Berdintasunaren aldeko pauso zehatzak Lea ibarrean

Berdintasuna errealitate bihurtzeko bidean jarduera eta pauso errealak eta zehatzak eman behar direla iritzita, Lea Ibarreko Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako lehenengo plana aurkeztu berri du bertako mankomunitateak. Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexa herriek parte hartu dute plan horretan.

Iaz ekin zioten lanari. “Uste genuen emakumeek baserriko eta zaintzaile lanak egiten zituztela, gehienbat; erabat nekarazteko lanak, hain zuzen”, jakinarazi du Izaskun Lezea gizarte langileak. Uste horiek, baina, hipotesi hutsak ziren edo errealitatea ziren aztertu behar zutela iritzita, diagnosia egin zuten, emaitzak eskuan, egoera hori aldatzeko “bidea egiten hasi ahal izateko”.

Eta hainbat ondorio atera zituzten. Besteak beste, “zaharren artean ikuspuntu matxista” nagusitzen zela ikusi zuten: “Ez zuten ulertzen berdintasunaren alorra landu beharra. Udal administrazioan ere ikuspuntu hori ez zela jasotzen ikusi genuen”, adierazi du Lezeak. Hala ere, gehien gazteen jarrerak harritu zituen. Hain zuzen, jabetu ziren kulturalki gizonezkoei dagozkien jarduerak gizonezkoentzat antolatzen zituztela eta emakumezkoei dagozkienak emakumezkoentzat. Beraz, ez zuten zalantzarik izan landu beharreko alorra zela berdintasuna.

Herri guztietako elkarteekin harremanetan jarri ostean, emaitza oso positiboa izan dela deritzo Lezeak: “Elkarte guztiek parte hartu dute, eta arlo politikoan ere konpromisoa sortu da”.

Programa garatzeko sistemari dagokionez, hainbat elkartetako ordezkariek eta zinegotzi batzuek osatuko duten taldea eratuko dute. “Aurrerantzean udalek zein herrian bertan antolatzen dituzten jardueretan berdintasunaren alorra bermatzea izango dugu helburu”, azaldu du. “Esaterako, udalen batean etxez etxeko zerbitzurako pertsona bat behar denean, beti emakumea izan beharrean, gizon bat jarriko dugu; edo, brigada taldeetan, emakumeak sartu”. Kirol jarduerei dagokienez ere, adibidez, emakumeek ere parte hartuko duten jarduerak antolatzea dute helburu.

Planaren ardatz nagusien artean emakumearen autonomia pertsonala eta balioak aldatzea dago; baita baliabide ekonomikoak eta sozialak lortzea eta kontrolatzea ere. Erantzukidetasuna eta zaintzaren etika sustatu gura dituzte, eta emakumeek aisialdiaz gozatzea eta autonomia eta independentzia ekonomikoa lortzera bideratutako denbora handitzea. Bestalde, kontziliazioaren erantzukizuna aldatu nahi dute. Horrez gain, indarkeriarik gabeko portaera ereduak bultzatu eta portaera bortitzen prebentzioa hobetu nahi dute.

Gizonen eta emakumeen lana

Helburu horiek guztiak lortzeko bidean beharrezkotzat dute “gizonen eta emakumeen, bien inplikazioa” izatea. Gazteetan bereziki garrantzitsua ikusten dute ideia hori. “Ikusi dugu gazteak direla gehienbat inplikatu beharrekoak. Gainerakoan, pentsatuko zuten: ‘Hemen datoz beste behin ere emakumeak euren aldarrikapenekin’. Gai hau garrantzitsua dela eurak euren kabuz konturatzea nahi genuen. Eta elkarte askotan eskertu egin digute, eta ulertu dute hala izan behar duela”. Inplikazioa eta kontzientziazioa lortu nahi dituzte.

Plana 2013. urtean hasi eta 2016ra arte garatuko dute. Urtero balorazioak egingo dituzte: “Urtea bukatzen denean aztertu egingo dugu aurten zer landu dugun, zelan, eta hurrengo urterako plana eratuko da. Hala ere, urte osoak ez ditugu jarraipenik egin gabe utzi nahi. Beraz, hiru hilean behin taldeekin elkartu eta plana zelan doan aztertzea pentsatu dugu. Gainerakoan, jarraipenik egin gabe, plana bertan behera gera daitekeen arriskua ikusten dugu”. Argi dutena da berdintasunaren alorrean “jendearen parte hartzea derrigorrezkoa” dela. “Herri mailako dinamika bat ez bada sortzen, ez dago zer eginik”.