Antzerkizaleen topagune

Mungialdeko Antzerkizaleen Elkartea lehendabiziko urratsak egiten hasi da. Apurka-apurka, pausoz-pauso ibilbidea hasi du elkarteak. Urte askotako proiektua egitasmo jakin batean gauzatzea lortu dute elkartearen sortzaileek. “Aspalditik egon da batzuon buruan proiektu hau aurrera ateratzeko asmoa”, adierazi du Mila Goikoetxea elkarteko kideak.

Eskualdean dagoen antzerkizaletasunaren isla da Mungian urtero ospatzen duten Lore Jokoen jaia. Urtetik urtera herritar gehiagok parte hartzen dute herri antzezpenean. “Arrakastatsua izaten da; herri guztiak parte hartzen du”, nabarmendu du Nagore Urrutiak. Lore Jokoan antolatzen hasi aurretik beste bi herri antzerki “arrakastatsu” egin zituzten. 2001ean, Elizatea eta Uria egin zuten, eta, ondoren, 2005ean , Lauaxetaren omenezkoa. Bietan 150 lagun inguru aritu ziren antzezten. Ekintza horien aurretik ere, antzerki ikastaroak antolatu izan dira Mungia aldean. “1980.urtean egin zen lehenengo antzerki ikastaroa; hamarkada bat geroago, bi urteko ikastaroa egin genuen. Horrez gain, elkartea sortzeko batzarrak ere egin genituen 2004an eta 2007an”, gogorarazi du Goikoetxeak.

Hala, 2007an Mungiako kultur etxekoen laguntzaz, urte osoko ikastaro bat antolatu zuten, eta Zer dan beste antzezlana jendaurrean aurkeztu zuten. “Ordutik ez gara gelditu. Urtero antzerki lan bat prestatzen dugu, eta, ikasturte amaieran, ekainean, Oralde aretoan aurkezten dugu”. Jon Kepa Zumalde eta Ikerne Goikoetxea izan dituzte irakasle, eta haien laguntza asko eskertzen dutela azpimarratu dute elkarteko kideek. Bestalde, 2011n Antzerkizale Eguna antolatu zuten Mungian. “Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteko Josu Kamarak aipatu zigun Mungian egin nahi zutela. Antolakuntza lanetan laguntzeaz gain, musikal baten zati bat antzeztu genuen herriko kaleetan”.

Elkarte moduan hainbat ekimen egiteko asmoa dute. Esaterako, ikastaroak antolatu nahi dituzte, film laburrak egin, egun jakinetarako antzezlanak prestatu eta eskoletara hurbildu. “Baditugu zenbait ideia, eta datozen asteotan gorpuztuz joango gara. Kontalarien inguruan zerbait egin nahi dugu, ahoskera lantzeko ikastaro bat antolatu, inauterietako zerbait prestatu…” .

‘Casting’-a

Iazko urrian eratu zen elkartea, eta, oraingoz, 33 kide dira. “Edonork eman dezake izena, eta espero dugu jendea animatzea”, dio Begoña Gezuragak. Hain zuzen ere, partaide berriak erakarri nahian, abenduaren 28an casting bat antolatu zuten Mungian. Hura izan da, MAE moduan egin duten lehen ekintza.

Urrutiak azaldu duenez, oso esperientzia ona izan zen. Andra Mari karpan jarri zuten hitzordua, 18:00etan. Aurretik, herrietan kartelak ipini zituzten casting-aren berri emanez. Film labur bat egiteko izango zela iragarri zuten, baina elkartea ezagutarazteko eta interesa dutenak erakartzeko “amua” izan zen. “Jendeak sano ondo hartu zuen, giro ona sortu zen, eta pozik gaude”. 15 lagun inguru aurkeztu ziren, gehienak gazteak. Benetako balitz legez, bost minutuko aurkezpena eta biren artean elkarrizketa bat inprobisatu behar zuten. “Kamera, mikrofonoa, argiztapena, zuzendaria eta epaimahaia ere bazegoen”.

Ekimenare amaieran azaldu zieten zein zen deialdi haren benetako arrazoia. “Esan genien ez genekiela beraiengana zelan hurbildu eta benetako interesa duen jendea erakartzeko egin zutela. Izan ere, horrelako ekintza batera doana benetako interesa duelako doa”. Elkartearen nolabaiteko aurkezpena izan zen hura. “Aurkezpena eta antzezpena biak; gu antzezleak ginen eta haiek ikusleak”, zehaztu dute.