Uda ostean emango dio lekukoa San Mames zaharrak berriari

Josu Urrutia Athleticeko presidenteak adierazi duenez, San Mames Barria proiektua martxa onean doa. Hala, futbol zelai berriaren egitura bukatuta dago, eta barruko eraikuntza lanak egin behar dituzte orain. San Mames zaharrak hilabete gutxiren buruan itxiko ditu ateak, behin betiko, aurtengo liga denboraldia bukatzearekin batera. Hala, hurrengo denboraldian berdegune berrian jokatuko dute futbolariek, eta harmaila berrietatik animatuko dituzte zaleek. Urrutiaren esanetan, futbol zelai berria ere San Mames deituko da, nahiz eta hura eraikitzeko proiektuak San Mames Barria daukan izena.

Datozen hilabeteetan estalkia eta kanpoko aldeko azala jarriko dizkiote zelaiari. Estalkia edo sabaia geruza biko 480 kuxinek osatuko dute. 22.000 metro koadroko eremua osatuko dute. Horien bitartez, eraikinaren parte diren zazpi eremuetara argitasuna sartuko da. Hala, San Mames berriak Municheko Allianz estadioaren antza izango du, futbol zelai hartan oinarritu baitira.

Zelaia datorren urterako bukatuko dute, baina aurten hasiko dira erabiltzen, hiru laurdenak eraikita daudela. 53.332 ikuslerentzako lekua izango du; San Mames zaharrak baino 13.000 gehiagorentzat. 2010eko ekainaren 25ean hasi ziren Cesar Azkarate arkitektoak diseinatutako azpiegitura jasotzen.

Athleticek erakunde publikoen laguntza ekonomikoa dauka eraikuntza lanetarako. 55 milioi jarri ditu Eusko Jaurlaritzak, beste horrenbeste Bizkaiko Foru Aldundiak eta 11 milioi Bilboko Udalak. Kutxabankek 55 milioiko ekarpena egin dio proiektuari, eta futbol taldeak berak 42 milioi jarri ditu. Laguntza publiko horren truke, besteak beste, bilbotarrentzako kiroldegi bat ere izango du zelai berriak, igerileku eta guzti. Atletismo modulu bat ere izango du: 60 metroko luzera duen pista eta bestelako probetarako azpiegiturekin.