Mikel Garcia Martikorena
Zallako udaletxean dauden lorategiek eginbehar berezia izango dute asteburuan: sukalde bihurtuko dira. Izan ere, Enkarterri Fest jaialdi gastronomikoa egingo da han. Jaialdia zortzi aldiz egin dute sortu zenetik, 2013tik, eta hasieratik “sukaldaritza artea izan daitekeela frogatu” nahi dutela esan dute antolatzaileek. Horretarako, dastaketa gidatuak, haurrentzako tailerrak eta showcooking saioak antolatu dituzte —errezeta ikastaroak sukaldari profesionalekin—. Horrekin batera, zuzeneko musika izango da, pintxo dastaketa Zallako tabernetan, eta jai giro “bikaina”, Unai Diago alkateak dioenez.
“Zallako tipula morea goraipatzeko egunak dira”, esan du alkateak. “Jaialdia tipularen inguruan” sortu zela gogoratu du. Hala ere, beste bi helburu azpimarratu ditu Diagok. Alde batetik, jaki askotarikoak Enkarterrira ekartzea, “munduko beste zapore eta eremuak” hurbiltzeko. Urtero eskualde bat gonbidatzen dute jaialdira, postu bat eman eta Zallara agertutakoei hango gastronomia ezagutarazteko. Aurten, Penedes (Herrialde Katalanak) ekarriko dute Enkarterrira. Zallako alkatearen iritziz, munduko eskualderen bat urtero gonbidatzea “onuragarria da oso”: “Enkarterrik munduan zehar loturak eta harremanak eraikitzeko balio du jaialdiak”.
Bestalde, ehunka kilometrora dauden eskualdeez gain, gertuago dagoen beste hiri bat hurbildu nahi dute Zallara: Bilbo. “Bilbotarren buruan, Enkarterri oso urrun dago. Beste harreman bat izan nahi dugu haiekin. Bilbon ikus dezatela hemen ere ekintza asko egiten direla”, azaldu du Diagok. Hori dela eta, doako autobusak ipiniko dituzte Bizkaiko hiriburutik. Alkateak gehitu duenez, Renferekin akordio bat egin dute tren zerbitzua indartzeko.
Turismoa erakartzeko aitzakia ere bada ekitaldia, eta, bisitarien eragina herri osoan nabaritzeko, Zallako tabernek lekua dute jaialdian: zortzi tabernak pintxo “esklusibo” bana diseinatu dute asteburua ospatzeko.
Tipularen enbaxadorea
Eskualdeak ez dira Zallara gonbidatutako bakarrak. Urtero legez, herriko tipula morearen enbaxadore izendatuko dute sukaldari ospetsu bat. Aurten, Txema Llamosas. Iaz, Aitor Elizegi Athleticeko lehendakari izandako sukaldariari egokitu zitzaion izendapena. “Zallako tipula morea mapan jartzen dute enbaxadoreek, beren plateretan erabiltzen baitute”, azaldu du Diagok.
Plater horiek eta beste hainbat nola egin ikasteko aukera egongo da asteburuan Zallako udaletxeko lorategietan, haurrentzako eta helduentzako tailerrei esker. Txokolatezko moussea, sushia, pizza calzone-a eta karolinak kozinatuko dituzte bertaratutakoek, besteak beste.
Diago alkateak argi du zer den gastronomia ardatz duen asteburu honen onena: giroa. Sukaldari “bikainekin” batera kozinatzen ikastea eta pintxo “bikainak” jatea “ondo” dagoela esan du, baina uste du giroak ematen diola “xarma” jaialdiari: “Aparteko festa da. Zallarrok data gordeta daukagu urtero. Familiarekin eta lagunekin egoteko aukera bikaina da, eta oso gustura egoten gara lorategietan”.