Herritarren antzokia

Herritarren antzokia

Ibai Maruri Bilbao

Bilboko burgesiaren ekimenez eraiki zuten. 1885ean eratu zuten horretarako sozietate anonimoa. Baina lursaila Bilboko Udalarena zen. “Udalak baldintza bat ipini zien: sarrera ordain zezakeen edonor sartu ahal izango zen antzokira, burgesiako kide izan edo ez. Bilbotar guztien antzokia izan da hasieratik, eta, seguruenik, horregatik dugu gaur egun Arriaga antzoki hau”, azaldu du Naia Ostaikoetxeak. Gidari lanak egiten ditu antzokiko bisitetan. Asteburuetan ezagutu daiteke, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez, aurrez izena emanda.

Ikusgarria da kanpotik eta barrutik. Bonboi kutxa ezizena du, itxura hori duelako. Barruko aldean duen luxua azpimarratu du Ostaikoetxeak: “XIX. mendeko burgesiaren parte sentitu zaitezke”. Hala ere, gaur egungo antzokia eta estreinatu zirena ez dira bera: 1914ko abenduaren 22an, San Tomas azoka ospatu osteko goizaldean, sute batek suntsitu zuen. Sarreran hasten dute bisita gidatua, eta han, besteak beste, zutabeetan ipintzen du arreta Ostaikoetxeak: “Sutean zutabeak salbatu ziren, eta, horri esker, jatorrizko egiturari eutsi zitzaion berreraiki zenean”.

1890eko maiatzaren 31n inauguratu zuten Arriaga antzokia. Hasieran, Bilboko Antzoki Berria zuen izena, lehenago Areatzan zegoenaren lekukoa hartu zuelako. Arriaga Maisuaren plazan zegoen berria. “Hasieran ez zuten izenarekin arazorik, baina Bilbon antzoki berriagoak eraiki ahala, ez zekiten nola bereizi. Beraz, honi Arriaga Maisuaren plazako antzokia esaten hasi ziren, eta horrela hartu zuen, azkenean, Arriaga izena”. 1902an egin zuten ofizial izen berria.

Bizitza labur baina oparoa

Antzokiko eskailera nagusian, beheko solairutik lehenengora bitartean dagoen atsedenlekuan dago Juan Crisostomo Arriagaren bustoa. Eta han azaltzen du Ostaikoetxeak nor izan zen 1806an Bilboko Zazpikaleetan jaiotako musikari eta konpositore ezaguna: “Bizitza laburra baina oparoa izan zuen; musikari trebea izan zen. 5 urterekin, biolina jotzen zuen. 11 urterekin, abestiak sortzen zituen. 15 urterekin, Parisko kontserbatorioan hasi zen. 18 urterekin, irakasle hasi zen han. 20 urterekin hil zen, tuberkulosiak jota”. Beraz, ez zuen ezagutu bere izena duen antzokia.

Arriaga antzokia

Lehen solairuan foyerra dago. Han egiten dira prentsaurrekoak, han egiten dute berba Olentzerok eta Mari Domingik umeekin, eta handik irteten da Marijaia balkoira Aste Nagusiari hasiera emateko. “Atsedenaldietan, ikusleak hona etortzen dira, hemen sofak dituztelako eserita egoteko, eta taberna ere hemen dagoelako”. Areto isabeldarra ere lehen solairuan dago. Egun, antzokiaren argazki historikoen bilduma bat ikus daiteke, eta han kontatzen du Ostaikoetxeak historia: inaugurazioa eta sutea ez ezik, 1983ko uriolak ere mugarriak dira.

Bigarren solairuan, besaulki patioa dago. Agertokira ere igo daiteke bisitan. 1.500 bat eserleku daude, baina gidariak zehaztu du ez direla denak jartzen salgai: 1.000-1.200 izaten dira. “Batzuk erreserbatuta daude Bilboko udal langileentzat, ikuskizunean dabiltzan langileentzat, gurpil aulkian daudenentzat, eta hirugarren solairuan ohorezko palkoa dago. Bosgarren solairuan ere badaude batzuk saldu ezin direnak, handik antzezlanak ez direlako ikusten”. Agertokiaren gainean, arkua dago: besteak beste, irekiera urtea dauka idatzita, eta Miguel de Cervantesen eta Dante Alighieriren irudiak daude. Aretoak, sabaian, fresko alegoriko eder bat dauka margotuta.

Jantzien gela ere bigarren pisuan dago. Denak dira Arriagak egindakoak, berak ekoitzitako obretarako. “Erdikoa garrantzitsua da antzokiarentzat: Marisa Paredes aktoreak erabili zuen Hamlet, Danimarkako printzea obran, Danimarkako erregina antzeztu zuenean. Soineko alderantzikagarria da, eta hiru koloretan ikus daiteke obran zehar”. Jantzi guztiek dute testuingurua azaltzen duen testu bana.

Hirugarren solairuan, Orient Express gela dago, ohorezko palkokoek atseden hartzeko. Gidariak kontatu duenez, Espainiako errege-erreginen palkoa da; Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Espainiako Gobernuko presidentea doazenean ere han esertzen dira. Bilboko alkatea, ostera, udal langileen eserlekuetan egoten da. “Gutxi etortzen direnez, palkoa eta Orient Express gela itxita egoten dira”. Han amaitzen da bisita. “Batzuek backstage-a ere ikusi nahi izaten dute, baina ezin da”.