Lanean hasi dira Gobelan

Ura Uraren Euskal Agentziak astelehenean hasi zuen Gobela ibaiaren ibilgua moldatzeko lanen azken zatia. Getxon dabiltza beharrean, Errekagane inguruan, Leioako zubia eta Valdes-eko gainezkabidearen arteko zatian. Agentziak azaldu duenez, bi txandatan egingo dituzte. Urak aurreikusi duenez, orotara, 30 hilabete iraungo du hirugarren faseak. Horretarako, hamalau milioi euroko aurrekontua izango dute.

Agentziaren arabera, obra horien helburua “Gobela ibaiak eremu horretan eragiten dituen uholdeak murriztea” da. Izan ere, ibaiaren emaria hazten den aldiro, gainezka egiten du. Besteak beste, ibaiaren egungo ibilgua zabaltzen ari dira, emaria handitzen denean ingurura irten ez dadin. Hau da, funtzionamendu hidraulikoa hobetzeko. Uraren emariari oztopoak kenduko zaizkio; zubiak eta gurutze guneak, esate baterako. Edo beste batzuekin ordezkatuko dituzte. Ibaiaren habitat naturala ere hobetuko dute, ahalik eta ingurumen integraziorik handiena lortze aldera.

2008ko uholdeek eraginik handiena izan zuten eremuetan hasitako lanekin jarraituko dute hirugarren fasean —Salsidun eta Negurin, hain zuzen—. Guztira, 762 metroko luzera edukiko du obrak. Lehen txandan, 406 metro hartuko dituen zatian ibiliko dira, Cristobal Valdes eta Avanzadako zubiaren arteko inguruan. Hemezortzi hilabete iraungo du. Bigarren txandan, berriz, aipaturiko Avanzada zubiaren eta Leioako etorbidearen arteko tartean ibiliko dira. 356 metro horiek moldatzeko, hamabi hilabete beharko dituzte. Obrak bukatu ostean, lehenengo zatian, ibaiaren ibilguak 11 metro izango ditu zabaleran; gaur egungoa halako bi. Bigarren zatiak, ostera, hamalau metroko zabalera edukiko du.

Getxoko Udalak azaldu duenez, hasi berri duten fasea proiektuko garrantzitsuena izango da. Getxoko alkate Imanol Landak azaldu duenez, obren hasiera egunak “ez dauka zerikusirik” joan den astean izandako euriteekin. Hala ere, bizilagunek gogorarazi dutenez, lan horiek 2012rako espero zituzten. Lan horiek bukatu bezain laster, proiektuaren laugarren fasea hasiko da, Fadura inguruan.

Ura agentziak azaldu duenez, proiektuak ingurugiroaren zaintza bermatuko du. “Kutsadura kontrolatuko dute, eta obrak egingo dituzten esparrutik gertu dauden zuhaitzak, zuhaixkak eta landaredia babestuko dituzte”. Besteak beste, zuhaitz asko birlandatuko dira lanak amaitzean. Gainera, azpimarratu dute natur gune babestuei ez diela eragingo. “Adibidez, obrak ez dira Bolueko hezegunera helduko, bertan arrain hiruarantza [Gasterosteus aculeatus] egon daitekeelako eta egoera horrek neurri bereziak eskatzen dituelako”, adierazi diote Bizkaiko Hitza-ri.

Toki publikoetan, aldaketak

Espazio publikoari dagokionez, aldaketak egongo dira Errekagane kalean bertan. Kiroldegiaren ondoan dagoen oinezkoen ibilbideari eusteaz gain, jarraipena emango zaie Arenas Club izeneko parkeko bideari eta bidegorriari, Makalen hiribidearekin lotzeko.

Beste alde batetik, Getxoko Udala eta Erromo auzoko Itzulbaltzeta gaztetxeko kideak ados jarri dira Gobela bideratzeko lanak direla eta. Segurtasun neurriengatik, gazteek Errekaganeko pabiloiak utziko dituzte, eta udalak Ezequiel Agirre kalean duen eraikin batera mugituko dira. Gainera, Erromoko Eskola Publikoko etxabeak biltegi moduan erabili ahal izango dituzte. Gobelako obrak bukatzen direnean, Errekaganeko pabiloietara bueltatuko dira. Getxoko PP kexu agertu da, eta kargu hartu dio alkateari, gaztetxeko kideei publikoa den eraikin bat uzteagatik.