diruarekin ez dagoela garaipena ziurtatua: “Arrauna itsasoan irabazten da, ez bulegoetan”.